Botoa emateko eskubidea zuten Ertzaintzako 7.853 langileen %82,3k eman dute botoa 63 ordezkari sindikalak aukeratzeko hauteskundeetan. 2.568 boto jaso ditu Ernek —25 ordezkari—, eta 1.462 Esanek —hamabost ordezkari—. 957k eman diote botoa ELAri —11 ordezkari—, eta 610ek SIPEri —zazpi ordezkari—. EUSPEL sindikatuak 483 boto eta lau ordezkari lortu ditu, eta CCOOk, berriz, 299 boto eta ordezkari bat.
2010eko hauteskundeekiko, gora egin du Ernek. Duela lau urte baino %3,9 boto gehiago eskuratu ditu. ELA izan zen bigarren indarra 2010eko bozetan.
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak txalotu egin ditu hauteskunde prozesua eta parte hartze maila, eta uste du bozen bidez "bere erakundearekiko lotura eta konpromisoa" duen talde baten irudia eman diola Ertzaintzak gizarteari.
Ernek adierazi du tarte bat hartuko duela "egoera aztertzeko", eta ondoren gainerako sindikatuekin jarriko da harremanetan, "murrizketak eskubide urraketak eteteko". Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan da indar nagusia Erne.