Erakunde bakoitzak bere hizkuntza eskakizuna ezartzea hobetsi du Jaurlaritzak

EAJren proposamena aintzat hartu dute, eta PSEko bost kontseilariak abstenitu egin dira. EH Bildurena, berriz, baztertu egin dute; hots, euskara «nahitaezkoa» izatea lanpostu publiko guztietarako.

Ubarretxena eta Torres, gaur, gobernu bileraren osteko agerraldian. L. RICO / EFE
Ubarretxena eta Torres, gaur, gobernu bileraren osteko agerraldian. L. RICO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko uztailaren 28a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako EAJren sailburuek aintzat hartu dute EAJk hizkuntza eskakizunei buruz egindako proposamena, eta EH Bildurena baztertu. EAJk proposatu zuen, hain justu, erakunde bakoitzak erabaki ahal izatea zein izango den bere hizkuntza politika, egoera soziolinguistikoaren arabera eta «proportzionaltasun printzipioa aintzat hartuta». EH Bilduk, berriz, honako hau proposatu zuen: euskara nahitaezko hizkuntza eskakizuna izatea lanpostu publiko guztietarako, eta bi hizkuntza ofizialak ezagutzea irizpide orokorra izatea enplegu publikorako sarbidean. Jaurlaritzak atzera bota du proposamen hori. Are gehiago, PSE-EEko bost kontseilariek EH Bilduren proposamena baztertu, eta abstenitu egin dira EAJrenari buruz bozkatzean.

Irakurketa juridikoa egin du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak erabaki hori azaltzerakoan. Azaldu du «ekarpen zehatz» baten alde egin dutela, Enplegu Publikoaren Legearen 187. artikuluari erreferentzia eginda, eta atal bat gehitzea proposatzen dutela «erakunde bakoitzaren autonomia indartzeko». Hala, erakundeen esku geratuko litzateke «planifikazio linguistikoa egokitzea, erakunde bakoitzaren errealitate soziolinguistikoaren eta funtzionalaren arabera».

Ubarretxenaren hitzetan, EH Bildurena baztertu dute besteak beste «segurtasun juridikoa» falta duelako. Gainera, uste du «proportzionaltasuna» falta duela eta jurisprudentziak hori eskatzen duela etengabe. Dena den, Jaurlaritzaren irizpidea ez da loteslea, eta legebiltzarrean egin beharko du bidea.

EH Bildu, prozeduraz kexu

EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak ziurtatu du komunikabideen bidez izan dutela Jaurlaritzaren iritziaren berri, eta gero jakin dutela Ubarretxenak prentsaren aurrean hitz egin duela: «Printzipioz, ez zait batere egokia iruditu». Moduak ez ezik, edukia ere aipatu du. Ez zaizkio balekoak iruditu EH Bilduren proposamena bazter lagatzeko emandako arrazoiak: «Uste dut gainetik irakurri ditudan balorazio juridikoek ez daukatela ez oinarririk ez sakontasunik».

Dena dela, eztabaidarako prest agertu da, eta Eusko Legebiltzarrean bi proposamenak —EAJrena eta EH Bildurena— aztertzearen alde egin du: «Nire ustez, bi lege proposamenei bide eman beharko genieke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.