Errezetak egiteko aplikazio berria erdaraz jarri izana salatu du OEEk

Osakidetzaren euskara planaren kontrakoa da neurria, elkartearen iritzirako.Osakidetzak dio probetan ari direla eta euskaraz ere izango dela

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Gaztelania hutsezko aplikazio bat jarri dute berriro Osakidetzako oinarrizko zerbitzuetan errezetak eta preskripzioak egiteko. OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak egin du salaketa hori. «Erabakiak urratu egiten ditu gaixoek informazioa hautatutako hizkuntzan jasotzeko eta langileok euskaraz lan egiteko ditugun eskubideak». Elkarteak Osakidetzari eskatu dio atzera egiteko, «sortutako kaltea lehenbailehen zuzentzeko». Osasun Sailarekin harremanetan jarrita, azaldu du aplikazioaren probak egiten ari direla, eta ekainean hedatuko dela Osakidetza osora. «Ekainean bertan, bai gazteleraz, bai euskaraz erabiltzeko aukera egonen da».

Orain arte beste aplikazio batekin aritu dira errezetak egiten oinarrizko zerbitzuan, Supre izeneko programa batekin. Gaztelania hutsean zegoen, elkarteak azaldu duenez. «Berria ezartzerakoan muga hori gaindituko zela pentsatzen genuen arren, ez da horrela izan». Presbide aplikazioa ezarriko diete orain, eta erdaraz dagoela salatu dute. Osasun Sailak erantzun du «probetan» ari direla oraindik. Gasteizen ari dira.

Aplikazioak euskaraz jartzeko betebeharra dauka Osakidetzak, OEEk gogorarazi duenez. Batetik, euskara plana aipatu du. Aplikazio informatikoetan euskara sartzea aipatu zuten planean. Areago, hau dio: «Lehentasuna eman behar zaie paziente eta erabiltzaileekiko harremanei lotutako alderdiei». Errezetetarako aplikazioagatik egin du kexua elkarteak. Bestetik, Eusko Legebiltzarraren ebazpen bat aipatu du. Osakidetza euskalduntzeari buruzko mozio batean jaso zuten aplikazio informatikoak euskaraz ezartzea.

Zuzendaritzaren lidergoa

Zuzendaritzari begira jarri da elkartea: «Arduradun batek euskaraz erabili ezin den aplikazio bat martxan jartzeko agindua eman du». Aurreko euskara planaren ebaluazioak gabezia nabarmenak aurkitu zituen Osakidetzako zuzendaritzan: «lidergorik» ez hartzea egotzi zion. Ebaluazio hura gogoan egin du salaketa OEEk: «Eredu izan eta lidergoa ere erakutsi behar duenak, horrelako erabakiak hartzen baditu, euskara plana kondenatzen du edozein momentutan edonork hautsi eta urra dezakeen bigarren mailako tresna izatera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.