Eraso arrazistak egiteko taldeak antolatzen ari diren kezka agertu dute Hernaniko Sortuko kideek

San Joan jaien aurretik ere «etorkinen ehizan» ibili izan dira mutil batzuk, eta kezka agertu dute mezu arrazistak nola zabaltzen ari diren. Sare Antirrazista osatzen ari direla azaldu dute.

(ID_15087801) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-06-24, Hernani. Hernaniko Sare Arrazistak elkarretaratzera deitu du gaueko istiluen ondorioz
Hernaniko Sare Antiarrazistak deituriko elkarretaratzea, istiluak arbuiatzeko. GORKA RUBIO / FOKU
mikel p ansa
2025eko ekainaren 26a
08:30
Entzun 00:00:0000:00:00

San Joan gauean Hernanin (Gipuzkoa) izandako gertakarien atzean talde antolatuak ote dauden kezka agertu dute Asier Gutierrez eta Ainhoa Ortiz de Urbina herriko Sortuko kideek. BERRIAri azaldu diotenez, sanjoanen aurretik ere «etorkinen ehizan» ibili izan diren mutil batzuk identifikatu dituzte Hernanin. «Ekainaren 23koa konstatazio bat izan da: batzuk antolatzen ari dira, sareetan edo dena delakoan, eta giro hori aprobetxatzen dute egin dutena egiteko: magrebtarrak ehizatzen ibiltzeko. Sareetan ikusten eta identifikatzen ari gara talde batzuk batez ere horretara datozenak», adierazi du Gutierrezek.

Ez da Hernaniko kontua soilik, eta Hernaniko liskarretan herritik kanpoko jendeak ere parte hartu duela uste dute, eta larritasunez ari dira ikusten mezu arrazistak zabaltzen ari direla, eta talde horiek erabili egiten dutela «edozein aitzakia, edozein liskar» beren helbururako. «Ikusi izan ditugu horrelako ereduak, eta guretzat nahiko gauza berria da, baina gertatzen ari da. Eta hilaren 23an hori gertatu zen: liskar bat egon zen, eta horrek aukera eman zien ehizan hasteko». Izan ere, aste batzuk lehenago ere hasiak ziren antzematen horrelako jokabideak herrian.

Kezka horrek eraginda, Hernaniko Sare Antirrazista osatzen ari dira, herriko hainbat eragileren artean. «Ikusten ari gara horren aurka zerbait egin behar dela. Gainera, gazteen artean ere sartu egiten dira mezu horiek. Badago arazo sozial bat, baina horrek ez du zilegitzen jarrera faxistak eta arrazistak hartzea. Hori moztu egin behar da. Eta herri bezala erantzun behar diogu horri».

Astearte goizaldeko istiluetan ertzainek izan zuten jokabidea ere salatu dute, egoera baretu ez eta «okertu» egin zuelako haien esku hartzeak, Ortiz de Urbinak adierazi duenez. Ertzainak txosnetara joan zirenean, bertan ziren biak, eta, haiek geldiarazteko, erdian jarri ziren, beste herritar askorekin batera. Azaldu dute egoera tentsio handikoa izan zela, baina ertzainen jarrerak ez zuela batere lagundu, eta ertzainek herriko alkate Xabier Lertxundiri ere borrakada bat eman ziotela.

Dena den, uste dute eztabaidaren arretagunea lekuz aldatu dutela ertzainekin sortu ziren liskarrek, eta nahastu egin direla gaiak. Arazoa zein den nabarmendu behar dela ohartarazi dute. Gutierrez: «Kontu bat da eraso arrazista eta faxistak gertatzen ari direla, eta ematen duela zenbait antolatzen ari dela horrelako erasoak egiteko. Eta, seguru asko, hau aurrekari bat izan da, zeren eta udan baliteke horrelako gehiago gertatzea. Eta beste kontu bat da ertzainek nola erabiliko duten egoera hori».

«Nondik sortu da hau guztia?», galdetu du Ortiz de Urbinak: «Ertzainak etorri dira eta liskarrak izan dira, eta jokabide arrazistek presentzia galdu dute. Eta guretzat garrantzitsua da gogoratzea nondik sortu den hau dena. Adibidez, zabaldu zen Hernaniko gazte bat zainketa intentsiboetako unitatean zegoela. Hori ez da egia. Baina jipoitutako magrebtar bat ospitalean dago oraindik, eta harengatik ez du inork galdetzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.