«Hau ez da Espainia ezta Frantzia ere. Ekin eta bultza askatasunera». Mezu hori idatzia duen plaka bat eta ikurrin bat jarri ditu Ernaik Faisaien Uhartean. Ekintza horren bidez, Euskal Herriak independentzia behar duela aldarrikatu dute: izan ere, ostegun honetan, uharte horren jabetza Espainiako Estatuaren eskuetatik Frantziako Estatuaren eskuetara pasatuko da —Irun eta Hendaia artean dago—, eta gazte antolakundeak aldarrikatu du uharte hori eta Euskal Herria ez direla «ez Frantzia, ezta Espainia ere».
Faisanen uhartean izan gara bart gauean.
— Ernai (@ernaigazte) July 29, 2025
Bidasoako uhartea bi egun barru Espainiar estatuaren jabetzakoa izatetik Frantzesa izatera pasako den honetan, hau ez dela Espainia eta ezta Frantzia ere aldarrikatu dugu.
Herri honek independentzia nahi eta behar du.
✊🏻Ekin eta Bultza! pic.twitter.com/5FtPYfeysN
Ernaik adierazi du ez duela onartuko «Euskal Herriarekin jolastea», eta irailaren 14an Donostian eginen duten mobilizazioan parte hartzera deitu du. Ekainean eman zuten horren berri, udako kanpaina aurkeztearekin batera: Ekin eta bultza, askatasunera lelopean, hainbat ekinaldi eginen dituzte udan.
Ikusi gehiago
Erregimen frankistak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituela 50 urte beteko dira aurten, eta udako kanpainak hari hori izanen du, Ernaik azaldu zuenez. Haien hitzetan, «Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin duten belaunaldiei aitortza egin, eta egungo gazte belaunaldiak Euskal Herria askatasunera eramateko indarrak batu eta bultza» egin behar du.