Euskal Herri independente batekin amesten dute, eta herri hori, izatekotan, feminista eta sozialista izanen da; ez dute bertze herri posiblerik desio. Eginbehar bat eta bi daude hara bidean, eta horrek ezinbestean kokatzen ditu biharrera begira. Ernai gazte antolakundeak Gazte Topagunea eginen du apiril hasieran, eta amesten duten etorkizunaren peskizan izanen dira lau egunez: 2tik 5era, Abadiñon (Bizkaia). Dagoeneko hasiak dira kartelaren pista batzuk ematen, eta gaur jarri diote ereserkia jaialdiari. Arene 6 eta Sua taldeek egin dute abestia, eta Biharra izan jarri diote izena. Halaxe dio errepikak: «Bidea hasi zutenen amorrua gaurkotuaz / gazte borrokaz biharra izan».Â
«Abestiak transmititu behar du zer den Gazte Topagunea», erran du Amaia Arbeo Ernaiko komunikazio arduradunak (Durango, Bizkaia, 2004). «Topagunea iritsi aurretik narratiba oso bat sortzen dugu, topagunea ez delako jaialdi bat soilik, baizik eta Ernaik gazteriari egiten dion eskaintza bat haiek batu, saretu, politizatu, eta konspiratu ahal izateko». Hori guztia bildu behar du abestiak, eta ez da lan makala.Â
Horrenbertzez, «ondo» pentsatu behar da nori proposatu abesti berria sortzea, «baina aurten hasieratik eduki dugu garbi», azaldu du Arbeok. Eta kontatu du haientzat zeintzuk diren talde batek bete behar dituen baldintzak: «Euskaraz abestea, euskal eszena musikaleko talde gazte bat izatea, eta neurri batean Ernaik herri honen gainean egiten duen irakurketa konpartitzea».Â
«Guk dena egiten dugu gazteei begira, haiengan pentsatuta eta gure herrian zentratuta. Horren guztiaren eta topagunearen gazte boterearen isla da abestia»
AMAIA ARBEO Ernaiko komunikazio arduraduna
Agudo topatu zuten baldintza guztiak betetzen zituen taldea: Arene 6. Komunikazio arduradunaren arabera, musika talde horrek gazteriarekin konektatzeko «gaitasun handia» dauka, eta, gainera, bizkaitarrak dira. «Aurten Abadiñon egingo dugu Topagunea, eta ezinbestekoa zen bizkaitar batzuek egitea kantua».Â
Hitzen gibeleko mezua
Baina dena ez da melodia, dena ez da soinua. Ernaiko kideen ustez, abestiak «derrigor» eduki behar du mezu politiko bat, eta Arene 6-koek «primeran» ulertu zuten hori. Taldeko abeslaria da Ibon Coria (Algorta, Bizkaia, 1993), eta argitu du prozesu «dibertigarria eta aberasgarria» izan dela. Hitzekin ez dute aparteko arazorik izan, hasieratik ulertu baitzuten abestiak eduki politikoa transmititu behar zuela, eta eduki hori izanen zela, justuki, Gazte Topagunearen eskaintzari eta Ernairen proiektuei erantzun bat emanen ziena. «Eta lortu dugu, e!», sinesten du Coriak. «Kolektiboaren indar erakustaldi bat da topagunea; pertenentzia sentimendu bat proiektu batekiko, herri batekiko eta antolakunde batekiko. Horren parte izatea pozgarria da guretzat».Â
Azaroan egin zuten estreinako bilera Ernaikoek eta Arene 6-koek, eta hantxe eman zizkieten kantua sortzeko jarraibide batzuk. «Guk esan genien hitzak argiak izatea nahi genuela, eta Ernairen ideologiarekin bat etorri behar zuela», erran du Arbeok. Estiloari dagokionez, musikarien esku utzi zuten dena. Arbeo: «Guk ez genuen inolako estilorik inposatu nahi, halako gauzak gustura egin behar baitira, eta guk agindutako zerbait balitz ez bailitzateke haien kantua izango». Musikariek zera pentsatu zuten, Sua-ko kideei elkarlan bat proposatzea, «eta oso prest agertu ziren hasiera-hasieratik».Â
«Kolektiboaren indar erakustaldi bat da topagunea; pertenentzia sentimendu bat proiektu batekiko, herri batekiko eta antolakunde batekiko. Horren parte izatea pozgarria da guretzat»
IBON CORIA Arene 6 taldeko abeslaria
Coriak berak egin zuen hitzen lehen zirriborroa, eta berehala erakutsi zien taldekideei. Oroitzen du «asko» gustatu zitzaiela, baina zenbait aldaketa egin behar izan zituztela musikalki ongi gera zedin. Lehen urratsa abestia musikalki sortzea izan baitzen, eta geroago etorri baitziren hitzak.Â
Adjektibo berak erabilita definitu dute biek abestia: «Indartsua, zuzena eta argia». Arbeok kontatu du estilo aldaketa bat gertatu dela, baina nahita egindako apustua dela. Izan ere, aitzineko urteetako abestietan hitzak «ez ziren hain esplizituak», eta estiloz ere lasaiagoak ziren. Aurten, baina, indarraren bila joan dira, eta sinistuta daude horrek «zuzen-zuzenean» konektatuko duela egungo gazteriarekin. «Guk dena egiten dugu gazteei begira, haiengan pentsatuta eta gure herrian zentratuta. Horren guztiaren eta topagunearen gazte boterearen isla da abestia».Â