Hiru magrebtar jipoitu zituen mutil talde batek Hernanin, San Joan gauean

Astearte goizaldean, 50-60 laguneko talde bat migratzaile magrebtarren atzetik ibili zen, jipoitu nahian. Udaltzainek egoera kontrolatu ezin, eta ertzainei deitu zieten, eta orduan haien eta herritarren artean sortu ziren liskarrak.

Amher elkarteak antolatutako elkarretaratzea, Hernaniko Gudarien plazan, atzean udaletxea dela, astearte iluntzean. GORKA RUBIO / FOKU
Amher elkarteak antolatutako elkarretaratzea, Hernaniko Gudarien plazan, atzean udaletxea dela, astearte iluntzean. GORKA RUBIO / FOKU
mikel p ansa
Hernani
2025eko ekainaren 25a
17:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Kontakizun zatikatuak, zenbait erdi egia eta gezur batzuk zabaldu dira liskarrei buruz, eta astearte goizaldean Hernaniko (Gipuzkoa) jaietan gertatu zena ulertzea zaildu du nahaspila horrek. Lekuko batzuekin hitz eginda, San Joan gauean gertatu zena argitzen ahalegindu da BERRIA. Eta bertsio eta ñabardura asko daude, baina lekukoen kontakizunak bat datoz gehienean, eta esan liteke, drama klasikoetan bezala, hiru ekitaldi izan zituela gauak. Bat: goizaldean edanda zebiltzan gizonen artean borroka eta liskar bat baino gehiago sortu ziren. Bi: herriko mutil gazte talde bat magrebtarrak «ehizatzen» ibili zen, hiru jipoitu zituzten, eta udaltzain batzuei eraso ere egin zieten. Hiru: udaltzainek laguntza eskatuta, ertzain oldeak iritsi ziren festa lekura, eta haiek herritar batzuk zauritu zituzten borraka eta kolpeka; tartean, aurreko istiluekin zerikusirik ez zuen jendea, eta egoera baretzen ahalegindu ziren txosna batzordeko kideak ere bai.

Lehen ekitaldia. Gau liskartsua izan zen San Joan gaua Hernanin. Borroka eta istilu mordoxka bat sortu ziren edanda zebiltzan gizonen artean, udaltzainek eta gau hartan grabatutako zenbait bideok berresten dutenez. Borroka horietako batean, herriko errugbi taldeko kide bati muturreko bat eman zioten, eta hortz batzuk hautsi —ez zuten labankadaz zauritu, eta ez zuten zainketa intentsiboen unitatera eraman, hala zabaldu zen arren—.

Bigarren ekitaldia. Eraso horren egileak bi magrebtar izan ziren, ustez, eta aitzakia hori baliatu zuen Hernaniko eta inguruetako mutil gazte talde batek, magrebtarren kontrako «ehizari» ekiteko. Kontua da herriko mutil batzuk lehenago ere ahalegindu izan direla, taldean, magrebtar batzuei eraso egiten —joan den ostiralean ere elkarretaratze bat egin zuten hainbat herritarrek, jokabide arrazistak gaitzesteko—. San Joan gauean, 50-60 bat elkartu ziren, lekukoen arabera, eta kalean harrapatu zuten eta aurreko borroka horrekin zerikusirik ez zuen magrebtar bati eraso egiten hasi ziren.

Udaltzainek erreskatatu zuten erasoa jasotzen ari zen mutil hori, eta udaletxean babes hartu zuten, talde handi horrek jipoitu egin nahi zuelako. Bitartean, goizaldea aurreratuta eta tentsioa baretu gabe, beste magrebtar bat egurtzen ahalegindu ziren, kebabak saltzen dituen ostatu baten inguruan. Hura ere babestu zuten nolabait udaltzainek, jende olde batek inguratuta.

Baina udaletxe aurrean jendetza pilatzen hasi zen —200 bat lagun lekukoen arabera—, eta eraikineko ateetako bat bota edo zabalarazi ere egin zuten. Udaltzainek —bi bakarrik zeuden momentu horretan— arriskuan ikusi zituzten beren buruak eta babesten ari ziren magrebtarra, eraso ere egin zien jendetzak, eta laguntza eskatu zieten ertzainei. Istiluen kontrako dozenaka polizia iritsi ziren festa lekura, Hernani, Errenteria eta Donostiako baseetatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berak jakinarazi duenez. Jendetza zebilen kalean, eta ertzainek Gudarien plazaren ingurua husteari ekin zioten.

Bitartean, baina, zazpi laguneko beste mutil gazte talde batek beste magrebtar bat harrapatu zuen, gaueko hirugarrena, Atzieta kalean, eta hebaindu egin zuen. Leku apartatuxea da, eta ilun samarra. Kale horretan dauden baratzeetara bota zuten gero. Ospitalera eraman zuten, zaurituta, kolpe handiak zituela.

Hirugarren ekitaldia. Jai giroan, jendetza zebilen astearte goizaldean, udaletxe inguruan, txosnetan ere bai, eta baita tabernetan ere, eta liskar giro gaiztotua zegoen ordurako. Ertzainak jai gunera ailegatu zirenean, festazaleek «era guztietako objektuak» bota zizkietela esan du Segurtasun Sailak. Hortik aurrera, liskar handienak Poliziaren eta herritarren artean gertatu ziren. Testuinguru horretan atxilotu zuten 17 urteko mutil bat, deklarazioa hartu ondoren askatu zutena.

Egoera baretzen ahalegindu ziren txosnetako kide batzuk, baina haien kontra ere oldartu ziren ertzainak, eta borrakadaka zauritu zituzten zenbait herritar. Batzuek ospitalera ere joan behar izan zuten, puntuak jasotzera buruan. Zauritutako horietatik askok ez zuten zerikusirik izan aurreko liskar eta istiluekin. Poliziak behin baino gehiagotan eta leku bat baino gehiagotan oldartu ziren, eta tabernak itxita egon ziren ordubete baino gehiagoz, barruan jendea babestuta zegoela, eta txosnak ere itxi egin behar izan zituzten.

(ID_15087804) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-06-24, Hernani. Hernaniko Sare Arrazistak elkarretaratzea deitu du gaueko istiluen ondorioz
Familia batek Marokoko banderarekin parte hartu zuen astearteko elkarretaratzean. GORKA RUBIO /FOKU

Astearte iluntzean, San Joan egunez, 400-500 bat herritar elkartu ziren Gudarien plazan, 20:30 aldera, Amher talde multikulturalak deituta, arrazakeriaren kontrako aldarria zabaltzeko. Amher elkarteko kideek, udaleko Bozeramaile Batzordeak eta txosna batzordeak salatu egin zituzten herrian gertatutako erasoak, eta horrelako gertakizunek elkarbizitzari egiten dioten kalteaz ohartarazi zuten. Elkarretaratzean bildu ziren herritarrek «lotsa» eta «tristura» aipatzen zituzten gehien, goizaldeko gertakariengatik.

Txosna batzordeak ere oharra zabaldu zuen atzo iluntzean. «Aurretik herrian izandako liskar batzuk aitzakiatzat hartuta, hainbat eraso arrazista (guk dakigula, hiru), izan ziren, jipoi masibo eta antolatuen bidez», azaldu zuten txosnetako kideek, eta gogor gaitzetsi zituzten jokabide horiek: «Liskar edo borrokaldi batek sekula ez du justifikatuko talde eraso antolaturik». Hernaniko Errugbi Elkarteak, Bilgune Feministak, Mugimendu Sozialistak, Kontrakantxa gaztetxeak, Askapenak, Denak Etxera Elkartasun Taldeak, Ernaik eta Boltaiak osatzen dute txosna batzordea.

«Txosna batzordeko kideak jarri ginen erdian, eta guk jaso genuen»

Ertzaintzaren «oldarraldi bortitza» ere salatu zuten txosnetako kideek asteartean. Aurreko liskar horien berririk jakin gabe, txosnetan festa giroan zebilen jendetza astearte goizaldean, eta ertzainak bat-batean azaldu ziren aieka hartara, Gudarien plazatik Ezkiagako atzealdera eramaten duen pasabide estutik. Jon Zumalabe Mugimendu Sozialistako eta txosna batzordeko kideak azaldu duenez, Gudarien plazan zer gertatzen ari zen jakin gabe zegoen jendea han, eta harritu egin ziren ertzainak handik agertzen ikusi zituztenean: «Ez genuen ulertzen zertara zetozen txosnetara».

Ahalik eta azkarren, txosna batzordeko taldeetako ordezkari batzuk joan ziren ertzainengana, eta erdian jarri ziren. «Modu bastante oldarkorrean etorri ziren, horko plazatik Ezkiagarako pasabide horretatik, eta hori ikusi genuenean, txosna batzordeko eragileetako ordezkariak haien aurrean jarri ginen, txosna gunea babesteko». Momentu hartan jendetza baitzegoen txosnetan bilduta: «Jendez bete-betea zegoen».

San Joan gauean Hernanin izan diren liskarretan Ertzaintzak zauritutako herritar bat. GEDAR.EUS
Ertzainen borrakadek txosna batzordeko kide bati egindako zauria. GEDAR.EUS

Ertzainekin hitz egiten ahalegindu ziren txosnetako ordezkariak, baina Zumalabek kontatu duenez, haiek «modu oldarkorrean» iritsi ziren, tentsio handia sortu zela, «alde batetik bestera» gauzak jaurtitzen ere hasi ziren, eta ertzainek berehala borrak atera eta kolpeka hasi ziren. Buruan eman zioten kolpea berari, eta sei grapa jarri dizkiote. Egoera baretzen eta lasaitzen ahalegindu zen batzordeko beste kide bati ere buruaren atzealdean lau grapa jarri dizkiote, ertzainek borraz irekitako zaurian; eta han erdian harrapatutako beste gazte batek begia ubelduta dauka, eta kolpe bat buruan. Gedar langile kazetak dozena bat zaurituren berri eman zuen asteartean.

«Txosna batzordeko kideak jarri ginen erdian, eta guk jaso genuen», esan du Zumalabek. Larrialdietara eraman zuten, anbulantzian, bat-batean konturatu zelako aurpegian odola zuela, eta handik aurrera gertaturikoen berri gero jakin du: 04:30 alderako txosna guztiak itxi zituzten, eta liskarrak luzatu egin ziren oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.