Donostiako Udalak plaka bat jarri du Rosa Zarraren omenez. 1995eko azaroaren 8an Ertzaintzak jaurtitako pilotakada bat jaso zuen lekuan dago Poliziaren ekintza horren biktima oroitzen duen plaka. Donostiako Udalak 37 plaka jarri ditu jadanik duela bi legealdi terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgaitasuna emateko bultzatutako egitasmoaren barruan, baina hau da Ertzaintzaren indarkeriak hildako biktima baten aldeko lehena.
Olaeta plazan, emozioak gainezka egin du. Malkoak euri tantekin nahastu dira. PP ez beste alderdi guztietako ordezkariak egon dira familiarekin batera, Jon Insausti alkatea buru izan dela. Donostiako udal bandaren doinuen artean iritsi dira Zarraren alargun Xabier Irazusta eta gainontzeko senitarteko eta lagunak. Loreak eskuetan. Isilunea txistuak eta danbolinak amaitzean. Euri artean, kanpai hotsak gertuko elizatik. Une batez, oroimena ukigarria izan da.
Segidan, Insaustik jarri du lehen lorea; berehala jarri dute berea udalbatzako ordezkariek ere: Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Ane Oiarbide (PSE-EE) eta Arantza Gonzalezek (Elkarrekin Podemos), besteak beste. PPko ordezkaririk ez da joan Zarra omentzera. Gero, senideen txanda iritsi da. Lehena, Zarraren alarguna: Xabier Irazusta; eta segidan alabak eta ilobak, bat baino gehiago malkotan, hautsita. Amieran txaloak iritsi dira, eta besarkadak. Insausti alkatea banan-banan joan da senitartekoengana; haren atzetik, beste ordezkariak: Izagirre, Oiarbide eta Gonzalez, besteak beste.

Rosa Zarraren alaba Idoia Irazustak hartu du hitza prentsaren aurrean: «Egun garrantzitsua da guretzat. Lehen omenaldi instituzionala egin diote amari, eta erreparaziorako lehen urratsa da. Udaletxeko ekitaldia ere oso polita izan da, enpatia sentitu dugu, eta gure sentimenduak azaleratzeko gonbita egin digute. Esan diet akaso ez zutela gustuko izango esan behar nuena, ez ditudala ezagutzen, baina esan behar nuela. Maider ahizpak ere hitz egin du; amarekin zegoen hementxe dena gertatu zenean, eta gehiago emozionatzen da. Amak Donostia maite zuen, eta plaka honek haren oroimena Donostiarekin lotzen du betiko».
Erreparazioa bai, baina...
Erreparaziorako urrats hori berandu iritsi da. Hori ere argi utzi nahi izan du Irazustak: «Ongi etorria da, baina berandu iritsi da; 30 urte joan dira, eta esker onekoak gara. Gure saminaren sakontasuna irudika dezakezue denek, baina min handiena gezurrak egin digu, Eusko Jaurlaritzaren kontakizun gezurti hark, gu isildu eta haiek bere gain ez hartzeko gertatu zenaren erantzukizuna. Bihotzez eskertzen diogu Jaurlaritzaren balorazio batzordeari egia atera izana. Alex Elosegi nefrologoa ere gure bihotzean da, beti eman duelako aurpegia gure alde, eta lan esparruan ordaindu behar izan duelako».
Rosa Zarraren alabak ziurtatu du sinetsita daudela Donostiako Udalak «fede onez» antolatu duela omenaldia, «sinesten dutela egin dutena», baina erreparazioa osoagoa izateko beste zerbait behar dutela erantsi du: «Norbaitek esan behar digu gezurra esan zutela, eta horrek ez zuela gertatu behar. Gure aitak 89 urte egingo ditu, eta hura hil aurretik entzun nahiko genuke aitormen hori». Juan Mari Atutxa orduko Barne sailburuari erreparatu dio Irazustak amaitzean: «Autokritika eskatzen diogu; kalte ordainak ondo daude, baina barkamena entzun nahiko genuke, ausardiaz».

Eneko Goiaren lekukoa hartu berri duen alkateak, Jon Insaustik, aitortu du omenaldia berandu iritsi dela: «Polizia ekintzaren biktima da Rosa Zarra, eta 2019tik hona hirian jarritako 37. plaka da hau. Memorian, justizian eta erreparazioan sakontzeko jarri ditugu plakak. Onartu behar dugu hiri honek bazuela zor bat Rosa Zarrarekin, urte dezente joan baitira erail zutenetik, eta gaur min hori arintzeko pauso bat eman du Donostiako Udalak; zalantzarik ez dugu: Rosa Zarra bezala, beste biktima batzuk ere zain daude noiz oroituko. Bide horretan jarraituko dugu».
Ertzaintzaren beste biktima batzuk
Gaur egun justizia eske ari diren beste biktima batzuk ere egon dira Rosa Zarraren omenezko ekitaldian. Lore eskaintza egin dute hauek: Aritz Ibarrak, Falange Espainolaren elkarretaratzearen kontrako protestetan ertzain baten foam jaurtigai batek aurpegian jo zuen gazteak; Iñigo Cabacas Ertzaintzaren pilotakada batez Bilbon hildako gaztearen ama Fina Lizeranzuk; Xuhar Pazosek, Ertzaintzaren oldarraldi baten harira begi bateko ikusmena betiko larri kaltetua duen gazteak; Amaya Zabartek, duela ia bi urte plaka jarri den lekutik metro gutxira Ertzaintzak kalte neuronal larriak eragin zizkion andreak, eta haren senar Joseba Novoak; eta Kontxi Sanchiz 2004an Hernanin Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz hil zen andrearen ilobek.

Biktima horien inguruan aritu da Jon Pazos prentsaren aurrean, Xuhar Pazosen aita. Rosa Zarraren familiari eskerrak eman dizkio bertan egoteko aukera emateagatik, eta justizia eskatu du beste ezer baino gehiago. Aurretik, Lizar Irazusta Rosa Zarra zenaren ilobak eskerrak eman dizkie Zarraren omenaldira joateagatik, eta Pazos beste biktima horien izenean aritu da. «Egia, aitortza, justizia, berriro ez gertatzeko bermeak; horiek dira euskal gizartearen gehiengo baten aldarriak. Aitortza egin diote Rosa Zarrari, baina egiaren eta justiziaren alorrean, inpunitatea orokorra izan da hamarkada hauetan». Zarraren familia «eredu» dela dela esan du Pazosek, «duintasunez borrokatu» dela aitortza lortzeko.
«Egiarik eta justiziarik ez zaio iritsi, ordea. Eusko jaurlaritzak eta Ertzaintzak ez dute bermerik eman halakorik berriz ez gertatzeko, eta hemen elkartu garenok gure azal gorritan pairatu dugu Poliziaren indarkeria. Ertzaintzak biolentzia erabiltzen jarraitzen du, eta naturaltasunez eta inpunitate osoz biktimak eragiten. Ertzaintzaren esku hartze neurrigabeak auzitan jarriko dituen justizia falta dela sumatzen dugu. Inpunitate horri amaiera emateko, Eusko Jaurlaritzaren absentzia dago; itsu-itsuan egindako esku hartze horiek defendatuko ez dituzten arduradun politikorik ere ez dugu ikusten. Bihotz-bihotzez diogu gauzak aldatzeko garaia dela. Biolentzia hori egiten ari direnak justiziaren esku jarri behar dira».
Eta arduradun politikoei akusazio bat egin die Pazosek: «Haiek ematen ez diguten babesa eta laguntza biktimen arteko saretzeak ematen digu. Espero dugu 30 urte itxaron behar ez izatea aitor dezaten Poliziaren biktimak garela».