Karpa berde bat. Zortzi lagun haren azpian: zazpi gizon eta emakume bat. 30 bat ertzain haiek babesten, istiluen kontrako materiala eskuetan. Dozenaka herritar ertzainen aurrean, karpa azpikoei oihu egiten eta haiek iraintzen. Tentsio uneak. Ertzainak herritarrei oldartzen. Zaurituak. Manifestazio bat. Eta herritar askoren harridura ikusi dutena ikusi eta gero.
Voxeko ordezkariak Lasarte-Orian (Gipuzkoa) izan dira gaur arratsaldean. Bertan egoteko arrazoi ofiziala «mahai informatibo bat» jartzea izan da. Mahai eta karpa berdea jarri dituzte. Alderdiaren logoa erakutsi dute. Espainiako banderak ere bai. Baina Lasarte-Orian pasatu dituzten hiru orduetan ez zaie herritarrik hurbildu informazio eske.
Iluntzean ertzainak Voxen kontra bildutako herritarrei oldartu zaizkie, eta zaurituak izan dira. Pertsona bat behintzat eraman dute anbulantzian, istiluetan izandako zauriengatik.
Plaza kartelez beteta
Voxeko ordezkariek jakinarazia zuten Lasarte-Oriako Okendo plazan egongo zirela 17:00etatik 20:00etara. Udaletxearen azpian. Haiek iritsi aurretik herritarrek egin diete ongietorria: FCK VOX idatzi dute margoz udaletxeko arkupeetan. Udal langileek ezabatu badituzte ere, bakarren bat geratu da. Plazan kartelak jarri dituzte: Faxistak kanpora, Alde hemendik, Faxismoa borrokatu, Vox kanpora...
Lasarte-Oriara joan aurretik, Gipuzkoako Vox haiei zuzendu zaie X sare sozialean: «ETA EH Bildu gure zain dago jada Lasarten. Abertzale hauentzat —marxistak dira gainera— euskal herritarrak libre izatea probokazio bat da. Lasarten eta Gipuzkoan bagaude, eta egongo gara».
17:00ak aurretik Okendo plazak Euskal Herriko beste edozein plazaren itxura izan du:Â haurrak jolasean, futbola nagusi, patineteren bat, umeren bat usoen atzetik, helduak haiei begira, terrazak bete samar... Gehienek ez zekiten minutu batzuk geroago Voxen agerraldia, ertzain saldoa eta herritarrak protestan izango zirenik. Ordurako, baina, gazte talde bat eta ertzainak plazaren inguruko mugimenduak kontrolatzen ari ziren.
Petardoa
Voxeko ordezkariak hamar minutu geroago iritsi dira, bi autotan. Iritsi orduko gazteek oihu egin diete, eta, karpa zabaltzen hasi direnerako, haiengana hurbiltzen ari ziren. Bi dozena ertzain atera dira hiru furgonetatatik, eta ez diete gehiago hurbiltzen utzi. Tentsioa izan da orduan. Pertsona batek petardo bat bota du Voxen karparen gainera, lehertu egin da, eta ertzainek aurre egin diete Voxeko ordezkariengana hurbildu diren herritarrei. Bi hesi osatu dituzte Voxeko kideen eta herritarren artean. Herritar batek probokazioei ez erantzuteko eskatu die ertzainen aurrean jarritakoei.
Ordutik aurrera, oihuak eta irainak: «Ez dugu ahazten, ez dugu barkatzen», «Faxistak kanpora», «Poliziarik gabe ez zarete ezer», «Biolentoak zuek zarete»...Â
Tentsioak, ikusminak eta eguneroko bizimoduak bat egin dute Okendo plazan. Plazaren alboetan herritarrak elkartu dira. «Zenbat boto lortuko dituzte ba horrela?», esan du batek. Harrituta zeuden gehienak: Voxi bertan mahai bat jartzeko baimena eman diotelako eta Voxeko ordezkariak babesteko 30 ertzain jarri dituztelako. «Honek ez du zentzurik», errepikatu dute batek baino gehiagok.
Azalpenak umeei
Herritarrak kontra, Lasarte-Oriako Udala kontra, eta, hala ere, Voxek agerraldia egin du herrian. Udalak berak adierazpen instituzional bat onartu du goizean Voxen agerraldiari erantzuteko. PSE-EEk, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Lasarte-Oriak onartu dute; PPk, ez. «Agenda atzerakoia» dutenen ideiak salatzeaz gain, herritarrei eskatu diete probokazioei ez erantzuteko eta agerian uzteko Voxek herrian duen babes falta.
Eta halako egoera baten erdian, galdera bat bota du emakume batek: «Zer ordura arte ezingo dute umeek plazan jolastu?». Erantzunik ez. Plazaren alboetan bildutako asko umeak izan dira. Eta umeek ikusten ari zirenaz azalpenak ematera behartu dituzte gurasoak eta helduak. Batek esan die Voxekoak «faxistak» direla; beste batek Voxekoek ez dituztela nahi «euskaldunak, migratzaileak, feministak eta homosexualak».
Voxen agerraldiaren berri izan bezain pronto, Sare Antifaxistak manifestazioa antolatu zuen. 18:00etan izan da. 70 bat lagun elkartu dira, Lasarte-Oria antifaxista lelopean. Ikurrina, estelada eta Palestinako bandera eraman dituzte. Bukaeran, antolatzaileek esan dute Euskal Herria ez dela burbuila bat, eta eskuin muturraren indartzeak eragina duela. «Eragin marjinala» dela, baina Euska Herrian ere badaudela «jokabide erreakzionarioak». «Gernika bonbardatu zutenen oinordeko» deitu diete Voxeko ordezkariei.