Erorien Monumentua eraldatzeko proiektuen lehiaketa batera deituko du Iruñeko Udalak

Lehiaketa urtea amaitzerako aurkeztea espero dute, eta datorren urte erdirako egitasmo irabazlea izatea nahi lukete. Eraispenaren Aldeko Plataformak Nafarroako Arartekora joko du.

Erorien Monumentua
Erorien Monumentua. IÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2025eko irailaren 30a
16:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

2018an egindako proiektuen lehiaketa atzean utzi eta beste bat egingo du aurki Iruñeko Udalak. Kaleratu duen oharraren arabera, haren oinarriak prestatzen dihardu, eta lehiaketaren deialdia kaleratuko du udal planaren katalogoa aldatu ostean. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren iritzia entzun ondotik erabaki dute 2018k lehiaketa «behin betiko ixtea». 

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako irizpideak bete beharko dituzte proiektuek. Hala nola eraikinean esku hartu beharko dute, eta ikur frankistak kendu, baita eraikinaren kanpoaldeko itxuraldatzeko ideiak proposatu ere.

Oinarriak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin kontrastatuko dituzte, eta nahi dute lehiaketa urte amaierarako aurkeztea. Lehiaketak nazioarteko izaera izango du. Lehen aldian, epaimahai teknikoak hiru eta bost proposamenen artean hautatuko du; bigarren aldian, herritarren parte-hartze prozesu bat egingo da, eta, azkenik, kontratuaren xehetasunak negoziatu beharko dituzte.

2026 erdialderako proiektu irabazlea izatea espero dute. Helburu nagusi bat bete beharko dute: «Frankismoaren gorazarrerako monumentua osoki eraldatzea eta faxismoaren aurkako memoriaren zentro bihurtzea». 

Adituen txostenaren zain   

Puntu horretara iritsi aurretik, eraikina babesten duen egungo udal plana eta zehazki Erorien Monumentuaren katalogo fitxa moldatu beharko du: eraikina bigarren mailatik hirugarrenera pasatu beharko dute. Udalaren arabera, ezinbesteko urratsa da hori, eraikinean esku hartu ahal izateko eta sakon eraldatu ahal izateko. Behin Vianako Printzea Erakundearen oniritzia jasota, adituek urriaren 16an euren ebazpena eman zain dago udala. 

Batzordea hamalau adituk osatzen dute: besteak beste, Jose Miguel Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria eta institutuko dokumentazio arloko zuzendari Cesar Laiana; Fernando Mendiola eta Emilio Majuelo historialariak, Nuria Ricart arte publikoari eta memoriari buruzko ikerlaria, Iratxe Momoitio Gernikako Bakearen museoko zuzendaria, Asun Larreta aktibista, Matilde Eiroa Txileko Memoriaren Museoko zuzendaria, Fernanda Garcia Buenos Airesko Memoriaren Parkeko zuzendaria, Cristian Durr Mauthauseneko memoria guneko historialaria eta Jordi Guixe Memoriaren Europako Behatokiko zuzendaria.

Bihar Nafarroako Arartekoan

Eraispenaren Aldeko Plataformak, berriz, idatzi bat aurkeztuko du bihar Nafarroako Arartekoan. Nafarroako elkarte memorialistak biltzen dira plataforma horretan, eta Erorien Monumentua eraisteko eskaera egin dute udalean, baina kexu dira udal gobernuak ez diela jaramonik egin eta horregatik idatzi bat aurkeztuko dute bihar Nafarroako Arartekoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.