Auzia iragan eta hamar egun zituen Eric Olhats futbol ikuskatzaileak epaimahaikideen erabakiaz dei egiteko, baina uko egin dio, haren abokatuak jakinarazi duenez. Orainokoan egozten zaizkionak ez ditu onartzen, baina, auzibideek «akitua» delakoan, segidarik ez dio emanen justizia ibilbideari. Ez duenez helegitea jarriko, beraz, epaia behin betikoa da, eta espetxe zigorra bete beharko du; epaitu zutenean ere preso zegoen, eta hala segituko du. Hots, sei urteko kartzela zigorra betetzera doa Olhats, joan den asteko epaiak erabaki zuen bezala. Adingabeen kontrako sexu indarkeriagatik zegoen auzipetua: orotara sei gizonek salaketa jarria zuten Olhatsen kontra; gertakariak izan ziren garaian mutil gazteak ziren.
Eraso gehien-gehienak zangobaloi txapelketetarako egiten zituzten ateraldien denboran iragan ziren, Olhatsen etxean berean edo partidetarako bidean, autoan. Gertakari berdintsuak salatu dituzte batek baino gehiagok: izter hunkipenak, matelan emaniko musuak, film pornografikoak ganbaran ikusteko gomitak, sexu hunkipenak, masturbazio bortxatuak... baita irudi pedopornografikoak sakelakoan gorde izana ere. Hasieratik, denak ukatzen ditu Olhatsek. Ezaugarri larrigarri bat ere jasotzen zuen prozedurak: Olhats zen, Ipar Euskal Herrian, zangobaloi amaturretik profesionalerako zubia; haren «beldur» ziren ikasleetarik anitz, eta haren «aurak» sortzen zuen «indar harremana» azpimarratu zuten parte zibilek auzian.
Batez ere Baionako Aviron zangobaloi taldean lan egin du Olhatsek, 1992tik goiti entrenatzaile, formatzaile eta ikuskatzaile lanetan. Realera joan zen gero: hain zuzen, Antoine Griezmann jokalaria begiztatu eta Realera eramateagatik da ezaguna bereziki. Atletico Madril klubean ere lan egin zuen 2014tik goiti, kirol kontseilurako enpresa bat sortu zuen urte bertsuetan.
Behin-behineko atxiloaldian zegoen Olhats auziaren momentuan: lehen aldiz 2022ko maiatzean atxilotu zuten, baina berriz atera zen hamar hilabete geroago, kontrol judizialpean; ordea, uztailean berriz atxilotu zuten, kontrolak trenkatzen zituen baldintzak ez baititu errespetatu, hots, zangobaloi zelai batera berriz hurbildu baitzen joan den udan.