Aurrez Gasteizko auzitegi batek emana zuen ebazpena, eta EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du orain: Ertzaintzak ofizialordeak trebatzeko azkena abiatu zuen ikastaroan, euskararen puntuazioa ez zen «proportziozkoa», eta ezetsi egin behar da horregatik. El Correo egunkariak jakinarazi du albistea. Erabaki judizial horrek luzatu egin du, beraz, urteotan euskararen normalizazioaren kontra plazaratutako sententzien soka.Â
Ertzain batek abiarazi zuen auzibidea. Ertzaintzak 2022an jarri zuen martxan ofizialordeak prestatzeko ikastaroa, eta auzibideari ekin zionak desadostasuna azaldu zuen ezarritako oinarriekin, hizkuntza irizpideei erreparatuta. Aldeko epaia jaso zuen; izan ere, ebazpen hartan zehaztu zenez, euskarari emandako puntuazioa gehiegizkoa zen. Oinarri horietan jarri zen irizpidea izan zen 23 puntu ematea B1 euskara maila egiaztatzen duten ertzainei, eta 45 puntu B2 maila dutenei. Epai haren arabera, B1 hizkuntza eskakizuna ezarria dute ofizialordeek, eta horregatik ez dira egokiak hortik gorako hizkuntza irizpideak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak helegitea jarri zuen sententzia horren kontra, baina ez du lortu aldeko ebazpenik.
Lehen epaiaren berri izan zenean, Jaurlaritzak kezka azaldu zuen, erabaki hark atzeratu egingo zuelako ertzain gehiago kontratatzeko prozesua. Izan ere, 2030erako 8.000 polizia izateko helburua dute jarria. Ofizialordeak trebatzeko ikastaroen bidez ertzainak goiko maila horretara pasatzea da xedeetako bat, eta bide batez, oinarrizko mailetan tokiak hutsik uztea. El Correo egunkariaren arabera, gobernuak asmo horri eutsi nahi dio, eta horregatik ez du epaiaren kontrako helegiterik aurkeztuko orain.
Jaurlaritzako iturriek azaldu izan dutenez, mila ertzain inguruk zuten asmoa ofizialorde izateko ikastaroan parte hartzeko.Â