Muruetako ontziolaren jarduna geldiarazteko lanean jarraitzen du oraindik ere Guggenheim Urdaibai Stop plataformak, eta kezka pizten dio Busturialderako garapen ereduak ere, baina ospakizunerako tarte bat hartu du gaur Gernika-Lumon (Bizkaia). Bilboko Guggenheim museoko patronatuak abenduan erabaki zuen Urdaibairako zuen proiektua bertan behera uztea, eta jakinarazpenaren berri izan eta hurrengo egunean bertan egin zuten festarako deia. Goizetik arratsaldera festa giroan murgildu dute gaur herria, baina borrokan jarraitzeko deia zabaldu ere bai. Esate baterako, goizeko hitzaldian trantsizio ekosozialaz pentsatzeko beharra nabarmendu dute Mirene Begiristain EHUko irakasle eta agroekologia arloko ikerlariak eta Martin Lallana LAB sindikatuko trantsizio ekosozialeko arduradunak.
Krisi ekologiko globalari buruzko datuak aztertzen hasi, eta Busturialdeko biztanleriaren adina eta mugitzeko beharrak kontuan hartzen dituzten proposamen zehatzak egiten amaitu dute hizlaria adituek. Ikuspegirik makroenetik hasi eta esparrurik mikroeneraino. Begiristainek gogoratu duenez, bederatzi dira Lur planetako sistemaren egonkortasuna kalkulatzeko baliatu ohi diren «muga planetarioak», eta, aipatu duenez, horietako zazpi jada gaindituta daude. «Egoera larrian gaude». Eta, horregatik, ezinbestekoa da egungoaz bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat bultzatzea.
«Eraldaketa ekosozialerako ezinbestekoa da burujabetza handiagoa izatea: politikan, baina baita energiaren eta elikaduraren arloan ere»
MARTIN LALLANA LAB sindikatuko kidea
Horretarako desazkunde planifikatu eta justu bat behar dela aipatu du Lallanak, adibidez. Eta zaintza eta ekoizpen ereduak eraldatu beharko direla ere bai. Haren hitzetan, langile klaseak gidatu beharko du prozesu hori, eta ezinbestekoa izango da bizitzeko funtsezkoak diren alorrak «desmerkantilizatzea» ere. «Horretarako ezinbestekoa da burujabetza handiagoa izatea. Politikan, baina baita energiaren eta elikaduraren arloan ere».
Hala Lallanak nola Begiristainek gogoratu dutenez, elkarri estuki lotuta daude irizpide ekologikoak eta sozialak, eta, horregatik, beharrezkotzat jo dute alor horiek guztiak kontuan hartzea. Bai kontsumo eredua, bai garraioa, bai eta zaintza eredua ere.
Zaintza publifikatzea
Eta ideia orokor horiek Busturialdean gauzatzeko proposamenak ere egin ditu Lallanak. Eskualdeak 46.659 biztanle dituela aipatu du, esaterako, eta, zehaztu duenez, haietako 17.045 dira pentsiodunak. Azaldu duenez, etxeak eta egoitzak kontuan hartuta, 1.086 zaintza langile daude eskualdean, eta, horregatik, sektorea duintzeko eta publifikatzeko urratsak egitea proposatu du. Eta mugikortasuna ere izan du mintzagai. Aipatu duenez, 2001ean biztanleen %40 ziren bizitoki zuten herritik kanpo lan egitera joaten zirenak, eta 2024an, berriz, %70ekoa zen portzentajea. Bidaia horiek nagusiki autoz egiten direla ere nabarmendu du Lallanak, eta trantsiziorako aukera bat dagoela alor horretan.
Gogoratu duenez, gainera, Bizkaiko Foru Aldundia aurten da Bizkaibus autobus zerbitzuaren lizitazioa egitekoa, eta iritzi dio borroka egin beharko litzatekeela zerbitzu gehiago izan daitezen.
LAB sindikatuan lantzen ari diren ideia bat ere plazaratu du Lallanak. Azaldu duenez, buruan darabilte trantsizio ekologiko justu baterako batzordeak sortzea eskualdez eskualde. Ordezkari sindikalek, herritarrek eta erakunde publikoek parte hartuko lukete batzorde horietan, eta, besteak beste, egiteko hauek izango lituzkete: parte hartze demokratikoa bultzatzea eta egiten diren inbertsioak kontrolatzea. «Enpresei ematen zaizkien laguntzak, adibidez, ezin dira opari bat izan; beharrezkoa da kontrol publiko bat izatea, eta egun ez dago halakorik».