Errugabetzat jo dute Josu Urrutikoetxea. Eta, paradoxikoa iduri badezake ere, ez da berri ona harentzat. Parisko Dei Auzitegiak zigortu izan balu, epaiari helegitea jartzeko aukera izanen zuen. Eta hura aztertu bitartean Espainiaratzeko agindua ez zen betetzen ahalko. Baina errugabetzat jo du.
Alta, 2002 eta 2005 artean «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea egozten zion terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak, eta Urrutikoetxeak epaiketan aitortu zuen ETAko kide izan zela. 2002 eta 2005 artean ETAk helburu terroristak zituen, Frantziako Justiziaren arabera; dozenaka epai eman dituzte horretan oinarrituta. Beste paradoxa bat.
Defentsako abokatuak epai idatziaren beha daude epaimahaiak erabakia nola argudiatu duen jakiteko. Ez da dudarik Espainiaratzea gibelatzeko zirrikitu guziak aztertuko dituztela, baina ez da erraza izanen.
75 urte beteak dituen militante historikoa Madrilen ikusi nahi dute, eskuburdinak jantzita. Gerlako trofeo bat da Espainiarentzat.
Madrilera eramatea lortzen badute, Espainiako epaileek 2002tik 2019ra ETAko buruzagi gorena izateagatik zigortu nahi dute. Urrutikoetxeak behin baino gehiagotan ukatu du hori. Eta orain bi epai daude Frantzian, diotenak 2002tik 2005era eta 2011tik 2013ra ez zela izan kargu horretan. Beste paradoxa bat.