Ertzain promozio berrien eskutik ari da handitzen euskara gaitasuna

Ertzainen %43k dute euskara ziurtagiriren bat: 3.400ek, duela hiru urte baino 400 gehiagok. Egiturazko oztopoez ohartarazi du sailburuak

Garikoitz Goikoetxea.
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Euskaldunak gero eta gehiago dira belaunaldi berrietan, eta horren eragina nabari da Ertzaintzaren euskalduntzean ere. Euskararen egoera Ertzaintzan zertan den, datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak, eta indarra jarri du euskalduntze datuen eboluzioan. Duela hiru urte onartu zuten lehen euskara plana Ertzaintzan, gainerako administrazio eremuetan baino nabarmen geroago; aurten du indarraldia amaitzekoa. Ertzainen euskara gaitasunean emandako pausoa da nabarmenena. 2014an, 3.006 ertzainek zeukaten hizkuntza eskakizunen bat egiaztatua (B2 edo C1), eta orain, 3.437k. Portzentajetan: %38k zuten euskara gaitasuna egiaztatua duela hiru urte, eta orain, %43k. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak adierazi du belaunaldi gazteetan jarria dutela «itxaropena». Aitortu du oraindik «bide luzea» daukatela egiteko.

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuen atzo Beltran de Herediak. Euskaraz egin zuen agerraldiaren zati bat, gainera. EH Bilduk eskatu zizkion azalpenak, euskara planaren indarraldia bukatzear dela egoera zertan den jakiteko. Ebaluazioa bera ez zuen aurkeztu sailburuak, urtea amaitzean egingo baitute, baina hizkuntza gaitasunari eta ikastaroei buruzko datuak aurreratu zituen.

Aurrekontua hirukoiztu

Euskara plana egin zutenetik aurrerapausoak eman dituzte, Beltran de Herediak azaldu duenez. Batetik, ertzainen hizkuntza gaitasunari dagokionez; bestetik, baliabideei dagokienez. Dirutan, nabarmendu du 2014tik hirukoiztu egin dela aurrekontua: 2,1 milioi euro iragarri ditu datorren urterako. Horren eskutik, gorakada izan dute euskara ikastaroek: euskara ikasteko liberazioek, lanpostuko trebakuntzak, lanetik kanpoko ikastaroek —matrikula osorik pagatzen diete euskaltegira joaten diren poliziei—... Ikastaro eraginkorrak dira, sailburuaren esanetan: adibidez, liberatutakoen %56k lortu dute euskara maila gainditzea, administrazio orokorreko arrakasta indizearen goitik.

Esparru hori indartzeko zailtasunak dituztela adierazi du, hala ere. Hiru traba aipatu ditu. Batetik, lan ordutegiak: ertzainen %70 txandatan aritzen dira lanean—goizez, arratsaldez edo gauez—, «eta horrek zaildu egiten du euskararen ikaskuntzarekin bateratzea». Bestetik, ordezkorik eza: Ertzaintzan ez dago ordezko langilerik, postua duten guztiak dira langile finkoak, «eta horrek dakar liberazioak-eta ezin ordezkatzea». Eta hirugarrenik, adina: 48 urte dituzte ertzainek, batez beste.

Erretiro asko izango dira datozen urteetan Ertzaintzan, eta polizia berriak sartuko dira. Euskara gaitasun handiagoa dakarte, sailburuak azaldu duenez. Azken promozioetako gaitasun datuak jarri ditu horren adibide. Orain 26. promozioko ertzainak ari dira prestakuntza jasotzen akademian, eta denek dute gaitasunen bat egiaztatua. Eskakizunei begiratuta, B2 maila daukate 197k, eta C1 maila 43k; beste 60k maila horiek baino apalagoko bat daukate.

Agerraldia EH Bilduk eskatua zuen, eta hango legebiltzarkide Rebeka Uberak «anbizioa» eskatu zuen; adibidez, ertzain sartzeko baldintza gisa jartzea B2 maila edukitzea. Atzera begiratzeko eskatu zion Beltran de Herediak, urteotan egindako pausoak nabarmentzeko. «Datuak eskasak irudi litezke. Bidea dugu egiteko. Baina konpromiso handia dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.