2023an isunak ezarri zizkieten Ernaiko 133 kideetako batzuk haien helegiteen erantzunak jaso dituzte jada, eta EAEko Auzitegi Nagusiak zigor eskaera guztiak leundu ditu. Lehen ebazpen irmoetan Gasteizko ekimenean parte hartzeagatik jasotako isun guztiak bertan behera utzi ditu epaileak; Bilbokoan parte hartzeagatik jasotakoak, aldiz, 2.500 eurotik 601era jaitsi ditu.
Ernaiko kideen isunen soka luzea 2023ko irailean hasi zen, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze agindua salatzeko Gasteizen eta Bilbon egin ziren mobilizazioetan. Haietan parte hartu zuten 133 kidek 1.500 eta 2.500 euro arteko isunak jaso zituzten. Guztira 290.500 euroko isunak ziren.
Zigortuek egoera salatzeko kanpaina abiatu zuten eta iazko ekainean helegiteak jartzen hasi ziren. Helegiteak Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auziko lau sala ezberdinetan banatu dituzte eta epaitegi bakoitzak erritmo ezberdina darama.
Lehen salako ebazpenak irmoak dira dagoeneko, eta zigor guztiak leundu ditu. Gasteizen zigorturiko zazpi kideren isunak bertan behera gelditu dira eta Bilbon zigorturiko 22ri 601 eurora murriztu dizkiete isunak. Kasu hauetan ez dago beste helegiterik jartzerik.
Bigarren salakoek ere antzeko ebazpenak jaso dituzte, baina ez dira irmoak. Laugarrenekoan Ernaik eta segurtasun sailak helegitak jarrita dituzte eta hirugarrenekoaren epaiketak azaroan egingo dira. Ernaik asteazkenean baloratuko du egoera.