Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Biharamuna. Laura Garrido. PPko legebiltzarkidea

«Erabakigarriak izan gaitezke datorren legealdian»

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Azken 36 urteetan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortu duen boto kopururik txikiena jaso du PPk joan den igandean. Hala ere, emaitzarekin gustura agertu da Laura Garrido. Beste lau urtez Gasteizen legebiltzarkide izango da, eta Alderdi Popularra indar «erabakigarria» izan daitekeela adierazi du.

Zer irizten diezue emaitzei?

Pozik gaude. Jokalekua ez zen erraza, indar berri bat sartzekoa zelako legebiltzarrean. Eskaini dugun proiektu moderatu eta errealistak babesa jaso du.

Bosgarren indarra da PP, ordezkari bat gutxiagorekin, eta, 2001. urteaz geroztik, ezin izan duzue eten hauteskunde autonomikoetako boto galera. Hala ere, emaitza ona da?

Bai. Etorkizunean, izugarrizko lana egin behar dugu, baina gure proiektua sendoa da. Indar garrantzitsua izango gara, eta erabakigarriak izan gaitezke legealdian. Bestalde, PSOEren beherakada azpimarratuko nuke. Zazpi eserleku galdu ditu, eta guk, aldiz, bakarra. Boto asko gugana etorri da, abertzaleen alternatiba PP dela ulertu delako.

PP indar erabakigarria izango dela diozu. Zein rol jokatu dezake legebiltzar berrian?

Orain hasiko dira alderdien arteko elkarrizketak. Argi dugu zein diren gure lehentasunak; herritarrek dituzten arazoak: enplegua sustatzea, hazkunde ekonomikoa, gure enpresak lehiakorrak izatea, gizarte politikak... Beste indar batzuk ere lehentasun horiek badituzte, akordiotarako aukerak egongo dira; baina beste lehentasun batzuk baldin badituzte, bereziki EAJk, zaila izango da akordioak lortzea.

Jaso duzuen babesa oso desberdina izan da herrialdetik herrialdera. Araban bost legebiltzarkideri eutsi diezue, baina Gipuzkoan eta Bizkaian galera nabarmena izan da.

Oro har mantendu egin gara. Nik azpimarratuko nuke Araban bigarren indarra izan garela, eta Gipuzkoan ere genituen ordezkariei eutsi diegu. Egia da Bizkaian eserleku bat galdu dugula, baina EAJren emaitza oso onak izan dira lurralde horretan, eta Elkarrekin Podemos ere sartu da legebiltzarrean. Hurrengo urteetan gure esparrua zabaltzea izango da helburua.

Ciudadanosek ez du eserlekurik lortu, baina 21.000 boto jaso ditu. Horrek kalte egin dizue?

Jarraituko dugu azpimarratzen Ciudadanos edo beste alderdi batzuen alde bozkatzeak ez duela zentzurik, ez dutelako eserlekurik lortzen, eta boto erabilgarria PPri emandakoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.