Erregaien eta argindarraren gaineko zergak murrizteko erabakia txarretsi du EH Bilduk: «Enpresa handien etekinak handitu besterik ez du egingo»

Oskar Matutek Espainiako Gobernua premiatu du «langile klaseari eta egoera zaurgarrian direnei» laguntza ematera. Berretsi du ez dagokiola EH Bilduri Espainian ezkerreko fronte bat sustatzea.

Oskar Matute EH Bilduko diputatua, atzo, Espainiako Kongresuko eztabaidan. CHEMA MOYA / EFE
Oskar Matute EH Bilduko diputatua, Espainiako Kongresuko eztabaida batean, artxiboko irudi batean. CHEMA MOYA / EFE
Ion Orzaiz.
2026ko martxoaren 21a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Behin eta berriro, zergak murriztearen aldeko apustua egiten du Espainiako Gobernuak, baina aurreko krisiek frogatu zuten halako politikek energia enpresa handien etekinak gizendu baino ez dutela egiten». Oskar Matutek, EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak, «penaz» hartu du erregaien, argindarraren eta gasaren BEZa %21etik %10era murrizteko erabakia. Uste du neurri horrek ez diola «langile klaseari lagunduko», eta ez dela bide egokia «esparru politikoan posizioak finkatzeko».

Espainiako RNE irratian egin dioten elkarrizketa batean, Matutek adierazi du Espainiako Gobernuak iragarritakoen artean badirela «neurri interesgarri batzuk», eta propio aipatu ditu, besteak beste, egoera zaurgarrian direnei hornidura etetea debekatzen duena, enpresa elektrointentsiboentzako laguntzak eta babes sozialeko neurriak. Hala ere, salatu du Pedro Sanchezen gobernuak mahai gainean jarritako aukeren artean ez dagoela gerrekin eta krisi egoerekin aberasten direnei zergak igotzearena: «Ukrainako gerran, adibidez, irabaziak asko handitu zituzten batzuek; eta oraingoan ere halakoak ikusiko ditugu, ez dut zalantzarik». Izan ere, koalizio independentista ez dator bat «sektore handienetako enpresek gerren bidez lortutako ezohiko irabaziei eusteko helburua duen ezein neurrirekin».

«Espainiako Gobernuak ulertu beharko luke hipotekari aurre egin ezinik dabiltzanei edo KPIaren igoeragatik alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenei ez laguntzea ez dela konponbide egokia esparru politikoan posizioak finkatzeko», esan du EH Bilduko eledunak. Gogorarazi du PSOE-Sumar gobernu koalizioa babesten dutenen artean gehiago direla «ezkerrera jotzen duten parlamentariak eskuinera jotzen dutenak baino», eta, horregatik, «erantzukizunez jokatzea» galdegin dio Pedro Sanchez presidenteari.

Zergak murrizteko erabakiaren atzean Junts eta EAJ «lotzeko» asmoa ote dagoen galdetu diote Matuteri. Haren ustez, baina, maniobra horrek «ziurgabetasun handia» eraginen lioke Sanchezi hauteskundeetan: «Politika ez da epe laburreko ariketa hutsa», esan du.

Ezkerreko fronte bat Espainian

Espainian ezkerreko zenbait sektorek sortu asmo duten fronteaz galdetuta, Matutek esan du EH Bilduk begi onez ikusiko lukeela «ezkerreko indar bat sortzea Espainiako Estatuan, harekin hitz egin, negoziatu eta adostasunetara iritsi ahal izateko». Hala ere, berretsi du ez dagokiola EH Bilduri fronte hori sustatzea edo haren parte izatea, «Euskal Herrian sortu eta Euskal Herriarentzat lan egiten duen indar bat» den heinean.

«Ez dugu gustuko besteek esatea nola antolatu behar dugun gure etxea», laburbildu du diputatuak: «Eta, era berean, guk ez diogu inori esanen nola antolatu behar duen bere etxea, nola berrantolatu eta berregituratu behar duen bere proposamen politikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!