Joan den igandean, goizaldean, kaleko jantzita zihoazen bi ertzainek aurre egin zieten hiru pertsonari Sestaon, borra luzagarriak erabiliz; antza denez, hiru lagun horiek poliziak zihoazen bereizgarririk gabeko ibilgailua kolpatu zutelako. Liskarraren ondorioz, lagun horietako bi, 51 urteko emakume bat eta 22 urteko gizon bat, ospitalera eraman behar izan zituzten, lesioak baitzituzten. Gizonak ospitalean geratu behar izan zuen, barrabil batean ebakuntza egiteko. Andreak ertzainen kontrako salaketa jarri du, eta Ertzaintzaren barne arazoetako buruzagitzak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko.
Sestaoko Jose Antonio Agirre eta Lekube kalean jazo zen gertaera. Zebra bide bat zeharkatzerakoan, ertzainek ibilgailua gelditu zuten, «hainbat pertsona zarataka hasi zitzaizkielako eta autoa kolpatu zutelako», Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Ibilgailuak ez zeukan Ertzaintzaren bereizgarririk. Bertsio ofizialaren arabera, eztabaida baten ondoren, eskuan borra luzagarriak zeramatzatela, ibilgailutik atera ziren ertzain biak, eta «ustez polizia autoa kolpatu zutenekin jardun zuten borrokan».
Patruila auto gehiago iritsi zirenean, hiru pertsonak atxilotu zituzten: 19 eta 22 urteko bi gizon, eta 51 urteko emakume bat. Agenteei eraso egitea leporatzen diete. Atxilotuetako bi, emakumea eta 22 urteko gizona, ospitalera eraman behar izan zituzten, lesioengatik. Gizonak ospitalean geratu behar izan zuen, barrabil batean ebakuntza egiteko. «Ertzaintzako agente biak mutualitatera joan ziren, kolpeak sendatzeko», gehitu du Segurtasun Sailak.
Barne ikerketa
Sestaon gertatutakoaren ondoren, Ertzaintzaren barne arazoetako buruzagitzak ikerketa hasi du, zer gertatu zen argitzeko. Egindako lehen eginbideetako bat atxilotutako emakumearen salaketa jasotzea izan da. Segurtasun Sailak barne ikerketaren hasieraren berri ere eman dio EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari, eta Bingen Zupiria sailburuak agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean, gertatutakoa azaltzeko.