Erroldaren aldeko giza kate bat osatuko dute maiatzaren 10ean, Bilbon

Erroldarik Gabe Bizitzerik Ez plataformak antolatu du ekintza, eta helburu du EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiei presio egitea, ahalik eta lasterren onartu dezaten egoera berezietan dauden pertsonak erroldatzeko protokoloa.

Erroldarik Gabe Bizitzerik Ez plataformak egindako agerraldi bat, artxiboko irudi batean. ERROLDARIK GABE BIZITZERIK EZ
Erroldarik Gabe Bizitzerik Ez plataformak egindako agerraldi bat, artxiboko irudi batean. ERROLDARIK GABE BIZITZERIK EZ
maddi iztueta olano
2026ko apirilaren 28a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete igaro da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrietan egoera berezian dauden pertsonek erroldatzeko arazoak dituzte oraindik ere. Horixe salatu du gaur Erroldarik Gabe Bizitzerik Ez plataformak prentsa ohar baten bidez, eta jakinarazi maiatzaren 10ean erroldaren aldeko giza kate bat osatuko dutela Bilbon. EAJri, EH Bilduri eta PSE-EEri presio egitea da ekintza horren helburua. Horretarako, haien egoitzak lotuko dituzte giza katearen bidez.

Hiru alderdi horiek egoera berezietan dauden pertsonak erroldatzeko irizpide komunak zehaztuko zituztela adostu zuten iazko ekainean. Hain justu, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak zuzenketa bat onartu zuen joan den astean, hiru alderdi horien eta Sumarren babesarekin, eta, horren bidez, egoera berezietan erroldatzeko onartutako irizpide komunen dokumentua aplika zezatela eskatu zioten Eudel Euskadiko Udalen Elkarteari. Plataformak aitortu du neurri hori «aurrerapauso handi bat» izan dela, baina salatu du hiru alderdi horiek oraindik ez dutela osatu irizpide komun horiek aplikatzeko protokolorik, eta hutsune hori erroldarik ez egiteko «aitzakia gisa» erabiltzen dela zenbait udaletan.

Hala, plataformak ohartarazi du udal batzuk ez direla neurria betetzen ari, eta gaur-gaurkoz oraindik ere ez daudela erroldatuta kalean bizi diren edota baztertuta dauden zenbait pertsona. Horren harira, prentsa oharrean nabarmendu dute gizarte zerbitzuekin hitzordua lortzeko itxaron-zerrenda gero eta luzeagoa dela. 

Askotariko egoerak

Kalean bizi direnak ez ezik, badira erroldatzeko zailtasunak dituzten beste hainbat lagun ere. Bizileku «ezaguna» baina aitortu gabea duten herritarren adibidea aipatu dute plataformakoek: «elkartasunagatik, ahaidetasunagatik edo adiskidetasunagatik» etxebizitza batean bizi direnak, etxeko langileak eta barne erregimenetako zaintzaileak. Plataformaren arabera, familia batzuek ez diete langile horiei «erroldatzeko eskubidea aitortzen».

Erroldatzeko aukera izatea, ordea, funtsezkoa da bizitzeko oinarrizko baliabideetara sarbidea izateko, hala nola «osasun, hezkuntza, etxebizitza, lan, mugikortasun, banku eta gizarte» zerbitzuetara jo ahal izateko; baita «administrazio egoera erregularizatzeko» ere, are gehiago migratzaileentzat. «Erroldaren giza katean guztientzat eskatzen da errolda, justiziagatik eta duintasunagatik», gehitu dute. 

Hala, erroldaren aldeko kanpainak ia ehun gizarte mugimendu eta eragile bildu ditu, eta horiek guztiek berretsi dute maiatzaren 10eko ekintza. Dena den, prentsa oharrean zehaztu dute aurrerapauso irmoak emateko ezinbestekoa dela «gizarte kolektiboen eta Eudel osatzen duten alderdi politikoen ahaleginak eta borondateak batu eta koordinatzea», eta «protokolo bat adostea» dela lehentasuna, duela urtebete ezarritako irizpide komunetan aldaketarik edo murrizketarik egin gabe. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA