Astelehen goizaldean 19 urteko neska bati egindako sexu erasoa ez dela «kasu bakan bat» adierazi du Itziar Carrocera Santurtziko (Bizkaia) alkateak, «indarkeria erabiliz, gizonak emakumeen gainetik jartzen dituen sistema baten ondorioa baizik». Are, «giza eskubideen urraketa oso larritzat» jo du gertaera, eta gehitu du ezin dela horrelakorik onartu. Sexu erasoa salatzeko, eguerdian Santurtziko udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean parte hartu du Carrocerak, dozenaka herritarrekin batera. Udalak eta bertoko Berdintasun Batzordeak deitu dute protestara.
Santurtziko Udalak eta bertoko Berdintasun Batzordeak elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, udaletxearen aurrean, joan den astelehen goizaldean gertatutako sexu erasoa gaitzesteko. Bi erakundeek adierazpen bateratu bat plazaratu dute, eta Carrocerak berak eta Charo Santofimia batzordeko presidenteak irakurri dute. Dozenaka herritar batu zaizkie, Santurtzin eraso matxistarik ez idatzia zuen pankartaren atzean.
Adierazi dute gertatutakoa ez dela «kasu bakan bat». Azpimarratu dutenez, «aspalditik egon den tradizio eta ohitura gisa erabiliz, gizonak emakumeen gainetik jartzen dituen sistema baten ondorioa da indarkeria».
Erasotako emakumeari eta haren gertukoei «babes zintzoena» adierazi ondoren, zera ziurtatu dute: neskak eskubidez dagozkion baliabide eta bitarteko guztiak eskura izatea bermatuko dutela. «Aurrean izango gaituzue», ohartarazi diete erasotzaileei. Horiek horrela, txalo artean eman diote amaiera elkarretaratzeari, bozgorailutik Zutik emakumeak abestia entzuten zen bitartean.
Behin-behinean aske
Santurtzin sexu eraso bat egin diotela salatu zuen 19 urteko neska batek. Astelehen goizaldean izan zen erasoa, eta Ertzaintzak handik ordu gutxira atxilotu zuen ustezko erasotzailea: 30 urteko gizon bat. Egun hartan bertan eraman zuten epailearen aurrera, baina, ikerketa argitu artean, behin-behinean aske utzi zuen Barakaldoko Instantzia Auzitegiak. Hori bai, «kautelazko neurriak» ezarri zizkioten: egunero joan beharko du auzitegira, eta debekatua du biktimarengana gerturatzea eta harekin hitz egitea.