Erorien Monumentua eraldatzeko lehiaketaren kontrako helegite bat aurkeztu dute

Eraistearen aldeko eragileek uste dute Espainiako Memoria Demokratikorako Legearen eta Nafarroako Memoria Historikoaren Legearen kontrakoa dela lehiaketa prozesua.

Eraikina eraistearen aldeko protesta bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Eraikina eraistearen aldeko protesta bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 30a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko eragileen plataformak ez du amore emateko asmorik, eta eraikin hura eraldatzeko martxan den lehiaketa publikoaren kontrako helegite bat aurkeztu du udalean. Argudiatu dute lehiaketa legearen kontrakoa dela, haren arabera, monumentu eta ikur frankistak «erretiratu edo ezabatu» egin behar baitira. Iruñeko Udalak hilaren 12an jakinarazi zuen martxan dela Erorien Monumentua «memoria demokratikoa berreskuratzeko eta faxismoa salatzeko memoriaren museo» bihurtzeko arkitektura lehiaketa.

Eraikina eraistearen aldeko plataformak iritzi dio Espainiako Memoria Demokratikorako Legeak ez duela halako monumentuei esanahia aldatzeko aukera jasotzen. Horretarako, memoria guneei dagokion atalari erreparatu diote. Hartan zehazten da izendapen hori jaso dezaketela «garrantzi bereziko gertaerak» jazo diren lekuek eta eraikinek, bai eskubide eta askatasunen aldeko borrokaren ikur izan zirelako, bai errepresioaren lekuko izan zirelako. Hala, eragileek uste dute Erorien Monumentuak ez dituela baldintza horiek betetzen: «Hobiak, espetxeak, komentuak eta errepresio frankistarako gainerako lekuak memoria gune izan daitezke. Erorien Monumentua, ordea, ikur frankista bat da, diktaduraren loriarako eraikia, eta ezin da memoria leku bat izan».

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak iazko martxoan onartutako Memoria Historikoaren Legearen erreforma ere aipatu dute. Argudiatu dutenez, haren arabera, litekeena da Erorien Monumentua «diktadurako giza eskubideen urraketen dibulgaziorako eta faxismoaren inguruko hausnarketarako zentro» bihurtzea, baina lehiaketa publikoan «memoria museo bat» aipatzen da. «Ez dira gauza bera dibulgazio zentro bat eta memoria gune bat».

Hala, uste dute halako obra bat ezin dela diru publikoarekin ordaindu, eta Iruñeko Udalak 2026ko aurrekontuetatik lehiaketa horretarako erabili asmo duen diru saila ezabatzeko eskatu dute.

Elkarteek EH Bildu, PSN eta Geroa Bai jarri dituzte jomugan, eta «borondate falta» eta jarrera «autoritarioa» izatea egotzi diete. Izatez, Iruñeko Udalaren arabera, aditu talde batek gehienez bost proiektu hautatuko ditu lehiaketan, eta ondoren herritarrei aurkeztuko dizkiete, «prozesu parte hartzaile bat» garatzeko: «Ekarpenak proiektu tekniko batean txertatuko dira, eta, negoziazio prozesu baten bitartez, obren garapenera eraman». Hori, baina, ez da nahikoa eragile horientzat, eta 2018an egindako lehiaketa gogoratu dute. Orduan, eraistearen aldeko proiektu batek bildu zituen boto gehien, eta horren aldekoek salatu dute berriz ere gauza bera gertatuko den «beldur» direla alderdiak.

Lehiaketara aurkezteko asmoz diren arkitektoei ere abisua eman diete: «Baliteke lehiaketa ezerezean geratzea. Baliteke lan asko egin eta ezer ez kobratzea». Izan ere, Iruñeko Udalean jarritako azken helegitea aintzat hartuta, eraikinari esanahia aldatzeko prozesuaren kontrako lau helegite aurkeztu dituzte, eta prest azaldu dira behar beste errekurtso aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.