Ernaik bota egin du Euskal Herrian Osbornek zuen azken zezena

Ribabellosan zegoen, eta bart gauean eraitsi dute. Horrez gain, Igeldoko Mendizorrotzeko gurutzea ere behera bota dute, eta Espainiako bandera kendu Donostiako udaletxetik. Gazte antolakundeak astebete darama kalean dauden «ikur espainolistak markatzen».

Ribabellosako Osborneren zezenaren eraisketa. ERNAI
Ribabellosako Osborneren zezena eraitsi dutenekoa. ERNAI
Maddi Iturriotz Alkorta
2025eko abenduaren 5a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ernaik hainbat ekintza gauzatu ditu aste honetan, «independentziaren alde eta espainolismoaren kontra». Bart gauean, Ribabellosan (Araba) zegoen Osborneren zezena eraitsi du; hori zen Euskal Herrian zegoen azkena, iaz eraitsi baitzuten Tuteran zegoena. Gazte antolakundeak azaldu duenez, Osborneren zezenak «ikur arrotzak» dira Euskal Herrian, «espainolismoaren ikurrak» direlako, eta horregatik bota dute behera. Horrez gain, arratsaldean jakinarazi dute Igeldoko mendi tontorrean (Gipuzkoa) zegoen Mendizorrotzeko gurutzea ere eraitsi egin dutela.

Irutxuloko Hitza-k argitaratu duen informazioaren arabera, Mendizorrotzeko gurutzea errekete faxista bat oroitzeko altxatu zuen Donostiako Udalak. Izan ere, Donostia euskal milizien menpe zegoen 1936an, baina militar frankistek hiria hartu zuten urte hartako irailaren 13an. Jose Manuel Gorospe Etxebarria errekete tenientea hil zuten borrokaldi hartan, eta hura «oroitzeko» jarri zuen udalak gurutzea, 1941ean. «Ekintza honekin argi utzi nahi dugu elementu frankistek gure auzo eta hirian tokirik ez dutela», adierazi du gazte antolakundeak.

Horrez gainera, Donostiako udaletxetik Espainiako bandera ere kendu dute goizean. «Asimilaziora kondenatu nahi gaituzte, baina beste behin ere gazte independentistok erakutsi dugu, eta behar bezainbeste alditan frogatuko dugu herri honek etorkizuna duela, gazte belaunaldi berriak prest daudela herri honen askatasunaren alde edozer egiteko».

Ribabellosako Osborneren zezenaren eraisketa. ERNAI

Aste honetan, besteak beste, Dantxarineko aduanako eraikinean (Urdazubi, Nafarroa) Gazteok independentzia leloa idatzi eta margo gorriz zipriztindu dute, eta Espainiako banderak kendu dituzte zenbait herritako udaletxetik eta eraikinetik: Berrizko (Bizkaia) udaletxetik eta Gasteizko Ibaiondo auzoko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Probintzia Zuzendaritzaren eraikinetik, adibidez.

Egindako ekintza guztietan, nabarmendu dute «sinbolo espainolistek» ez dutela tokirik Euskal Herrian, eta «independentzia beharrezkoa» dela «zapalkuntzarik gabeko herria eraiki eta Euskal Herriaren etorkizuna bermatzeko».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.