Ertzaintzaren arduradun batek deklara dezala eskatu du Iker Aranaren abokatuak

Arana foam bala batez zauritu eta urtebetera, «erantzukizuna» hartzeko eskatu du haren aldeko plataformak. «Fede txarrez» eta «gezurretan» aritzea leporatu die Aranak ertzainei.

Iker Arana, erdian, Errekaldeko bizilagun ugarik babestuta, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Arana, erdian, Errekaldeko bizilagun ugarik babestuta, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko martxoaren 26a
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete geroago, berriro itzuli dira Bilboko Errekalde auzoko bizilagunak Etxarri II gaztetxea zegoen lekura, eta hutsik eta hesituta dagoen eraikinaren aurrean elkartu dira, orduan gertatutakoa oroitzeko. Apirilaren 3an urtebete izango da Ertzaintzak Etxarri II gaztetxea hustu zuenetik; oldarraldian, Iker Arana auzokidea larri zauritu zuten, eta barrabil bat galdu zuen, foam bala baten kolpearen ondorioz. Urteurrenaren karietara, gaztetxe izandakoaren aurrean agertu dira Arana bera, Justizia Aranarentzat plataformako kideak eta auzokide ugari, eta balorazioa egin dute denbora tarte honetan auziak egindako bideaz: berriro ere «Poliziaren inpunitatea» salatu, erantzukizunak eskatu, eta iragarri dute auzia daraman epaileari eskatu diotela dei dezala deklaratzera ikerketapean dagoen ertzainaren arduraduna.

Auzibidearen egoeraren berri eman du Aranak, eta prozesuaren «geldotasuna» deitoratu: «Urtebete igaro da, eta guk aurkeztutako lekukoei oraindik ez diete deklaraziorik hartu». Ertzain bakarra dago ikerketapean Aranari eragindako zauriengatik: hari eta haren bertsioa berresteko lekuko gisa aurkeztutako gainerako ertzainei «fede txarrez» eta gezurretan» aritzea egotzi die Aranak. Adibidez, lekuko gisa azaldu diren poliziek deklaratu dute «beldurra» izan zutela, gaztetxearen aurrean bildutakoak botilak jaurtitzen ari zitzaizkielako. Hala ere, otsail hasieran orduan grabatutako bideo bat plazaratu zuen Justizia Aranarentzat plataformak, eta han ageri dena ez dator bat bertsio horrekin: «Argi ikusten da han ez zegoela istilurik eta inguru hura lasai zegoela».

«Bideoagatik ez balitz, zera izango litzateke, nire hitza ertzainen hitzaren kontra, eta badakigu horrelakoak nola amaitu ohi diren»

IKER ARANA Ertzaintzak zauritua

Bestalde, ertzainek deklaratu dute Aranak polizia lerroa gainditu zuela. Aranak esan duenez, hori ere gezurtatzen du bideoak: «Nik egin nuen gauza bakarra besoak altxatzea izan zen, arrazoirik gabe tiro egin zigutela aurpegiratzeko. Orduan, ertzain batek zuzenean apuntatu eta tiro egin zidan».

Bideo hori baitezpadakoa izan da auziak aurrera egin dezan. Aranaren lagunak eta plataformako kideak etxez etxe ibili ziren istilua gertatu eta hurrengo asteetan, auzokideei jazotakoaren irudiak eta grabazioak eskatzen; Aranak azaldu duenez, susmoa dute bideo hori eskuratu izan ez balute auzia artxibatu egingo zuketela: «Bideoagatik ez balitz, zera izango litzateke, nire hitza haien hitzaren kontra, eta badakigu horrelakoak nola amaitu ohi diren».

Gaztetxearen inguruan zeuden 35 ertzainek ere kamerak zeramatzaten soinean, gertatzen ari zena grabatzeko, baina, Ertzaintzak azaldu duenez, kamera horiek aztertu ondoren ez du froga bakar bat ere lortu. Horrek mesfidantza piztu du, eta, horregatik, kamera horiek grabatutako irudiak ikusteko eskatu du Aranaren defentsak, baina oraingoz ezezkoa eman diote eskaera horri.

Aranak gogorarazi du kamera horiek ia bi miloi euroko aurrekontua izan zutela, eta hainbat galdera egin ditu horren inguruan: «Zertarako balio dute kamera horiek? Zergatik itzaltzen dituzte ertzainak indarra erabiltzen ari direnean? Zer gertatu behar da kamera horietako irudiak ikusteko aukera izan dezagun?».

Beste auzibide bat

Arana ez zen izan iluntze hartan zauritutako bakarra. Beste bi gaztek salatu dute ertzainek jipoitu egin zituztela. Haietako bat, Heiko Ansotegi, agerraldian izan da lekukotasuna emateko: esan duenez, lasterka atera zen ertzainen oldarraldia hasi zenean, eta, nahi gabe, tupust egin zuen zenbait poliziarekin. «Borrekin kolpeak eman zizkidaten bizkarrean, eta lurrean nengoela ni jipoitzen jarraitu zuten». Salatu du beste gaztea ertzainen furgonetan zegoela jipoitu zutela, «iseka artean» eta eskuburdinak jarriak zituela.

Bi gazte horiek ere salaketa jarri dute, eta, mediku txostenean oinarrituta, epaileak erabaki du auzibidea irekitzea; horren ondorioz zenbait ertzain ikertzen ari dira. Gazteek ere eskatu dituzte ertzainek zeramatzaten kameretako irudiak, baina ez dizkiete eman.

Justizia Aranarentzat plataformako bozeramaile Asier Praderak esan duenez, apirilaren 3ko operazio hartan ertzainek «tiro egiteko agindua» jaso zuten, eta Eusko Jaurlaritzaren eta, bereziki, Segurtasun Sailaren «erantzukizun politikoa» nabarmendu du. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren hitzak ekarri ditu gogora: «Publikoki adierazi zuen operazioa gertutik ezagutzen zuela». Iragarri du Aranaren abokatuak eskaera egin duela ikertutako ertzainari ez ezik haren arduradunari ere deklarazioa har diezaioten.

Plataformaren iritziz, Aranari gertatutakoa ez da salbuespen bat izan, eta gogora ekarri dituzte Xuhar Pazosen eta Amaya Zabarteren kasuak. Bi-bietan, auzibideak artxibatu egin dituzte, «nahiz eta Zabarteren kasuan ertzainen bertsioa gezurtatzen duen bideo bat egon».

Protestarako eskubidea ere aldarrikatu du plataformak: «Teorian onartuta dagoen arren, Poliziak eta haien arduradun politikoek erabakitzen dute noiz, nola eta zeren alde egin daitekeen». Injustiziaren aurrean protesta egitearen «zilegitasuna» defendatu du, eta iragarri jarraituko dutela Aranarentzat justizia eskatzen. Herritarrei dei egin die «Poliziaren inpunitatearen aurka eta protesta eskubidearen alde» mobilizatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!