Bilboko udaletxeko kanpaiak 12:00ak zirela adierazten ari zirenean irten dira udaletxetik ordezkari politikoak, Juan Maria Aburto alkatea buru zela, gaur Bilbon izandako hilketa matxista gaitzesteko. Bost minutuko elkarretaratze isila egin dute udaletxeko eskaileretan. Bilboko udal talde politiko guztiez gain, bestelako ordezkari politikoak ere egon dira elkarretaratzean: Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburu Nerea Melgosa, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaria, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta eta abar. Espainiako Memoria Demokratikorako estatu idazkari Fernando Martinezek ere parte hartu du protestan, Euskal Herrian bisita ofizialean zegoela aprobetxatuta.
Txalo sorta luze batekin amaitu dute ekitaldia, eta, gero egindako adierazpenetan, ordezkari politiko gehienek nabarmendu dute Bilbon izandako hilketaren sorburuan «matxismoa» dagoela. Aburtok gogor gaitzetsi du «indarkeria matxistaren azken adierazpena». Esan duenez, jarraitu behar da «berdintasunaren kultura indartzen, etxeetan, eskoletan eta kaleetan, berdintasuna denon ardura delako». Berretsi du Bilboko udal zerbitzuek eta Udaltzaingoak ez zutela familia honen inguruko inolako arazoren berri, eta indarkeria kasuak salatzeko beharra azpimarratu du: «Salaketa baldin badago, izango gara zerbait egiteko gai, baina salaketarik ezean oso zaila da esku hartzea». Indarkeria matxista pairatzen ari diren emakume guztiak gomutan hartu ditu: «Nahiko nuke hemen entzun diren txalo hotsak haientzat arnasa izatea».
Elgarrestak esan duenez, dauden datuen arabera, «indarkeria matxistako» kasu bat izan da, «eta, zehazki, biolentzia bikariokoa». Azaldu duenez, horrelakoak gertatzen direnean, gizarteak galdetzen du zer dagoen hilketa horien atzean. «Guk argi erantzun behar dugu: honen arrazoia matxismoa da, eta egiturazko arazo bat da». Salaketa eta prebentzio lanetan jarraitzeko beharra nabarmendu du: «Horretarako, komunitatea erakundeen ondoan egotea behar dugu».
Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako foru diputatua hunkituta agertu da hedabideen aurrean; esan duenez, hildako neskatoaren ama ezagutzen du lehenagotik ere. Indarkeria bikarioaren ankerkeria nabarmendu du: «Amari seme-alaba hiltzen diotenean, emakumea ere hiltzen dute bizitza osorako, bizirik irten arren». Esan duenez, emakumeak gutxiesteko eta mespretxatzeko jarrerak dira hilketa matxisten «lehenengo urratsa», eta horren kontra borrokatzera deitu du gizartea.
Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordea ere elkarretaratzean egon da. Ez du auziari buruzko datu berririk eman: esan duenez, «itxura guztien arabera», aitak alaba hil du, eta geroago bere buruaz beste egin du. Ama ere zaurituta dago Basurtuko ospitalean, baina «arriskutik kanpo».
«Aldaera krudelena»
Albistea plazaratu denetik, arrapaladan iritsi dira ordezkari politikoen eta erakundeen gaitzespen adierazpenak. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere txarretsi egin du hilketa, eta indarkeria bikarioaren izaera lazgarrian egin du azpimarra. «Zantzu guztien arabera, indarkeria bikarioko kasu bat izango da hau: indarkeria matxistaren aldaera krudelena eta izugarriena», esan du. Lehendakariak elkartasuna erakutsi die biktimaren senideei eta hurbilekoei: «Une mingarri hauetan, nire babes osoa eta Eusko Jaurlaritzarena helarazi nahi diet. Espero dezagun ikerketak gertatutakoa argitzea, zorrotz eta errespetu osoz».
EAJren Euskadi Buru Batzarreko idazkari Maitane Ipiñazarrek ere babesa adierazi dio 13 urteko neskaren amari, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean. «Halako kasuetan, ez dago hitzik sentitzen duguna adierazteko. Esaten eta egiten den oro ez da nahikoa izango», esan du. Ipiñazarrek gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak duela bi urte onartutako Berdintasun Legearen erreformak propio aipatzen dituela indarkeria bikarioko kasuak «indarkeria matxistako kasu gisa».
EH Bilduk ere «irmoki» salatu du gertatutakoa. Babesa adierazi die biktimaren amari, senideei eta gertukoei, eta erakunde publikoei eskatu die «bitarteko guztiak» jar ditzatela haien esku. Pello Otxandianok ohar bidez adierazi du Bilboko hilketa matxistak agerian uzten duela «genero indarkeriaren eta indarkeria bikarioaren aurpegirik gordinena».
Koalizio subiranistaren ordezkariak iragarri du, halaber, mugimendu feministak antolatutako protestekin bat eginen duela, eta herritarrei dei egin die «gertakari honen aurka irmotasunez kaleak hartzera».