Ertzaintzak Tolosan zauritutako gaztearen auzibidea zabaltzeko agindu dute

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak eman dio agindua Tolosako Instrukzioko 1. epaitegiari. Defentsak espero du auzia berriz irekitzeak «taxuzko instrukzio bat» egiteko balio izatea, eta zenbait diligentzia eskatuko ditu.

Xuhar Pazosen kasua salatzeko mobilizazio bat, Tolosan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Xuhar Pazosen kasua salatzeko mobilizazio bat, Tolosan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko irailaren 19a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urteko otsailaren 13an, Tolosako inauterietan, Xuhar Pazos gaztea larri zauritu zuen ertzainek jaurtitako foam pilota batek, begian jo zuela eta. Zauriak betiko kalte egin dio mutilaren ikusmenari. Zer gertatu zen argitzeko salaketa jarri zuen familiak, hasieratik adierazi baitute gaztea ez zela istiluetan parte hartzen ari, festa giroan baizik. Baina epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen, iazko azaroaren 27an. Bada, aste honetan, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak auzibidea berriro zabaltzeko agindu dio Tolosako Instrukzioko 1. Epaitegian aurkakoa erabaki zuen epaileari.

Gazte zaurituaren abokatu Aiert Larrartek salatu du «biktimari deklarazioa hartu gabe» artxibatu zuela auzibidea epaileak. Hain zuzen, artxibatze idatzian epaileak esan zuen deklarazio horrek ez duela «garrantzirik».

Horren aurrean, defentsak erreforma helegite bat aurkeztu zuen, Tolosako epaitegian bertan, baina hark artxiboa berretsi zuen abenduaren 26an. Azkenik, Gipuzkoako Probintzia Auzitegira jo zuten: hark arrazoia eman zien asteazkenean, eta instrukzio epaitegiari agindu prozedura berriz irekitzeko.

Orain, defentsaren asmoa da iaz egin ez ziren diligentziei bide ematea. Zehazteko dute zer eskaera egingo dituzten, baina Pazosek, lekukoek eta Ertzaintzaren oldarraldi berean zauritutako beste emakume baten ingurukoek deklaratzeko eskatuko dute, besteak beste. «Taxuzko instrukzio bat egitea» nahi dute, Larrartek azaldu duenez.

Ertzaintzaren azalpena

Instrukzioan, epaileak Ertzaintzari agindu zion ustez Polizia hartako agenteek egindako delitua ikertzeko, eta, Pazosen defentsaren arabera, hark hipotesi bakarra eman du; hain zuzen, agenteen ustezko jokaera oker bat baztertzen duena. «Euren kabuz atera dute hipotesi hori, eurena defendatzeko. Ez ditu beste hipotesiak kontuan hartzen, ez ditu mahaigaineratzen», txarretsi du Larrartek.

Hain zuzen, Ertzaintzaren arabera, agente batek jaurtitako foam pilota batek istiluetan parte hartzen ari zen beste norbait bat jo zuen besoan Pazos gaztea begian jo aurretik, eta beste hark botila bat zeraman eskuan, Josu Erkoreka orduko Segurtasun sailburuaren esanetan. Hau da, Pazos —17 urte ditu gaur egun— errebotez jo zuela dio. Are gehiago, begian zauritutako gaztearen gain jarri zuen istiluen lekuan egotearen erantzukizuna. «Ez zegoen kasualitatez han», adierazi zuen sailburuak, eta gehitu «aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan» zegoela, «gertatzen ari zena grabatzen».

Ertzaintzaren ikerketaren arabera, «50 metrotik baino gehiagotik» egin zuten tiro agenteek, «gorputzaren beheko aldera», eta beste pertsona baten besoan errebotatu ostean jo zuen gaztearen begia foam jaurtigaiak. Beraz, ondorioztatu zuten agenteek protokoloa bete zutela.

Gertaeren kontakizun horrek ez du sinesgarritasunik familiarentzat eta gaztearen aldeko justizia eskatzen ari den plataformarentzat, Xuhar herri plataformarentzat. Hiru pertsonak jarri zuten salaketa gau hartan, Ertzaintzaren oldarraldiaren ostean zauritu eta gero. Abokatuek eta plataformak salatu izan dute jendea festa giroan zegoela eta Ertzaintza oldarka sartu zela Tolosako Alde Zaharrean, eta baztertu egin zuten foam jaurtigaiak gaztea errebotez jo zuela dioen teoria.

Ez dira ikertzen ari

Auzibidean froga garrantzitsuak izan daitezke Beotibar kaleko kamera batek jasotako irudiak. Irudi horiek ez dute argi erakutsiko gazteak errebotez hartu zuela foam pilotaren kolpea, orduko Segurtasun sailburu Erkorekak jakinarazi zuen moduan. Larrarte abokatuaren esanetan, irudiak ez dira argiak, eta ez dute egiaztatzen errebotez jo zuelako teoria, eta, beraz, ezta beste aukera batzuk baztertzen ere.

Goizalde horretan Ertzaintzaren aurkako istiluetan parte hartzen ari zirenak baino atzerago azaltzen da irudietan kolpe larria hartutako gaztea, beste hainbat bezala. Irudietan ikusten da Pazos gertaera grabatzen ari zela sakelakoarekin, eta ez zuela ezer jaurti Ertzaintzaren aurka.

Larrarte abokatuak salaketa argia egin zuen auzia artxibatu aurretik: «Ez dira Xuhar ikertzen ari: ez desordena publikoagatik, ez kale borrokagatik, ez antzeko karguengatik. Eta ez dute ikertuko ere. Argi esan behar da: beste batzuk ikertu behar dira egun horretako gertaerei loturik».

Anoetakoa ere bai

Tolosakoa ez da Ertzaintzari lotuta azken urteetan artxibatu den auzi bakarra. Hain zuzen, Larrarteren eta Iker Sarriegi abokatuen bulegoko mahaian badira beste bi. Batetik, Astigarragan bihotzekoak jota hil zen gizon baten kasua, Eneko Valdesena. Gazte horrek krisi psikotiko bat izan zuen, eta, Ertzaintza harengana joan ondoren, hil egin zen, bihotzekoak jota. Auzia artxibatzearen alde egin zuten epaitegiek, eta defentsak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo du, hura ere ertzainei eta medikuei deklaraziorik hartu gabe itxi baitzuten.

Bestea ezagunagoa da, Amaya Zabarterena. Hura, Tolosakoa bezala, berriz irekitzeko agindu zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, iazko azaroan. Martxoan, Realak eta Paris Saint Germainek Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian, buruan larri zauritu zuten Zabarte. Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen ustez, eta, gainera, gerora zabaldu ziren irudi batzuek erakutsi dute ertzain batek ostiko bat eman ziola 44 urteko emakumeari, lurrean zegoela, haren albotik igaro zenean.

Zabarte sakelakoarentzako telefono seinale bila zebilen Errondo pasealekuko errepide arteko lorategi estu horretan, inolako istilutan parte hartu gabe; handik gutxira ospitaleratu behar izan zuten, buruan kolpe latz batek eragindako zauri larriengatik, eta haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion.

Familiak jarritako salaketak ez zuen aurrera egin, ordea, eta Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuen. Azaroan, ordea, auziak bigarren aukera izango duela ebatzi zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, eta epaileak ikerketa bat abiarazi behar izan du egun horretan gertatutakoa argitu dadin.

Asteon jakin da Amaya Zabarteren auzia Eusko Legebiltzarrera eraman nahi duela haren defentsak. Aitor Sarriegi abokatuak eta Zabarteren bikotekide Joseba Novoak legebiltzarrean hartu nahi dute hitza, «Poliziak eta epaileek egin ez duten lana herritarrek aukeratutako ordezkariek» egin dezaten.

Hiru auzietarako galdera bera planteatu du Larrartek: «Ertzainak direnean ikertuak, auziak artxibatu egiten dira, diligentziarik egin gabe. Zergatik?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.