Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordea argia izan zen Rosa Zarra polizia ekintzen biktima gisa aitortzeko ebazpenean: zortzi egun lehenago Ertzaintzak jaurtitako «gomazko pilota baten inpaktuak» hil zuen 1995eko ekainaren 30ean, eta, gainera, epaitegietan ez zen «ikerketa eraginkorrik» egin jazotakoa argitzeko. Ebazpen hartan oinarrituta jarri zuen Donostiako Udalak hura omentzeko plaka bat ere, larunbatean. Esan Ertzaintzako sindikatu korporatiboak, baina, Memoriaren Eguna baliatu du bi erakundeei atzera egiteko eskatzeko, Zarraren hilketa aztertu duten adituen ebazpenari muzin egin eta erabakiak «lotsagarritzat» jota: «Historia helburu ideologikoekin berridaztea da».
Ikusi gehiago
Funtsean, ondorengo hau da Esan sindikatuaren argudioa: duela 30 urte, auzitegiek kasua artxibatu zuten, eta orduko Eusko Jaurlaritzak, Juan Mari Atutxa Barne sailburua buru, ukatu egin zuen heriotzaren eta Ertzaintzaren jardunaren arteko lotura. Hala, haien arabera, erabaki haien eta aurten plazaratu den ebazpenaren artean «kontraesan argiak» daudela kontuan hartuta, ordukoak lehenetsi behar dira.
Hortik abiatuta, sindikatuak adierazi du erabakia «justifikaezina» dela, eta Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio neutraltasun instituzionala hautsi eta Ertzaintzari «traizio» egin izana: «Erabaki hau Ertzaintzaren kontrako eraso instituzional bat da, gertuko memoriaren manipulazio politiko bat, eta Euskadi ohorez, zorroztasunez eta sakrifizioz defendatu duten profesionalen kontrako irain onartezin bat».
Ez du adierazten, ordea, non egin duen huts balorazio batzordeak bere txostenean, ez baitu haren argudioen eta ondorioen inguruko adierazpenik egin. Ebazpenean, balorazio batzordeko auzitegi medikuek pausoz pauso azaltzen dituzte Zarraren heriotzaren nondik norakoak, auziaren azterketa eginda eta nazioarteko hainbat ikerketarekin alderatuta. Hala, ondorioztatzen dute ez dagoela ebidentziarik orduko autopsiako argudioak babesteko —balbula mitrala kaltzifikatu zitzaiola—, baina bai heriotza pilotakada batek eragindako traumatismo itxi batekin lotzeko: «Badago nahikoa probabilitate estandar kausalitate harremana ezartzeko, eta aitortzeko egitateak giza eskubideen urraketa izan zirela».
Gainera, ebazpenak erreferentzia zuzena egiten dio auziaren inguruko ikerketa faltari ere, Donostiako Epaitegiko Bigarren Instrukzio Salaren zenbait jokabide jomugan jarrita: froga proposamenak kontuan ez hartzea, bertsio bat lehenestea, azterketa gehiago egitea galaraztea... Ondorioz, adituen esanetan, «ikerketa judizial sakonik» ez zen egin, eta hori ere «bizitzeko eskubidearen urraketa» bat da.
Esanen arabera, baina, prozesu judizial horiek ezbaian jartzea «egia judiziala deslegitimatzea» da, eta «herritarren konfiantza urratzeko propaganda tresna» bihurtzen du biktimak aitortzeko mekanismoa.
Egiari Zor-en erantzuna
Egiari Zor fundazioarentzat «guztiz zekena» da Esan polizia sindikatuak Rosa Zarraren oroimenez Donostiako udalak jarritako plaka kentzea exijitzea. «Onartezina da polizia sindikatu batek halako erasoa zuzentzea Ertzaintzaren biktima baten oroimen eskubidearen aurka. Gainera, giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legexedean jartzen du arreta; giza eskubideen urraketa horien artean, Rosa Zarraren eta beste hainbaten kasuan bezala, ordezkatzen duen polizia-gorputzak baliatutako bortxak eragindakoak».
Hori horrela, fundazioarentzat, «groteskoa» da poliziaren sindikatu bat pertsona baten biktimizazioa aitortzearen aurka jartzea eta, horretarako, epai judizialik ezaren errekurtso zaharkitu bati heltzea. «Jarrera negazionista, autokritikarik eza eta erantzukizunik ez hartzeko jarrera mantentzen dutenen erabilitako argudioa da. Justiziarik eza izan zen, hain zuzen ere, Rosaren heriotza eragin zuen pilotakadak sei metroko distantziatik sabelaren kontra tiro egin zuenarentzat ondoriorik ez izatea ahalbidetu zuena, hilgarriak izan zitezkeen armen erabileran dauden protokoloak indarrean egonik».
Egiari Zor-ek salatu du ikerketa eta justizia falta hori bera gertatu zela Iñigo Cabacasen, Xuban Nafarrateren, Xuhar Pazosen edota Amaya Zabarteren kasuetan, besteak beste. «Are gehiago, justiziarik eza, polizia-aparatuaren arazketarik eza eta Ertzaintzaren arduradun politikoek egileei emandako erabateko babesa dira beste polizia eredu bat eta beste justizia eredu bat behar direla erakusten duten frogarik onenak».