Aire garbiaren aldeko borrokak hamarkadetako historia du Erandion (Bizkaia). Euskal Herriko mugimendu ekologista artikulatu aurretik, erandioztarrak gasaren kontra mobilizatzen hasiak ziren, Francisco Franco diktadoreari hiltzeko oraindik urte batzuk falta zitzaizkiola. Eta horrek biktimak ere utzi ditu, Espainiako Polizia Armatuak bi erandioztar hil baitzituen tiroz 1969an: Anton Fernandez eta Josu Murueta. Bada, mende erdi bat baino gehiago protestan ibili ostean, airearen kalitatea txarra da oraindik ere Erandion. Hala ondorioztatu dute Espainiako CSIC zientzia zentroko bi ikertzailek, urtarrilaren 23an Bilbon egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez. Enrique Navarro eta Jorge Pey aragoitarrak dira bi zientzialariak.
Ikusita Erandioko aire kalitatea txarra dela orain ere, herriko Herri Bideak Kate Barik elkarteak eta Auzokoa Herrikoa taldeak erabaki zuten, Ekologistak Martxan-ekin batera, airearen kalitatea sakon aztertzea, eta kutsadura maila neurtuz bakarrik ez, baita kutsadura horren karakterizazioa eginez ere. Azken hori iruditzen zaie, hain zuzen, garrantzitsuena: ikustea nondik datorren kutsadura mota bakoitza. Horretarako, Navarrorekin eta Peyrekin batera, azken urteetako zenbait boladatan kutsadura partikulatua neurtu dute herriko bi tokitan: udalerriaren erdigunean —ibaiaren parean— eta Asuaran industrialdean. Batetik bestera 2,24 kilometroko tartea dago. Eta ikerketak eragina izan du jada, Erandioko Udalak aurkezpenaren ostean onartu baitzuen airearen kalitatearen kontrola indartzea.
2024 eta 2025 artean egin dituzte neurketak: hirigunean, lau etapatan banatutako 85 egunetan; industrialdean, sei zatitan banatutako 151 eguneko tartean. Erabilitako filtroen bidez, 2,5 mikra baino txikiagoko partikulak aztertu dituzte. Partikulen kantitateari dagokionez, ikusi dute hirigunean aldaketa handiagoak daudela, eta industrialdean, berriz, konstanteagoa dela. Gaur egun indarrean dauden legeen arabera, airean metro kubo bakoitzeko ezin da 25 mikrogramo materia partikulatu baino gehiago izan urtean. Hala ere, Osasunaren Mundu Erakundeak hamar baino gutxiago izatea gomendatzen du, eta, 2030etik aurrera, Europako Batasunean maila hori izango da gehienekoa.
Erandioko partikula metalikoen kutsadura Pariskoa eta Bartzelonakoa halako zazpi da, eta New Delhikoa adinekoa
Bada, hirigunean gainditu egiten da batez bestekoa: lau alditatik bitan, batez beste, 25etik beherakoa zela ikusi zuten —22,47 eta 19,91—, eta beste bitan, nabarmen handiagoa —37,29 eta 48,99—. Industrialdean, berriz, beti neurtu zuten 25etik beherako PM2,5 kutsadura. Haien ustez, aldagai atmosferikoen ondorio da hiriguneko aldakortasun hori.
Kutsadura mota ezberdinak
Nahiz eta industrialdean partikula txikien kantitate gutxiago aurkitu, horrek ez du esan nahi egoera hobea denik, kutsadura ez delako berdina. Izan ere, herri txiki bateko hiriguneko kutsadura eta industrialde batekoa ez dira berdinak, jarduera ekonomiko ezberdinak dituzte eta. Hirigunean, ibilgailu arinen trafikoa da kutsatzaile nagusia, baita ibaiaren bokaletik datorren kutsadura ere, itsas trafikoarena bereziki. Industrialdean, berriz, trafiko astuna eta industria jarduera dira kutsatzaile nagusiak.
Gauzak hala, ikusi dute industrialdeko kutsadurak frakzio metaliko eta organiko handiagoa duela hiriko aireak baino. Parte metalikoari begiratuta, ohartu dira ezen, munduko hiri handi batzuekin alderatuta, askoz handiagoa dela Erandioko kutsadura. New Delhi, adibidez, Erandioren maila berean dago metalen kutsadurari dagokionez. Paris eta Bartzelona baino zazpi bider kutsatuago dago Erandio, eta Txinako Suzhou hiria baino bost bider gehiago. Dena dela, Txinako Changzhi hirian, zeinak industria astun asko duen, Erandion baino zazpi bider partikula metaliko gehiago dago airean.
Navarrok azaldu du airearen kalitate txarrak handitu egiten duela bihotzeko eta arnas aparatuko gaixotasunak izateko probabilitatea, eta PM2,5 motako kutsagarri batzuk lehen mailako kartzinogenoak direla. Hori dela eta, uste du beharrezkoa dela kutsaduraren behaketa indartzea, kutsadura iturri nagusiak kontrolatzea eta neurriak hartzea gizakien eta naturaren osasuna hobetzeko.
Kutsagarrien jalkinetan ere makal
Jorge Peyk jalkin atmosferikoen azterketa egin du; atmosferatik lurrera itzultzen diren partikulak dira, izan euriaren, lainoaren, elurraren edo grabitatearen eraginagatik. Jalkin horiek naturalak dira, baina, gizakien jardunagatik, kutsadura gehiago dago atmosferan, eta horrek desorekak eragiten ditu ekosistemetan. Esaterako, Peyk zehaztu du kobrea bezalako kutsagarrien jalkinek eragina dutela itsasoko ekosistemetan, fitoplanktonaren ugalketa mugatzen dutelako. Fitoplanktona oso garrantzitsua da itsasoan, kate trofikoaren oinarria baita, eta karbono xurgatzaile handia baita.
Nitrato eta sulfato maila handiak atzeman dituzte; Peyren arabera, lehena oso lotuta dago trafikoarekin eta industriarekin, eta bigarrena, berriz, Muskizko findegiarekin, Bilboko portuarekin eta ikatzarekin. Metal astunei dagokienez, industrialdean aurkitu dituzte gehien, antimonioa, beruna, selenioa, kadmioa, nikela, kobaltoa eta zinka bereziki. Hirigunean, ikusi dute hamasei elementutan dagoela behar baino kutsadura gehiago, eta industrialdean, berriz, 21 elementutan.