Eredua auzitan (eguneko laburpena)

Gaur arte, ofizialki 2.061 hildako zenbatu dira Euskal Herrian. PCR proba bidez, 16 positibo berri izan dira azken orduetan.

Zarauzko hondartzaren ikuspegia airetik. GORKA RUBIO / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 30a
19:41
Entzun

Datuen gorabeherak ez dira amaitzen. Administrazioak, irizpide aldaketen edo desdoitzen aurrean behar besteko argibideak eman beharrean, azalpenetan oso urriak izaten ari dira. Eusko Jaurlaritzak, atzoko txostenean, orain arte zenbatu gabeko hamabost hildako gehitu zituen. Klinika pribatuetan hildako hamabost pertsonaren kasua zen. Ez da ulertzen klinika pribatuetan gertatzen diren heriotzak estatistika ofizialetatik kanpo egotea. Baina horrela geratzen ari da. Atzotik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun eremu bakoitzean zenbat gaixo hil diren kontsultatzeko modua jarri du Eusko Jaurlaritzak. Baina ez daude hildako guztiak, taulen azpi oharrak adierazten duenez: "osasun sistema publikoko datuak bakarrik".

Gaur arte, ofizialki 2.061 hildako zenbatu dira Euskal Herrian (1.536 EAEn, 515 Nafarroan eta 10 Ipar Euskal Herrian). Gaur, bost hildako gehiago zenbatu dira, denak EAEn. PCR proba bidez, 16 positibo berri izan dira (bat Araban, sei Bizkaian eta bederatzi Nafarroan). Pertsona bat ospitaleratu behar izan dute koronabirusarekin lotuta. Zaintza intentsiboetako unitateetan 37 pertsona daude (bi gehiago). 

Egoitzen zuloa. Hego Euskal Herrian, orain arteko datuen arabera, 850 pertsonatik gora hil dira egoitzetan, Joseba Zalakain SIIS ikerketa zentroko zuzendariak 'Pentsaldian' ataleko artikuluan aipatzen duenez. Galdera biziki garrantzitsua plazaratu du: Zer gertatu da egoitzetan? Zalakainen ustez, beharrekoa da gertatutakoaren ebaluazio sakon bat egitea ahalik eta azkarren, hilgarritasun handiaren faktoreak ezagutzeko eta neurriak hartzeko. Edozein modutan, lehenagotik auzitan zegoen egoitzen ereduaren mugak agerian utzi ditu koronabirusaren krisiak. Nafarroako Gobernuak atzo iragarri zuen egoiliarra ardatz duen zaintza eredua bultzatu nahi duela. Aurretik baina, gertatutakoaren azkerketa sakona egin beharko du, eta orain arteko ereduaren ardurak argitu. 

Hirugarren faseko arauak. Hego Euskal Herria ekainaren 8ra arte ez da pasatuko hirugarren fasera, baina Espainiako Gobernua zehazten hasi da nolakoa izango den. Gaur argitaratutako aginduaren arabera, haur eta gazteentzako jarduerak baimenduko dituzte, bai aire zabalean bai leku itietan ere, egunean hasi eta bukatzen direnak. Beraz, eguneko udalekuak egon ahal izango dira hirugarren fasean. Taberna eta jatetxeek edukieraren erdia izango dute eta terrazetan edukiera %70era handituko da. Gaineram ez da ordutegirik izango hirugarren fasean.  

Bitartean, hondartzetako pilaketek zeresanik ematen jarraitzen dute. Ohi bezala, administrazioak errealitatearen atzetik.

 

Agian honek ere merezi du

Immonueskasiak. Azken hilabeteotan, immunoeskasiaren bat duten pertsonek COVID-19aren aurrean izan ditzaketen aparteko arriskuak kezkarako motibo izan dira. Francisco Borrego Ikerbasqueko ikerlari eta Biocruceseko Immunopatologia taldeko zuzendariaren ikuspuntua jaso du Arantxa Iraola kazetariak. Asko ikertzeko dagoela badio ere, Francisco Borregok ez du marrazten koadro ezkor bat: "orain arteko datuen arabera, ez dago esaterik immunoeskasiaren bat duten pertsonek arrisku handiagoa dutela COVID-19arekin kutsatzeko. Akaso minbizia duten pazienteen kasuan igotzen da arriskua pitin bat...". 

Zatiketa salatzeko. Frantziak eta Espainiak itxita dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga. Euskal Herriaren zatiketa salatzeko gaur eguerdian gazte talde bat bildu da Izpegiko gainean, bi aldeetatik joanda. Salaketa hitzekin batera, Mexikortxox taldeko kideen entsegua eta Xabier Silveira eta Elixabet Etxandiren bertsoak ere izan dira. 

Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.