Ertzaintzaren oldarraldiak eta Segurtasun Sailaren jarrera

Ertzaintzaren oldarraldietan zauritutakoen zerrenda osatu dute bi urteotan, Pazosek, Zabartek, Aranak eta Ibarrak, besteak beste. Poliziaren jokabidea defendatu du beti Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, nahiz eta autokritika tanta batzuk azaldu diren.

Ertzaintza, Loiuko aireportuan, flotillako kideak jipoitzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ertzaintza, Loiuko aireportuan, flotillako kideak jipoitzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
xabier martin
2026ko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken bi urteotan, zenbait zauritu izan dira Ertzaintzaren oldarraldietan, borra eta foam jaurtigaien erabilera tarteko, eta horietako batzuk larri zauritu dira, gainera. Futbol partiden atarikoak, eduki sozialeko gertaerak, jaietan sortutako istiluak, oroimen historikoarekin zerikusia duten martxak, eskuin muturrari aurre egiteko antolatutako protestak...: askotarikoak izan dira Poliziaren oldarraldi horien testuinguruak. Zauritu batzuek auzitara jo dute justizia bila, baina arrakasta gutxi bildu, nahiz eta badiren begi baten ikusmena edota barrabil bat galdu dutenak, edota, are, bizitza kolokan izan dutenak ere, buruan kolpe larriak hartuta.

Zer-nolako jarrera izan du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak egoera horien guztien inguruan? Auzi bakoitzaren testuinguruaren araberakoa izan dela esan daiteke, baina guztietan egon da Ertzaintzaren jokabidearen aldeko defentsa argia. Hala ere, bada Segurtasun Sailaren adierazpenetan eboluzio bat azken bi urteetan: ñabardurak entzun dira, autokritika tanta batzuk tarteka, eta, Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako aktibistekin gertatutakoaren harira, barkamen eskearen kutsuko esaldi oso bat ere bai: «Sentitzen dugu Loiuko aireportuan sortu den egoera; ahalik eta lasterren saiatuko gara gertatutakoa eta izan daitezkeen erantzukizunak argitzen». Atzo, ordea, ildo hori lurperatu egin zuen Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak.

Pazos eta Zabarte

2024ko otsailean, Xuhar Pazos gazteak —orduan adin txikikoa— foam jaurtigai baten kolpea hartu zuen begi batean, Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan zela. Ez zen parte hartzen ari borroka baten ondotik sortutako istiluetan, baina kolpe larria hartu zuen, taberna baten kanpoaldean zela, eta begi baten ikusmena kasik galdurik dauka betiko. Josu Erkoreka zen orduan Segurtasun sailburua, eta hark Ertzaintzaren aldeko defentsa itxia egin zuen, Pazos gaztea susmagarri bihurtuz. Gaztea «istiluetan parte hartzen» ari zela esan zuen, ez zegoela «kasualitatez» han, eta «aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan» zegoela.

Pazosen gertaerarekin harilkatu zen berehala Amaia Zabarteren auzia, Donostian, 2024ko martxoan. Zabarte hiltzeko arriskuan egon zen ZIUan, buruan foam jaurtigai bat eta ertzain baten ostikoa hartu ondoren, ezein istilurekin loturarik izan ez bazuen ere. Are, lekukoek diote oldarraldi hura egin zenean inguru hartan «lasaitasuna» baino ez zegoela. Hala ere, Erkorekak esan zuen «jende ugari» zegoela «kalea hartzen», eta «asko mobilizatzen» ari zirela, «Ertzaintzari eraso egiteko, botilak eta harriak jaurtitzen».

Gerora, Zupiriak ildo hori baztertu, eta Zabarteri «biktimaren» estatusa onartu zion bere adierazpenetan: Ertzaintzak zauritutako emakumea «biktima bidegabea» da, harentzat, eta «eskubide osoa» dauka justiziara jotzeko. Familiari «atsekabea» azaldu zion Zupiriak, hedabideen bidez. Baina Zabarteren auzia artxibatu egin du epaileak. Zupiriak uste du Anoeta inguruan gertatu zenak «ez zuela zertan gertatu», baina «errugabetasun presuntzioa» eskatu zuen ertzainentzat.

Justizia Aranarentzat plataforma.

Arana eta Ibarra

Azken bi urteotako oldarraldi katearen beste begi bat 2025eko otsail hasierakoa da, Donostiako Manterola kalekoa. Emakume batek eta haren senideek Ertzaintzaren «jipoia» jaso zutela salatu zuten. Bada, Zupiriak «akatsak» onartu zituen atxilotze operazio horretan. «Ez daukat azalpenik akats edo zabarkeria horretarako. Abian diren ikerketek edo auzitegiek erabaki beharko dute zein izan zen gertatutakoaren arrazoia eta norena den erantzukizuna».

Bilboko Errekalde auzoko Etxarri gaztetxeko istiluetan, berriz, Iker Arana gazteak barrabil bat galdu zuen 2025eko apirilean. Gertatutakoa argi ikusi ahal izan da bideo batean. Ertzain batek, inolako probokaziorik izan gabe, foam jaurtigai bat bota zion gazteari. «Ertzain batek, aurrez aurre jarri, barrabiletara apuntatu, eta tiro egin dit», esan zuen Aranak, eta erantsi ez zuela parte hartu ezein istilutan. Beste gazte bat ere «gehiegikeriaz eta inpunitate osoz» jipoitu zuten furgoi baten barruan, lekukoen arabera. Auzi horretaz ari zela, Zupiriak esan zuen «Ertzaintzak indarra erabiltzeko legitimitatea» duela; «baina indarra ezin da indarkeria bihurtu», erantsi zuen.

Iker Aranaren auziaz ari zela, Zupiriak esan zuen «Ertzaintzak indarra erabiltzeko legitimitatea» duela; «baina indarra ezin da indarkeria bihurtu», erantsi zuen.

Iazko urtea amaitu aurretik iritsi zen hurrengo eskandalu handia Ertzaintzaren oldarraldiei dagokienez. Hispanitatearen Egunean, Falange Espainolak Gasteiz aukeratu zuen manifestatzeko, eta istilu oso larriak egon ziren faxisten eta antifaxisten artean. Ertzaintzak Falangeko kideak babestu zituen, eta Aritz Ibarra gazteak «ahoa birrinduta eta matrailezurra hautsita» zeukala bukatu zuen, ertzainaren pilotakada bat gertutik hartu ondoren.

Autokontrolaren gakoa

«Begi bistakoa da ez ginela gai izan Gasteizen segurtasuna bermatzeko», esan zuen Zupiria sailburuak, baina garbi utzita Falangearen manifestazioa «legezkoa» zela, eta haren kontrako erantzunaren «atzean zerbait antolatua» zegoela, «irudiek argi eta garbi erakusten dutenez». Ertzaintzaren aldeko defentsa itxia egin zuen sailburuak, eta antifaxisten aurka jo zuen, gogor: «Falangearen aurkako Gasteizko deialdiaren helburua Ertzaintzari eraso egitea zen».

Aurten ere izan da ertzainek zauritutakorik; horien artean, ama-seme batzuk, Sestaon (Bizkaia). Oinezkoen pasabide batean, auto batek ia harrapatu egin zuen gurutzatzen ari zen talde bat, eta autokoei kargu hartzen hasi ziren, harik eta kaleko jantzitako ertzain bi autotik jaitsi eta oldartu zitzaizkien arte. Ama-seme batzuek jipoiturik bukatu zuten, «umiliaturik», beren hitzetan, eta semeari ebakuntza egin behar izan zioten barrabil batean, hura ez galtzeko.

Zupiriak ez zuen argi eta garbi agente horien aurka hitz egin, baina aditzera eman zuen «autokontrolarekin» lotutako arazo bat egon zitekeela jazotakoaren atzean: «Ertzainaren barruan egon daitezke noizbehinka arauetatik aldentzen diren banakoen jarrerak». Eta hau erantsi zuen: «Esku hartze ofizialetan ertzainek autokontrol zorrotzari eutsi behar diote, sor daitezkeen tentsioei aurre egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA