Errolda eskubidea «kolektiboki» bermatzeko gida bat ondu dute

'Autodefentsa juridikorako gida' Gasteizen errolda eskubidea bermatzeko tresna izatea nahi dute

photo1703160268
'Autodefentsa juridikoaren gida' aurkeztu dute gaur, Gasteizko Udalaren bulegoen aurrean. BERRIA
Edurne Begiristain.
2023ko abenduaren 21a
15:20
Entzun

Gasteizko Udalak errolda kudeatzen duen moduaz kezkatuta daude hiri hartako hainbat kolektibo, herritar askoren oinarrizko eskubideak urratzen dituelakoan. Izan ere, salatu dute udalak era murriztailean aplikatzen duela araudia, eta, ondorioz, erroldatik kanpo geratzen direla herritar asko —«migratu eta pobreak batez ere»—. Horiek horrela, Auzoan Bizi Sarea plataformak, zeinak Gasteizko hainbat kolektibo batzen dituen, gida bat ondu du erroldaren arazoari «kolektiboki» erantzuteko. Autodefentsa juridikorako gida: errolda eskaera Gasteizen izena du tresna berriak, eta, haren bidez, erroldaren arazoari irtenbide bat proposatu nahi diote, «autodefentsan eta antolakuntzan» oinarrituta.

Auzoan Bizi Sareak uste du errolda bizitokiaren erregistrora mugatu beharko litzatekeela. Gasteizko Udalaren erroldatzeko baldintzek, baina, etxearen jabearen esku uzten dute erroldatzeko eskumena, eta, ondorioz, sareak iritzi dio udala jabeen «gehiegikerien eta erroldaren merkatu beltzaren konplize zuzena» dela. Gainera, migratu askorentzat errolda izatea «existitzeko» baldintza bilakatu da, kritikatu dutenez.

Bi prozedura

Autodefentsa juridikorako gida errealitate hori aldatzeko erreminta bat izatea nahi dute, sustatzaileek nabarmendu dutenez. Gidaren atal batean, udalak erroldatzeko eskatzen dituen baldintzak bildu dituzte; eta beste batean, arazoei aurre egiteko bi prozedura proposatu dituzte: A prozedura eta B prozedura.

A prozedurak bizilekua duten baina legezko titulurik ez dutenentzat balio du. Adibidez, alokatuta egon baina kontraturik ez dutenak, etxebizitza batean okupatuta bizi direnak, edo «infraetxe» batean bizi direnak, bizilekuen egokitasun agiririk gabe. Halakoetan eman beharreko pausoak jaso dituzte gidan: besteak beste, etxebizitza bizilekua dela egiaztatzen duen dokumentazioa bete, gidan jasota dagoen eranskina osatu, eta udal bulegoetan aurkeztea. Udalaren erantzunaren arabera zer prozedura egin behar den ere azaldu dute.

B prozedura «bizitegi bazterketa egoeran» daudenentzat pentsatuta dago, hau da, kalean dauden eta etxebizitzarik ez dutenentzat. Halakoetarako, Errolda Soziala dago, eta, horren bidez, izena eman daiteke udalak prestatutako helbide batzuetan. Prozedura hori egin ahal izateko egin beharreko urratsak zerrendatu dituzte gidan.

Gida berria @ErroldarikGabe sare sozialetan jarri dute eskuragai, eta, paperean nahi izanez gero, Gasteiz Txiki Alde Zaharreko auzo elkartean eskuratzeko parada ere badago. «Ahalik eta jende gehiena bide hau hartzera bultzatzen dugu. Izan ere, salaketa indibidualak borroka kolektibo bilakatuz, udalak erroldaren gain duen erantzukizuna azpimarratu nahi dugu, orain arte darabilen kudeaketa salatu eta presioa egin ezinbestekoak diren aldaketak egin ditzan», azaldu dute.  Areago: uste dute errolda izateko eskubidea aldaketa administratibo batetik harago doan kontua dela, eta premiazkoa dela «egiturazko zapalkuntza» jasaten dutenak artikulatu eta antolatzea. Halaber, azpimarratu dute prest daudela «autodefentsaz eta indar metaketaz» egoera aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.