Barakaldoko emakumea bortxaz hil zutela jakinarazi du Ertzaintzak

54 urteko emakume bat hilik aurkitu zuten igande goizean, etxean, eta poliziek gizonezko bat atxilotu zuten gauean. Autopsiaren lehen emaitzen ondoren, Ertzaintza giza hilketa gisa ari da ikertzen kasua. Barakaldoko Udalak elkarretaratzea egingo du bihar.

Ertzainak, 50 urteko emakumea hilik topatu zuten etxebizitzaren inguruan, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE
Ertzainak, 54 urteko emakumea hilik topatu zuten etxebizitzaren inguruan, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE
Maite Asensio Lozano - Mikel P. Ansa
2025eko abenduaren 22a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakume baten gorpua aurkitu zuten atzo goizean Barakaldoko (Bizkaia) etxebizitza batean, eta gauean gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Halere, ikerketaren lehen orduetan poliziek ez dute hipotesirik baztertu, ez baita argi egon nola zendu zen andrazkoa; baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, autopsiaren lehen emaitzek baieztatu dute emakumea bortxaz hil zutela. Hala, giza hilketa gisa ikertuko dute heriotza hori. 54 urte zituen biktimak, eta 27 urte ditu atxilotuak. Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistatzat hartu du hilketa. Barakaldoko Udalak «gaitzespenik irmoena» adierazi du, eta elkarretaratzera deitu du biharko. 2003tik 132 emakume falta dira Euskal Herrian.

Emakumearen alabek atzo goizean topatu zuten haren gorpua, bizi zen etxean, Barakaldoko Desertu auzoko Santa Ageda Elkartea kalean. 11:30 aldera eman zuten abisua, konorterik gabe topatu zutela emakumea. Sestaoko ertzain etxeko poliziak eta sendagileak joan ziren etxera, baina ezin izan zuten ezer egin, emakumea hila baitzen ordurako. Auzi medikua eta auzitegiko ordezkaritza bat ere bertara joan ziren, eta berehala ekin zioten ikerketari. Gauean, 21:30 aldera atxilotu zuten gizonezkoa.

Segurtasun Saileko eta Ertzaintzako iturriak oso zuhur mintzatu dira ikerketaz. EITBk eta El Correo-k atzo zabaldu zuten emakumearen gorpuak bortizkeria zantzuak zituela eta giza hilketaren hipotesiarekin ari zirela lanean, baina Ertzaintzak ez du halakorik baieztatu autopsiaren lehen emaitzak izan arte, ez baitzegoen argi emakumea nola zendu zen. Hala, hilotzari egindako azterketek adierazi dute «indarkeriazko hilketa bat» izan zela.

Edonola ere, ikerketak zabalik dirau, oraindik ez baitago argi zer gertatu zen igande goizaldean. Izatez, Ertzaintzak ez du zehaztu zer egotzi dioten gizonari, ezta zer harreman zuen ere emakumearekin, baina, bertako iturriek BERRIAri azaldu diotenez, uste dute atxilotua andrearekin egon zela igande goizaldean haren etxean. Atxilotua ertzain etxean dago.

«Giza eskubideen urraketa larria»

Emakumea bortizki hil dela baieztatu denean hasi dira gaitzespen mezuak iristen. Eusko Jaurlaritza izan da hilketa matxistatzat hartzen lehena. Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Maria Ubarretxena bozeramaileak deitoratu egin du «indarkeria matxistaren beste biktima bat» egotea. Bizkaiko Batzar Nagusiek ere «erabat arbuiatu» dute hilketa: «Indarkeria matxista ez da hori pairatzen dutenen arazo pribatua, ezpada herritar guztiena, desberdintasunen agerpenik bortitzena da eta».

Barakaldoko Udalak bozeramaileen batzordea bildu du goizean, eta adierazpen instituzional bat onartu du hilketa gaitzesteko. Gogora ekarri du indarkeria matxista «giza eskubideen urraketa larria» dela, «lehen mailako gizarte arazoa», eta halako hilketak ez direla «gertaera bakanak», baizik eta emakumeen eta gizonen arteko mendekotasunean oinarritzen den «balio eta jokabide sare baten parte». Era berean, udalak «babes osoa» adierazi die biktimaren senideei, eta haien esku utzi ditu udal baliabideak.

Erasoen aurkako Barakaldoko mahaiak landutako protokoloa aktibatuta, bihar 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan, hilketa deitoratzeko. Horrez gain, udalak iragarri du auzibidean herri akusazio gisa aurkeztuko dela. Ez da protesta bakarra izango: Argitan Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeak deituta, bihar 19:00etan batuko dira Bide Onera plazan, eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak ere elkarretaratzeak egingo ditu zenbait herritan.

Emakundek ere «gaitzespenik irmoena» agertu du, eta dei egin die herritarrei gaitzespena azaltzera: «Emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, ezinbestekoa da hiritar guztien jarrera aktiboa».

Aurtengo zazpigarren hildakoa 

Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako zazpigarren emakumea da Barakaldokoa —bi Espainian erail zituzten—; 2018tik Euskal Herrian izandako erailketa kopururik handiena izango da aurtengoa. Emakume horietaz gain, ume bat ere zendu da bortizkeria bikarioaren ondorioz: 13 urteko neskato bat hil zuen haren aitak Bilbon maiatzean. BERRIAk hilketa matxisten mapan jasotako datuen arabera, 2003tik 132 emakume eta 13 ume hil ditu indarkeria matxistak.

Barakaldon, gainera, urteko bigarren hilketa matxista dute oraingoa. Hain zuzen, urtarrilaren 3an gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, 84 urteko ama hiltzea leporatuta. 

Boluetako tiroen egilearen bila dabiltza

Asteburuan hiru gizonezko atxilotu dituzte indarkeria matxistarekin lotuta. Horietako bi, Gasteizen: larunbatean, ordu erdiko tartean, bi gizon atzeman zituzten. Aranbizkarra auzoan, udaltzainek 63 urteko gizon bat atxilotu zuten, emakumezko bikotekideari eraso egitea eta hura iraintzea leporatuta. Ondoren, Alde Zaharrean, 35 urteko beste gizon bat atzeman zuten; lekukoen arabera, bikotekide ohia beste gizon batekin ikusi zuen, eta andreari eraso zion. Era berean, Tuteran (Nafarroa) 50 urteko gizon bat atxilotu dute asteburuan, 44 urteko emazteari eraso egitea egotzita, 7 urteko alaba aurrean zela. 

Gainera, Bilbon beste gizon baten bila ere badabil Ertzaintza, atzo goizaldean Boluetako Santa Ana industrialdeko diskoteketan aditu ziren tiro hotsekin lotuta. Hedabide batzuek zabaldu dutenez, igandean, 03:00 aldera, 27 urteko gizonezko bat bikotekide izana zuen emakumeari eraso egiten ahalegindu zen; lehenik, labana batez saiatu zen, eta gero pistola batekin tiroka. Ertzainek bala zorro bat eta tiro baten arrastoak topatu zituzten tokian. Gizona identifikatuta daukate, eta haren bila ari dira geroztik.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.