Erroldatze sozialak «zorrotz» ez aplikatzea egotzi dio Gasteizko sindikoak udalari

Udalari gogorarazi dio herritarrak erroldatu egin behar dituela edozein baldintzatan bizita ere.

Leire Zugazua Gasteizko sindikoa. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Leire Zugazua Gasteizko sindikoa. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko ekainaren 6a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxebizitza eskuratzea eta erroldatzeko «trabak» dira Gasteizko arazo nagusiak. Hala zehaztu du Leire Zugazua hiriko sindikoak, herritarren babesleak. Iaz egindako lanari buruzko txostena aurkeztu du gaur.

Sindikoak azaldu du Gasteizen bizi baina erroldatu gabe daudenak artatzen dituztela Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, baina «unean uneko arreta» jasotzen dutela. Gogoratu du, azken urteotan Gasteizko hainbat taldek egin duten moduan, herritar horiek Gasteizen bizi baldin badira erroldan izena emanda egon behar dutela, baita jabetzarik ez badute ere. Atzo bertan manifestazioa egin zuten, egoera salatzeko

Erroldatze soziala aterperik ez dutentzako dela nabarmendu du, eta udalari egotzi dio hari buruzko instrukzioa ez duela «zorrotz» aplikatzen: «Erroldatze soziala eskatu nahi duenak gizarte zerbitzuen txosten bat aurkeztu behar du, baina Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara joaten dira txostenaren bila eta ezetz erantzuten diete. Erroldatze unitateak alde batetik, Gizarte Zerbitzuak bestetik, ez dago argi nola jokatu behar den, eta labirinto bat da».

Udalari esan dio okupatutako etxeetan bizi direnak ere etxe horietan erroldatu behar dituela. «Zentzugabea eta bidegabea iruditu dakiguke, baina legea argia da», zehaztu du. «Ez dut nik esaten, EAEko Arartekoak eta udalak esaten dute. Pertsona bat erroldatzen denean, ez da baloratzen bidezko baldintzetan bizi den edo ez, soilik bertan bizi den baizik».

Etxea lortzeko zailtasunak dituztenen eta etxea galtzear direnen kasuan, udalari eskatu dio bizkor abiatu dezala Alokabideren bitartez etxea zuzenean adjudikatzeko prozedura. Horrekin lotuta, Zugazuari atentzioa eman dio pertsona batzuk zaurgarritzat hartzen direla etxegabetzeak bertan behera uzteko, «baina ez horretarako [etxeak eskuratzeko] dauden baliabide publikoak erabiltzeko».

Leihatiletan galduta

Sindikoak agerian utzi du herritarrek «gurutze bide bat» egin behar izaten dutela administrazioarekin izapideak egiteko, «aurrena leihatila batera joaten baitira, gero bestera, hurrena beste batera». Zugazuarentzat «utopia» bat da Gasteizko Udalak erakunde bakar gisa jokatzea. Salatu du kasu batzuetan udalak ez diela erantzuten sindikoaren eskaerei, «araudiak zehazten badu ere udalak berehala erantzun behar duela».

Sindikoaren bulegoak 191 espediente berri bideratu zituen iaz, eta aurreko legealdietako 81 espediente itxi zituen. Iazko lan karga 2023koa baino %25 txikiagoa izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.