Erantzukizunik ez, oraingoz

Aldekoa ertzainburuak dio ez duela torturei buruzko lana irakurri: «Baina bukaeran ikusi beharko da». «Ez dut sinesten ez dakizunik Ertzaintzak torturatu duela», esan dio Bilbao TATeko abokatuak

Iñigo Gogoan plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten ikastaroak egiten ari ziren bitartean, atzo. A. CANELLADA / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2016ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Azalpenak txostena bukatzean emango ditugu. Ez daukat zalantzarik ikerketa lanaren metodologiaren inguruan, baina bukaeran ikusi beharko da». Hala erantzun du Jorge Aldekoa ertzainburuak torturari buruzko ikastaroan, Ertzaintzari egotzi dizkioten 310 tortura kasuen inguruan galdetuta. Eusko Jaurlaritzak eskatuta egin du Tortura: 1960-2013 lana Kriminologiaren Euskal Institutuak, Paco Etxeberria auzi medikuak zuzenduta. Aurrerapen zabal bat eman zuten astelehenean, eta abendurako espero dute ikerketa osorik bukatzea. Aldekoak, galdetu arte, ez zien aipamenik egin 310 kasu horiei atzo, eta aitortu zuen ez duela irakurri oraindik txostena.

Torturaren prebentzioan Ertzaintzak izandako jarrera goraipatu zuen ertzainburuak hitzaldian, eta nabarmendu zuen 2003an atxiloketa inkomunikatuetarako egin zuten protokoloa erreferentzia gisa hartu izan dutela nazioartean. «Protokoloa egin zenetik, kasu guztietan ezarri da». Zehazki, 2003tik «terrorismoarekin» lotuta atxilotu eta inkomunikatu dituzten 40 bat kasu aipatu zituen.

Publikoan ziren askori ez zitzaien gustatu Aldekoaren jarrera. Besteak beste, Lorea Bilbao Torturaren Aurkako Taldeko abokatuak hartu zuen hitza amaieran, eta adibideekin gezurtatu zuen Aldekoak lehentxeago esandakoa. Manex Castroren kasua ekarri zuen gogora: 2009an atxilotu zuen Ertzaintzak, eta torturatu egin zutela salatu zuen, baita auzitegian ere. Aldekoak azaldutako protokoloaren arabera, Ertzaintzak bideoz grabatu behar ditu atxilotuak, une oro, eta, gero, auzitegien esku jarri grabazioak, salaketarik balego. Bilbao: «Eskatu genituen, eta grabazio horiek ez dira inoiz agertu».

«Ez dut sinesten ez dakizunik Ertzaintzak torturatu duela», esan zion Bilbaok Aldekoari. «Nik dakidana dakit, ez uste dudana», erantzun zion ertzainburuak: «Sekula ez dut toleratu tortura kasu bakar bat, sekula ez».

Eusko Jaurlaritzak egindako lanean, torturatu gisa 4.009 lagun identifikatzeaz gain, Istanbulgo Protokoloa ezarri diete haietako 202ri. Ia denek lortu dute sinesgarritasun maila bat, baita Ertzaintzaren eskuetatik pasatutako batzuek ere. Judizialki erantzukizunik argitu ezin bada —bost urtean preskribatzen da tortura delitua Espainiako Estatuan—, barne mailan ikerketarik edo espedienterik zabalduko ote duten galdetuta, hala erantzun du Aldekoak: «Oraindik ez dugu aukerarik izan halakorik planteatzeko. Balorazioa gobernuak [Eusko Jaurlaritzak] egingo du ikerketa bukatzean». 2014ko irailerako, ordea, aurkeztu zuten Istanbulgo Protokoloari jarraituta 45 lagunekin egindako beste azterketa bat, eta sinesgarritasun handia lortu zuten denek, baita Ertzaintzari egotzitako kasuek ere.

«Torturatik bizirik atera» den gazte batek ere hartu zuen hitza ikastaroan. Adierazi zuen «amorrua» sentitu zuela erakundeetako ordezkariak entzun zituenean esaten Euskal Herrian torturatu dela: «Pentsa nezakeen bakarra zen: 'Non zeuden ordezkari instituzional horiek herri honetako pertsonek torturak salatu ditugunean?'. Bakarrik egon gara, edo gizartearen babes txiki batekin, sinetsarazten baitziguten gezurretan ari ginela». Azaldu zuen parte hartu zuela 2014an Istanbulgo Protokoloari jarraituta egin zuten txostenean, eta galdera zuzen bat utzi zuen mahai gainean: «Zenbat gehiago itxaron beharko dugu Istanbulgo Protokoloa egin eta torturaren biktima gisa hartu gaituztenok instituzioen aitortza eta erreparazioa jasotzeko? Non dago egiarako gure eskubidea?».

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek hartu zuen hitza segidan: «Ez nuen pentsatzen hitz egitea, baina, biktimekiko errespetuz, hitz egingo dut», esan zuen. «Legez kanpoko errepresioaren biktimen legea» osatzen ari direla jakinarazi zuen, eta «ahalegina» egiten ari direla, bai Eusko Jaurlaritza, bai Eusko Legebiltzarreko talde politiko ezberdinak, «torturaren biktimen egiarako eskubidea» azaleratzeko.

Beste gai ugari ere landu zituzten atzo; besteak beste, torturaren inguruko auzietako zailtasunak, tortura delituen preskripzioa eta Istanbulgo Protokoloa izan zituzten hizpide. Gaur bukatuko da torturaren inguruko kongresua, eta Fernandezek hitza hartuko du amaiera ekitaldian. Litekeena da keinuren bat egitea aitortzarako bidean.

Hain zuzen, Sortuk torturaren biktima «guzti-guztientzat» egia, aitortza eta erreparazioa aldarrikatu zituen atzo. «Tortura modu sistematikoan izan da aplikatua disidentzia politikoaren kontra», esan zuen Pernando Barrena bozeramaileak. Ertzaintzaren kasuak gogora ekarrita, EAJri eta PSE-EEri ere erantzukizunak eskatu behar zaizkiela uste du Barrenak, eta «torturapean egindako adierazpenetan oinarritutako espetxe zigorrak» berrikusi behar liratekeela.

Iñigo Cabacas gogoan

Karlos Santamaria zentroaren kanpoaldean protesta egin zuten Iñigo Cabacasen eta beste biktima batzuen senideek. Oier Amorrortu lehengusuak azaldu zuen «umiliagarria» dela familiarentzat Aldekoak halako ikastaro batean parte hartzea, Cabacas hil zuten operatiboan ardurak zeuzkalako. «Haren esku dago kasua argitu ahal izatea». Hala esan zuen Aldekoak, barruan: «Ez naiz hemen egoteko duintasunik gabe sentitzen 35 urtean zuzendutako operatibo bat heriotza injustu batekin bukatu delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.