Gero eta ertzain gehiagok jasotzen dituzte «zauriak», Esan ertzain sindikatuaren arabera, eta, «kale indarkeriaren gorakadari» aurre egiteko, Ertzaintzak berriro gomazko pilotak erabili ahal izatea eskatu du sindikatu horrek. Ohar baten bidez, Espainiako Barne Ministerioaren datuei erreparatu die: «2025eko lehen seihilekoan, istiluekin lotutako delituak %8,9 igo dira Euskadin», adierazi dute. Esan sindikatuaren arabera, horrek zera esan nahi du, «eraso gehiago» daudela, «arma zuriak gehiago erabiltzen» direla, eta «ertzain gehiago zauritzen eta artatzen» direla.
Gomazko pilotak erabili ez arren, azken bi urteotan pilatu egin dira Ertzaintzaren oldarraldietan foam jaurtigaiak erabiliz larri zauritu diren herritarren auziak; Anoeta inguruan, Realak eta PSGk iazko martxoan jokatutako partidaren atarian zauritutakoen auziak daude horien artean: Amaya Zabarterena eta Maria Martinena, eta baita A. U. inizialeko beste emakume batena ere. Hain zuen, Zabarteren salaketaren harira, sei ertzainek epailearen aurrean deklaratuko dute bihar bertan, Donostiako epaitegian; bostek ikertu gisa, eta seigarrenak, lekuko gisa.
Athletic-PSG partida
Bada, testuinguru horretan, Esan sindikatuak jakinarazi du «ulertezina eta arduragabea» dela ertzainek debekaturik izatea «gomazko pilotak botatzeko jaurtigailuak erabiltzea, eskura eduki arren». Esanen ustez, gomazko pilotak ezin botatzeak «arriskuan» jartzen ditu ertzainak, «esku hartze batzuetan indarkeria kontrolik gabe lehertzen delako». Are, sindikatuak salatu du «talde biolentoei aurre egitera» behartzen dituztela ertzainak, «ia gorputzez gorputz aritzera».
Esan sindikatuak kezka azaldu, halaber, Athleticek eta PSGk asteazkenean jokatu behar duten Txapeldunen Ligako partidari dagokion segurtasun plana dela eta. Han ariko diren ertzainei «jende andanaren kontrola egiteko segurtasun baliabide guztiak» emateko eskatu dio Segurtasun Sailari. Hala, Bingen Zupiriaren sailari «Ertzaintzaren segurtasun operatiboa hobetzeko» txosten bat igorri diote. Proposatu dute ertzainek «jaurtigaiak erabiltzeko araua» aldatzea, «taser pistolen moduko baliabideak» eskuratzea, eta polizien trebakuntza hobetzea.
«Ausardia politikoa eta berehalako ekintza» eskatu du Esanek, ustez «gora doan» indarkeriari aurre egiteko. «Ertzaintzari baliabide guztiak ematen ez bazaizkio, ezbeharren bat gertatuko da laster».