Ertzaintzak Galdakaoko gaztetxea hustu du

Izetu Gazte Asanbladak mobilizatzera deitu du: manifestazioa egin dute gaur, 19:00etan, udaletxetik hasita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du bi lagun ikerketapean daudela, eta bertze 35 identifikatu dituztela.

Galdakaoko gaztetxearen aldeko manifestazioa, atzo arratsaldean. GEDAR
Galdakaoko gaztetxearen aldeko manifestazioa, atzo arratsaldean. GEDAR
Isabel Jaurena.
2026ko apirilaren 18a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Galdakaoko gaztetxea (Bizkaia) hustu du gaur goizean Ertzaintzak, Izetu Gazte Asanbladak jakinarazi duenez. «Guk argi daukagu gaztetxearen aldeko borroka ez dela hemen geratzen. Inoiz baino indartsuago dago asanblada», adierazi dute gaztetxeko kideek sare sozialen bidez. Eta mobilizaziorako deia egin dute: gaur,19:00etan, udaletxetik abiatuta egin dute manifestazioa. Duela astebete zabaldu zuten gune berria, Muguruko fabrika zaharrean.

Gedar-ek zabaldu duenez, 09:00 aldera iritsi dira ertzainak eraikinera, eta polizia lerro bat osatu dute aitzinean, bertze aldean zituztela protesta egiten ari ziren zenbait herritar. Hedabideak erran du indarrez kanporatu dituztela eraikinaren barnean eta aitzinean zeuden gazteak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, berriz, adierazi du bi laguni diligentziak zabaldu dizkietela «usurpazio delitua» egotzita, eta bertze 35 identifikatu dituztela, eta haiei ere espedienteak zabalduko dizkietela, mozal legea aplikatuta —Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea— .

24 orduren buruan egiten duten bigarren manifestazioa da: atzo arratsaldean ere kalera atera ziren, gaztetxea edonoiz hustu zezaketela jakitun. Adierazi zuten «zenbait eragile eta instituziorekin» harremanak izan dituztela azken egunotan; besteak beste, udalarekin: «Udalak bere esku dagoen guztia egingo duela esan zigun bitartean, jabeari eta epaitegiari hustea azkartzeko baliabide guztiak eskaini dizkio. Hala ere, gaztetxearen aldeko borroka oraindik ez da bukatu, eta horregatik dei egiten diegu Galdakaoko gazteei gaztetxearen aldeko borrokan jarraitzeko». Eta hala egin dute: gaur goizean Ertzaintza bertaratu denerako, gaztetxea hustearen kontrako protestak nagusi izan baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA