Eraldaketa kolektiboa, indarkeria matxistaren zimikoari atximur egiteko

'Berria FM' podcastaren zuzeneko saioa egin dute gaur Intxaurrondoko Kultur Etxean, Indarkeria Matxistak Nerabezaroan jardunaldien hamargarren saioan. Pedagogia eta justizia feministez eta eraldaketarako gakoez aritu dira, haur eta nerabeak ardatz hartuz.

Eslava, Rey, Epelde, Ilardia, Castrejana eta Lopez de Lacalle, gaur, Intxaurrondoko Kultur Etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi iztueta olano
DONOSTIA
2026ko urriaren 22a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Berriz sentitu duzu zimikoa. Zimikoa, suabe esatearren, aldiro-aldiro haren atzetik baitator erresumin hau ere. Enteratu baitzara, bai: eraso bat (gehiago)». Horrela abiatu du saioa BERRIAko kazetari Uxue Reyk, estudioko gela txikitik irten eta Intxaurrondo Kultur Etxeko (Donostia) areto nagusian aritu baitira gaur Berria FM podcasteko Rey eta Ane Eslaba. Jendaurrean ekin diote podcastaren denboraldi berriari, Indarkeria Matxistak Nerabezaroan jardunaldiko hamargarren saioan. Eslabak eman dio segida Reyk plazaratutako egoerari, eta galdera bat aireratu du: «Zenbat erasoren berri izan duzu urtebeteko epean?».

Taldean bildu dira galdera horri eta beste hainbati erantzuteko, eta indarkeria matxistaren arloko kontzeptu nagusiak aletu dituzte banan-banan. Beste galdera bat egin du Eslabak: «Zeri buruz ari gara justizia feministaren inguruan ari garenean?». «Galdera potoloa da, beharbada», esan du Reyk. Baina Magala Abokatuak enpresako kide Bea Ilardia ausartu da erantzutera: «Epaitegietan epaiketak egiten dira, justizia beste bide batetik doa, eta batzuetan gurutzatuko dira, eta beste batzuetan ez». Ohartarazpena eginda, gaineratu du biktima «erdigunean» jartzen duen justizia dela feminista, eta, horretarako, jakin egin behar dela zer galderei erantzun: «Erasoa jasan duenak zer behar du? Nola behar du? Eta noiz behar du?». 

«Zer gertatzen da eraso bat jasan duen haur horren aita ezagutzen badugu? Indarkeria ikusteak zerbait egitea exijitzen du, eta, askotan, horregatik ez dugu indarkeria ikusi nahi»

BEA ILARDIAMagala Abokatuakeko kidea

Ilardiarekin bat egin du Emagin elkarteko kide Aiora Epeldek, hark ere uste baitu erasoa jasan duenaren mina erdigunean jartzea dela gakoa. Justizia feministaren definizioa xehatu du: «Ez da ez existentzialista, ez asistentzialista». Eta mina nork bere azalean sentitu arren, sentsazio hori kolektibizatzeko beharra azpimarratu du, min horri erreparatzeko «ibilbideak» garatzekoa, eta, batez ere, min hori ez errepikatzeko «baldintzak» sortzekoa. Zaila izan daiteke, gainera, indarkeria eta erasotzailea identifikatzea kosta egiten denean.

Munstro gisa irudikatzen dira erasotzaileak maiz, Epelderen arabera. Ez dira ez munstro, ez zoro, ez ero, ordea: «Indarkeria matxista ez da berezkoa: egitura batek sortzen, erreproduzitzen, sostengatzen eta elikatzen du. Denok daukagu harremana egitura horrekin; hortaz, guztioi dagokigun ardura bat da». Eta ez direnez munstroak, erasotzaileak izan daitezke edonoren lagun, lankide, senitarteko eta maitale. Zuzeneko saioa aditzera bertaratutako jendeari mintzatu zaio Ilardia: «Zer gertatzen da eraso bat jasan duen haur horren aita ezagutzen badugu? Gure ingurukoa bada? Indarkeria ikusteak zerbait egitea exijitzen du, eta, askotan, horregatik ez dugu indarkeria ikusi nahi». 

«Indarkeria matxista ez da berezkoa: egitura batek sortzen, erreproduzitzen, sostengatzen eta elikatzen du. Denok daukagu harremana egitura horrekin; hortaz, guztioi dagokigun ardura bat da»

AIORA EPELDE Emagineko kidea

Atzera begiratu behar izaten da batzuetan aurrera egin ahal izateko; edo, behintzat, aurretik egindakoari erreparatu. Hala egin du Epeldek, eta mugimendu transfeministak azken urteotan egindako lana goraipatu du: «Mugimendu transfeministan sekulako urratsak egin ditugu ahalduntzeari dagokionez, baina bide oso luze bat daukagu egiteko gizonen deseraikuntzari dagokionez». Hala, ardura kolektiboa hartzeko eta eraldaketari ekiteko, haren arabera, prozesuak diseinatzeko modua birpentsatu behar da, antolatzeko eta saretzeko ereduaren inguruan hausnartu. «Indarkeria matxistarik gabeko eremuak sortu nahi ditugu, eta horren ardura eta erantzukizuna geure egiten dugu», gehitu du. 

Esparruak eta gorputzak

Hezkuntzaren eta kirolaren alorretan egiten dute lan Amets Castrejanak eta Garazi Lopez de Lacallek, eta, gizartearen beste arloetan bezalaxe, esparru horietan ere erreproduzitzen eta sostengatzen dira egiteko eta jarduteko era matxistak. «Ez dira esparru neutroak», adierazi du Reyk, eta galdera bota die: «Kirolak ba al du eraldaketarako potentzialtasunik?». 

«Curriculuma androzentrikoa, kapazitista, eurozentrikoa eta koloniala da. Identitateak hierarkikoki irakurriak dira. Begirada aldaketa bat egin beharra dago»

GARAZI LOPEZ DE LACALLE Hezitzaile feminista

Lopez de Lacalleren esanetan, bai. Kirola izan daiteke eraldatzailea, eta izan daiteke botere harremanak iraultzeko tresna bat. Aitortu du, hala ere, hezkuntza sisteman «gabezia handiak» daudela pedagogia feministari dagokionez: «Curriculuma androzentrikoa, kapazitista, eurozentrikoa eta koloniala da. Identitateak hierarkikoki irakurriak dira. Begirada aldaketa bat egin beharra dago». Horren adibide gisa aipatu ditu, hain justu, eskoletako aisialdi guneak: «Futbol zelaiak kendu behar dira beste aisialdi mota batzuk eraiki ahal izateko; ikaskuntza kooperatibo baten alde kokatu, lehiakortasunaren gainetik». 

«'Feminismo' hitza ez erabiltzea erresistentzia posibleak ekiditeko estrategia bat da»

AMETS CASTREJANA Hezitzaile feminista

Eta ikasgeletan erasoak izaten badira, zer? Eslabak galdetu die ea badiren nahikoa protokolo eta baliabide nola jokatu asmatzeko, eta, batez ere, ea badituzten kolektiboan erantzuteko irizpideak. Castrejanak azaldu duenez, kirol elkarteetan gutxi entzuten da feminismo hitza, eta, horren ordez, maizago erabiltzen dute berdintasun kontzeptua. «Feminismo hitza ez erabiltzea erresistentzia posibleak ekiditeko estrategia bat da», azpimarratu du. Halere, kontatu du azken urteotan hasiak direla protokolo bat diseinatzen, eta, «hasierako urrats bat» izan arren, pauso esanguratsu bat dela uste du; eraldaketa eta ardura kolektiboa eraikitzeko abiapuntu bat. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA