Errugabetzat jo dute Josu Urrutikoetxea Parisen

Hamar eguneko epean Espainiaratua izateko arriskua du orain. 19:00etan elkarretaratzea egin dute Donibane Lohizunen Urrutikoetxeari elkartasuna adierazteko.

Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, apirilean. YOAN VALAT / EFE
Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, apirilean. YOAN VALAT / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko uztailaren 2a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espero gabeko erabakia hartu du Parisko Dei Auzitegiak: errugabetzat jo du Josu Urrutikoetxea. Apirilean epaitu zuten, 2002tik 2005era bitartean ETAko kide izan zela leporatuta. Fiskaltzak bost urteko espetxe zigorra eta Frantziako Estatutik kanporatzeko agindua eskatu zuen haren kontra. Baina epaileak besterik erabaki du. Horiek horrela, helegitea aurkezteko aukerarik gabe utzi dute Urrutikoetxea, eta hamar eguneko epean Espainiaren esku utz lezakete. Ziburu eta Donibane Lohizuneko euskal preso eta iheslari politikoen aldeko Erantzun komiteak elkarretaratzea egin du gaur 19:00etan Donibane Lohizunen (Lapurdi), Urrutikoetxeari elkartasuna adierazteko.

EH Bairen iritziz, «berri ona» da Urrutikoetxea errugabetzeko epaimahaiak hartu duen erabakia. «Epaiak berresten du hastapenetik salatu duguna: auzi honek ez duela lekurik Euskal Herrian irekitako bake eta konponbide prozesuaren testuinguruan», adierazi dute agiri batean. Hala ere, Frantziako Estatuari dei egin diote ETAko militante ohiaren kontrako euroagindua ez dezan aplikatu, eta «bakearen eta gatazkaren konponbidearen aldeko erabaki ausarta» har dezan. «Gaurko epaiak erakusten digu garai bateko salbuespenezko logikek ez dutela etorkizunik, eta ez dagoela bake prozesua oztopatzen segitzeko arrazoirik. Bake justu eta iraunkorra eraikitzeko, ezinbestekoa da salbuespenezko neurriak bertan behera uztea». Hala, oraindik irekiak diren auzi judizial guztiak bertan behera uztea galdegin dute, eta euskal preso eta iheslari guzien etxeratzeko bidea behin betiko gauzatzea. «Presondegiak husteko garaia da, ez atzera urratsak egitekoa».

Politikoki, sinbolo berezia du Parisek hartutako erabakiak. Izan ere, 2002tik 2005erako epea Urrutikoetxeak Eusko Legebiltzarra utzi eta sasian egindako lehen tarteari dagokio. Bitarte horretan «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea egozten zion terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak. Urrutikoetxeak epaiketan aitortu zuen ETAko kide izan zela, baina ukatu egin zuen erakunde hartako buruzagi gisa aritu izana, baita bitarte horretan izandako atentatuetan parte hartu izana ere. Haren hitzetan, «gatazkaren konponbidera iristeko bideak topatzeko» eginkizuna zuen, eta erakundeko adar militarretik at zegoen.

Hainbatetan kontatu duenez, harreman eta negoziazio sailean hasi zen lanean, gerora etorriko ziren Genevako (Suitza) elkarrizketak prestatzeko. Espainiako Gobernuko ordezkariekin hainbat bilera ere egin zituen, baina, ETAko zuzendaritzak negoziazioei eman zien norabidearekin ados ez zegoenez, 2006ko irailean urruntzea erabaki zuen. Haren hitzetan, ordutik ez zuen beste traturik izan erakundearekin. 2011n lotu zuen berriz harremana, Aieteko Adierazpenaren testuinguruan; Osloko elkarrizketa saiakeran parte hartu zuen ondotik. Norvegiatik sasira itzuli zen beste behin; 2019ko maiatzean atxilotu zuten Frantziako Alpeetan. 

Espainiaratze aginduak indarrean

2019ko maiatzean atxilotu zutenean, Urrutikoetxea Espainiaratzeko lau eskaera egin zizkion Espainiako Justiziak Parisi: bina estradizio —Luis Herguetaren hilketa (1980) eta Zaragozako atentatua (1987)—; eta bina euroagindu —herriko tabernen auzia eta Barajasko 2006ko atentatua—. Frantziako Justizia sistemak ez zuen ontzat eman Barajasko atentatua oinarri zuen euroagindua, eta Espainiak bertan behera utzi zuen Herguetaren auzikoa. Gainerako biak ontzat eman zituen Parisek, eta indarrean daude. 

Abenduan, Josu Urrutikoetxearen kontrako beste euroagindu eskaera bat egin zuen Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, herriko tabernen auziarekin lotuta egindakoa zabaltzeko eskatuta. 2002tik 2019ra arte ETAren buru nagusietako bat izatea egozten dio. Ekain hasieran ontzat eman zuten Espainiaren eskaera Parisen. 

2021ean Urrutikoetxea errugabetzat jo zuen Parisko Zigor Auzitegiak. Epaileek ebatzi zuten ez dagoela nahikoa zantzu 2011-2013 aldian ETAko kide izan zela frogatzeko. Halaber, hiru magistratuek adierazi zuten negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin. Epai honen arabera, 2002 eta 2005 bitartean ere ez zen ETAko kide izan. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA