43 urteko gizon batek 13 urteko alaba hil du, eta, ondoren, bere buruaz beste egin du, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera. Goizaldean izan da, familiaren etxebizitzan, Larraskitu auzoan.
Zenbait berri agentziak jakinarazi dutenez, adingabearen gurasoek eztabaida bortitza izan dute goizaldean, eta amak etxetik ihes egin du. Emakumeak Udaltzaingoari deitu dio, alabaren bizia arriskuan zegoela ikusita. Poliziak etxebizitzara sartu direnean, adingabearen hilotza aurkitu dute, maindire artean estalita, eta aita komunean, hark ere labana zauriak zituela. Ama Basurtuko ospitalera eraman dute, zaurituta.
Goizeko 04:50 aldera izan da. Ertzaintza ikertzen ari da indarkeria bikarioa ote den. 2003. urteaz geroztik hamahiru adingabe hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian indarkeria bikarioa erabiliz.
«Amorrua, nazka eta nekea»
Erailketa salatzeko, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ohar bidez dei egin du Euskal Herrian barrena antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Gaur bertan, mugimendu feministak hainbat protestara deitu du. Bilboko elkarretaratzea Errekaldeko plazan egin dute arratsaldean. Adin diferenteetako herritarrek bete dute plaza, eta Nahikoa da, Nazkatuta gaude eta Erasorik ez lelodun kartelak eutsi dituzte.
Plazan dagoen eszenatokian bi pankarta zabaldu dituzte. Euskal Herriko Mundu Martxaren izenean bata: Aski da! Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista!. Eta auzo elkarte mugimenduaren, Errekaldeberriz-en eta Zutitzen Errekaldeko Emakumeen Elkartearen izenean bestea: Eraso gehiagorik ez!. Txalo zaparradarekin erantzuten dute bertaratutakoek.
Zutitzen elkarteko bi emakumek irakurri dute adierazpena. Herritarrei eskerrak eman dizkiete bertaratzeagatik, eta aitortu dute «hunkigarria» dela auzoaren erantzuna ikustea. Euren «amorrua, nazka eta nekea» erakutsi nahi izan dituzte «krimen matxistarengatik», baita asteazkenean Fango kiroldegitik gertu emakume batek jasandako sexu erasoarengatik. Era berean, erasoak jasan dituzten emakumeei helarazi diete euren laguntza eta babesa izango dituztela: «Jakin dezatela ez daudela bakarrik».
Euren «gaitzespena» ere adierazi dute elkarteko kideek: «Ez dugu portaera matxistarik onartu behar ez gure inguruan, ez gure etxeetan, ez inon». Azpimarratu dute berdintasunean, feminismoan eta tratu onean hezi beharra dagoela. Horrez gain, norbaitek jokabide matxista bat duenean, beharrezkotzat jo dute «eskandalatzea eta portaera horiek ikusaraztea». «Ez dugu konplize izan behar». Portaera horiek ikusaraztea, baina, ezin da bakarrik mugimendu feministaren lana izan. «Zuen laguntza behar dugu», azpimarratu dute. Izan ere, gonbidapena egin diete herritarrei, auzoko eta inguruko kolektibo eta espazio feministetan parte hartzera, «borroka feminista inoiz baino beharrezkoagoa baita».
Elkarretaratzea ez dute isiltasun minutu batekin amaitu nahi izan. Hori dela eta, Vivir Quintana musikariaren Sin miedo abestiaren letra banatu dute jendearen artean, eta hori kantatu dute denek batera. Txalo zaparradarekin eta Erasorik ez erantzunik gabe! oihukatuz borobildu dute protesta.
Bihar ere protestak eginen dituzte, Euskal Herriko Mundu Martxak deituta: Donostiako Bulebarrean, adibidez, 18:00etan eginen dute kontzentrazioa. Astelehenean, berriz, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan elkartuko dira, 19:00etan eta Iruñean 20:00etan, Udaletxe plazan.
Protokoloa aktibatuta
Euskal Herriko Mundu Martxaren oharra ere irakurri dute Errekalden, herritarrek jakin dezaten gertatutakoa ez zela kasu bakan bat: «Heteropatriarkatu sisteman kokatzen dugu bortizkeria hau guztia».
Hain zuzen, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak goizean jakinarazi du erailketa matxisten kontrako protokoloa aktibatu dutela, eta elkartasun osoa adierazi diete senideei, lagunei eta gertukoei. Erantzukizuna exijitu dute: «Prest gaude erantzuteko eta Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren hilketa matxista guztiak salatzeko. Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean dagokien ardura har dezatela eskatzeko eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki».
Nabarmendu dute ez dela hilketa isolatu bat, sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria baizik: «Oraingoan adin txikiko neska baten erailketaz ari gara, eta horrek bereziki larria egiten du kasu hau. Zalantzarik ez dugu, biolentzia bikarioa ere indarkeria matxista da». Are, jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakaritzat jo dute, eta gogoratu indarkeria matxista egiturazkoa dela eta bizitzako esparru guztietan gertatzen dela: «Ez da eremu pertsonal edo pribatukoa, edo bi pertsonen artekoa, ezta 'gaixo' batzuek egindako zerbait ere; sistema patriarkalak emakumeak* eta sexu-genero disidenteak menpean izateko moduetako bat da».
Indarkeria matxistari aurre egiteko «premiazko mekanismoak» behar direla adierazi dute, eta, hortaz, bortizkeria hori «lehen mailako arazo sozial eta politikotzat» hartu dezatela. «Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har ditzatela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!», borobildu dute. Autodefentsa feministaz baliatzeko deia egin dute, sinetsita daudelako hori dela, antolakuntzarekin batera, tresnarik eraginkorrena: «Lotsa eta beldurra aldez aldatzen hasi dira, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!».
«Urgentziazko auzia»
Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ere hilketa gaitzetsi, eta eraildakoaren senideei eta gertukoei beren babesa adierazi die; hainbat kontzentrazio egin dituzte, hala nola Gasteizen. Bihar ere elkarretaratzeak eginen dituztela adierazi dute, 12:30ean Iruñeko Udaletxe plazan, adibidez. Adierazi dutenez, erailketak egiturazkoa den jarrera eta bortizkeria matxistari erantzuten dio, zeinak egunero «milioika emakumeri sufrimendua eta zapalkuntza forma ezberdinak eragiten dizkion». «Gainera, kasu honetan, gizonak alaba erail du, amari (bere bikotekideari) bizi osorako sufrimendua eta mina eragiteko».

Hortaz, antolakundearendako «urgentziazko auzia» da indarkeria matxistari aurre egin eta horren aurka antolatzea. «Bide horretan, hain zuzen, beharrezkoa da: batetik, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak babestea eta defendatzea, indarkeria egoeratik alde egiteko baldintzak sortuz. Bestetik, erasotzaile eta eraso ororen aurka irmo eta eraginkor erantzun behar dugu, eraso bakar bat ere ez dadila inpunitate osoz gauzatu», gehitu dute.
Finean, indarkeria matxistaren kontrako «kontzientzia lana eta borrokak» indartzearen garrantzia nabarmendu dute.
Instituzioak
Bilboko Udalak protesta isila antolatu du hilketa salatzeko. Eguerdian egin dute elkarretaratzea, udaletxearen kanpoaldeko eskaileretan, eta bost minutuko isilunea egin dute. Bilboko udal talde politiko guztiez gain, bestelako ordezkari politikoak ere egon dira elkarretaratzean. Besteak beste, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak elkarretaratzean parte hartu du. Esan duenez, dauden datuen arabera, «indarkeria matxistako» kasu bat izan zen atzokoa, «eta, zehazki, biolentzia bikariokoa». Azaldu duenez, horrelakoak gertatzen direnean, gizartean galdera bat zabaltzen da, ea zer ote dagoen hilketa horien atzean. «Guk argi erantzun behar dugu: honen arrazoia matxismoa da, eta egiturazko arazo bat da».
Albistea jakin zenetik arrapaladan iritsi ziren beste hainbat ordezkari politikoren eta erakunderen gaitzespen adierazpenak.