8 urteko kartzela zigorra galdegin du fiskaltzak Eric Olhats futbol ikustatzailearen kontra, adingabeei sexu erasoak egin izanagatik

1997tik 2022ra gertatutako sexu eraso batzuk egozten dizkiote garai hartan 7 eta 18 urte artean zituzten sei mutilek. Baionako Auzitegian, epaileak gertakariak zerrendatu ditu bata bestearen ondotik, baina Olhatsek denak ukatu ditu.

Baionako auzitegiaren aitzinaldea, gaur, Eric Olhats zangobaloi ikuskatzailearen auziaren harira. L.C.E.
Baionako auzitegiaren aitzinaldea, gaur, Eric Olhats zangobaloi ikuskatzailearen auziaren harira. L.C.E.
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2025eko azaroaren 4a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jokalari, entrenatzaile eta hezitzaile guziek berdintsu iritzi diote zure nortasunari: bereziki zorrotza zarela jokalariekin, anitzek zure beldurra bazutela; baina, aldi berean, hurbileko harremanen bila zinela, kontaktu fisikoaren bila, baita zelaitik kanpo ere», deskribatu du Baionako Auzitegiko epaileak goizean, Eric Olhats zangobaloi entrenatzailearen auziaren harira, adingabeen kontrako sexu indarkeria leporatuta.

Fiskaltzak 21:00etan egin du kondena galdera, azkenean: zortzi urteko kartzela zigorra, jarraipen sozial eta judiziala bost urtez, tratamendu baten segitzeko manua —hiru urteko kartzela zigorra ez badu betetzen—, kirol eremuetatik hurbiltzeko debekua, biktimei kalteak ordaintzeko agindua, eta, adingabeekin berriz lan egiteko debekua, behin betiko. Alain Larrea bere abokatuak kargugabetzea galdegin du, Olhats bere bezeroaren bide beretik eginez, hasieratik gertakari guziak ukatu baititu azken horrek.

Auziak luze irauten segitzen du. 21:00etan eman du fiskaltzak galdearen berri, eta epaileen erabakia gauean zehar iristekoa da. Goizean jadanik abertitu zuten, gertakari anitz baitira, 1997 eta 2022 artekoak, xeheki errepikatu eta kontrajartzekoak zirenak Olhatsen partetik, sakelakoko mezuak aztertzekoak, lekukoak entzutekoak... Orotara sei gizonek salaketa jarri dute Olhatsen kontra; gertakariak izan ziren garaian, mutil gazteak ziren.

Eraso gehien-gehienak zangobaloi txapelketetarako egiten zituzten ateraldien denboran iragan ziren, Olhatsen etxean berean edo partidetarako bidean, autoan. Gertakari berdintsuak salatu dituzte batek baino gehiagok: izter hunkipenak, matelan emaniko musuak, film pornografikoak bere ganbaran ikusteko gomitak, sexu hunkipenak, masturbazio bortxatuak... baita irudi pedopornografikoak sakelakoan gorde izana ere.

Denak ukatzen ditu Olhatsek. Ezaugarri larrigarri bat ere jasotzen du prozedurak: Olhats zen, Ipar Euskal Herrian, zangobaloi amaturretik profesionalerako zubia; haren «beldur» ziren ikasleetarik anitz, eta haren «aurak» sortzen zuen «indar harremana» azpimarratu dute. Denarengatik, hamar urteko kartzela zigorra arriskatzen du, gehienez.

Anartean, behin-behineko atxiloaldian dago Olhats, eta presondegitik ekarri dute auzitegira. Lehen aldiz 2022ko maiatzean atxilotu zuten, baina berriz atera zen hamar hilabete geroago, kontrol judizialpean. Ordea, uztailean berriz atxilotu zuten, kontrolak trenkatzen zituen baldintzak ez baititu errespetatu, hots, zangobaloi zelai batera berriz hurbildu baitzen joan den udan.

Batez ere Baionako Aviron zangobaloi taldean lan egin du Olhatsek, 1992tik goiti entrenatzaile, formatzaile eta ikuskatzaile lanetan. Realera joan zen gero: hain zuzen, Antoine Griezmann jokalaria begiztatu eta Realera eramateagatik ezaguna da bereziki. Atletico Madril klubean ere lan egin zuen 2014tik goiti, kirol kontseilurako enpresa bat sortu zuen urte bertsuetan.

«Interpretazio afera da»

Gertakarietako batzuk aspaldikoak izanik ere, afera judiziala 2019ko azaroaren 22an abiatu zen, Hazparneko (Lapurdi) Herriko Etxeari eta apezari zuzenduriko gutun anonimo batekin: ikasle ohi baten amak bidali zuen gutuna, Olhatsen sorterrira, semeak jasandako bortizkeria kontatzeko eta salatzeko. Urtetik urtera, lekukotasunak metatu dira, ikasle ohien gurasoen bultzadaz, anitzetan.

Auziak aitzina egin ahala, inkestaren karietara galdekaturiko jendeen erranak berriz kontatu ditu auzi gelan epaileak, eta Olhatsek burua apaldu du. Gazte batek salatu du ateraldi batean Olhats bere ganberara eta ohera iragan izana, bere sexua eskutan hartu eta masturbatu izana, La Marseillaise Frantziako ereserkia kantatuz «harrabotsaren estaltzeko»; pertsona berak salatu du Olhatsek berekin autoan iragatera bortxatu zuela taldeko autobusean joan beharrean, eta autoan zirela hunkipen eta deklarazio desegokiak egin zizkiola. Mezuzko jazarpena ere salatu dute batek baino gehiagok.

Hain zuzen, epaileak elkarrizketa bat baino gehiago boz goraz irakurri ditu auzi gelan, Olhatsen sakelakoan atzeman dituztenak ikertzean. Elementu bakoitzari ezusteko azalpena eman nahian ibili da Olhats: edo «interpretazio afera da», edo «dena da faltsua». Epaileak irakurketan segitu du. Elkarrizketetarik batean, ageri da ikasle batek Olhatsi hau erraten diola: «Bezperan iragan dena ez da berriz gertatuko», eta Olhats etengabe desenkusatzen da «jestua desegokia izan bazen». «Zer motatako jestuez ari gara?», galdetu du epaileak, eta Olhatsek erantzun: «Agurtzeko musu bat». Epaileak, berriz, ironiaz: «Berriz gertatu behar ez den gauza hori, jestu desegoki gisa duzuna, matelako musua da?».

Artikuluak ere bidaltzen zizkien —nola masturbatu azaltzen zuen bat, adibidez, 12 urteko gazte bati—, eta honela dio audioz bidalitako ondoko mezuan: «Irakurri, garrantzitsua baita zure adinean; irakurri eta ezabatu, ezabatu, zeren ez bainuke nahi egoera txarrean gertatu zure gurasoekin». Argazkiak ere badira, mutil gazteek soin-hasa erakusten, baina «gorputzaren garapenaren segipena» egiteko galdegin zizkiela argudiatu du Olhatsek; epaileak eta defentsako abokatuek ohartarazi duten bezala, urte luzez gorderik atxiki ditu argazki horiek telefonoan. Bideo batzuk ere baziren, mutil gazte batzuenak masturbatzen ari.

Dolurik ez

Arratsaldeko saioa parte zibilen mintzaldiekin hasi da, tartean salaketak jarri dituztenen sei gizonetarik laurenak; barrara hurbildu dira banaka lekukotasunaren ematera. Denek ez zuten elkar ezagutzen, ez dutelako ber adina eta garai desberdinetan gertatu baitzaie Olhatsen bidea gurutzatzea, baina duela zenbait urte orain, denak Baionako auzitegian biltzera kondenatuak izan ziren, Olhatsekin behin edo behin ganbera edo auto batean bakarrik gertatu zirelarik.

Hasi da lehen biktima: «Lehen aldiz Parisen gertatu zen: ene ber ohetegira etorri zen lo egitera, eta gauean ene ber ohean lo egiten zuenarekin lekua aldatu zuen; orduan bizkarra ferekatu zidan. Ondoko denboraldian, behin ene bila etorri behar zuela etxera, goizago jin zen eta bainugelako berinatik sartu zen, gero ene logelara etortzeko: jaiki nintzen, eta erran zidan berriz etzateko; masturbatu ninduen, eta, zakila ez baitzitzaidan gogortu, orduan urduritu egin zen, eta altxatu». Auzi gela isil-isilik geratu da, eta batzuei ageri zaie lehen testigantza entzuteko zailtasuna; biktima horri berritan eraso zion gisa horretan Olhatsek.

Fiskaltzak galdetu diolarik biktimari zergatik eman zuen salaketa eta zertara etorri den auzi gelara, burua itzuli du gibelera, eta begietara so egin dio Olhatsi, soa hetsirik eta beltz: «Auzi honen helburua da pertsona horrek ez dezala gehiago halakorik egin ahal izan». Fiskaltzak ber galdera egin die ondotik hitza hartu duten beste hiru biktimei, eta ber ildotik erantzun diote horiek ere. «Bere gisako harrapakariak ez dira haurrekin gehiago harremanean izan behar».

Olhatsi heldu zaiolarik berriz hitza hartzeko txanda, bere pertsonalitatea aipatzeko izan da, auzietan egin ohi den bezala. Haren «gaitasun psikologiko-afektiboaren heldutasunik eza» azpimarratu du epaileak, psikiatrak idatzi duen agiriaren arabera. Hain zuzen, dolurik batere ez du agertu Olhatsek, leporatzen zaion elementu bakarra ere ez baitu onartu. Fiskaltza entseatu da adierazpen gehiagoren eskuratzen: «Zuk ere sexu indarkeria jasan zenuen haurra zinela, zure amaren anaiaren partetik... Zerbait eraginen zizun, agian, biktimen lekukotasunak entzuteak? Zer emozio sortu dizu?». Erantzuna ez da izan ez epaileek ez biktimek edo publikoak espero zutenaren mailakoa: «Eraso zidatelarik, sufriarazi zidan, baina ez dut ene burua gaur erran denean kokatzen... Parekatzerik ez da, deus ez baitut egin».

Gaur epaitu duten dosierrak sei salaketa biltzen ditu, baina ez da lehen aldia Olhats auzipetua dena haurren kontrako sexu indarkeriagatik. 1991n, Bordeleko Auzitegian epaitu zuten, eta gibelapenezko urte bateko kartzela zigorrera kondenatua izan zen, baita tratamendu baten segitzera behartua ere. Gaur leporatzen zaiona ukatzen baitu hastetik buru, epaileak duela 34 urteko afera berriz aipatu du, garai hartan onartu baitzituen egozten zitzaizkionak, «lauzpabost sexu hunkitu izana», hain zuzen. Olhatsek argudiatu du erranez garai hartako adierazpenak presiopean egin zituela eta jendarmeekin «nolabaiteko hitzarmena» izan zela horrela egiteko, «atxiloalditik ahal bezain fite ateratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.