Erkoreka: «Orain da hauteskundeen inguruko erabakia hartzeko momentua»

Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du ostegunean batzartuko dela lehendakaria alderdi politikoekin, hauteskundeen inguruko iritziak eta ikuspuntuak jasotzeko. Bi data posible daude mahai gainean.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria talde politikoekin batuta, Gasteizen. BERRIA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 12a
14:16
Entzun

EAEko hauteskundeak izan ditu oinarri Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren ostean eginiko agerraldian, Gasteizen. Jakinarazi du oraindik ez dagoela bozen inguruko behin betiko erabakirik hartuta, eta alderdi politikoekin kontrastatu nahi dituztela aukerak.

Hala ere, nabarmendu du bi data posible daudela mahai gainean: uztaila edo urria. «Inork ez daki noiz egongo den osasun egoera hobea, eta hortxe dago dilema». Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ostegunean bilduko da alderdi politikoekin; haien iritzia eta ikuspuntua jasotzea da, besteak beste, asmoetako bat.  «Orain da hauteskundeen inguruko erabakia hartzeko momentua», erantsi du.

Erkorekak azaldu du batzar horretara zenbait dokumentu eramango dituztela, egungo eta etorkizuneko osasun egoera aurreikusi dezaketenak. Neurrien zerrenda bat ere eramango dutela adierazi du: «Egungo osasun egoera oinarri izanda, beharrezkoa da pertsona guztiak bozkatzera era seguru batean joatea».

Hala ere, gaineratu du egunek aurrera egin ahala ikusi egin beharko dela pandemiaren bilakaera zein den, eta horren arabera egokitu beharko direla neurriak. Dena dela, oraindik ez dago garbi lehendakariak noiz eta nola sinatuko duen hauteskundeak egiteko dekretua. «Ezin dezaket aurreratu, alderdi politikoekin kontrastatutakoak ere baldintzatzen baitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.