Unai Zuluaga Igorreko (Bizkaia) Arratiko Zekorrak errugbi taldeko presidenteak lan egiten duen autoeskola miatu zuen atzo arratsaldean Ertzaintzak. Iruzurra eta administratze desleiala egotzita ari dira Zuluaga ikertzen, Gabonetako loteriaren auziarekin lotuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, epailea eta Zuluagaren abokatua miaketan izan ziren. Ikerketarekin zerikusia izan dezaketen dokumentuak bilatzea zuten helburu, jakinarazi dutenez.
Auzia maiatzaren hasieran piztu zen, errugbi taldeko loterian behar baino txartel gehiago saldu zituztelako. Maiatzaren 15ean, Ertzaintzak Zuluaga atxilotu zuen, Durangoko komisarian deklaratzera deituta zegoelako baina ez zelako agertu. Biharamunean askatu zuten, epailearen aurrean deklaratu ondoren.
Ikertzaileen arabera, badira loteriako diruaren kudeaketan iruzurra izan den zantzuak. Susmoen arabera, urteetan behar baino loteria txartel gehiago saldu izan ditu errugbi taldeak, baina inoiz ez da arazorik egon, harik eta, Espainiako Gabonetako loterian, taldeak saldutako 90.693 zenbakiari hirugarren saria egokitu zitzaion arte. Hamalau milioi euro jaso zituen klubak, eta txartel bakoitzari 9.600 euroko saria dagokio.
Hasieran sariak normal ordaindu bazituzten ere, zuzendaritza ordainketak atzeratzen hasi zen gero, kaltetuen arabera. Presidentea desagertuta egon zen hainbat egunez.
Lehen kalkuluen arabera, 2,1 milioi euro inguruko zorra zegoen, baina azken datuek erakusten dute kopurua handiagoa dela. Gutxienez 286 kaltetu daude, eta baliteke zorra 2,7 milioi eurorainokoa izatea. Maiatzaren erdialdean 143 salaketa aurkeztuak zituzten jada.