ESK-k salatu du Arabako Foru Aldundiak murriztu egingo duela indarkeria matxistaren biktimentzako arreta

Aurrekontua apalduko dutela ohartarazi dute, eta horrek zazpi lanpostu kentzea eragingo duela. Aldundiari egotzi diote «adierazpen faltsuak eta manipulatuak» egitea, eta kalitatezko baliabide gehiago exijitu dituzte.

ESK sindikatuaren agerraldia gaur, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoan, Gasteizen. ESK
ESK sindikatuaren agerraldia gaur, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoan, Gasteizen. ESK
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko ekainaren 23a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Modu basati batean». Hala murriztuko du Arabako Foru Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei ematen dieten arreta, ESK sindikatuak salatu duenez. Sindikatuak agerraldia egin du, eta ohartarazi du aldundiak lantaldea murriztuko duela biktimentzako eta haien ardurapeko pertsonentzako egonaldi ertaina eskaintzen duen zentroan, zerbitzuaren kontratazio agiri berriaren bidez. Horrek zerbitzuaren «narriadura» eragingo du.

Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen menpe dago zentroa, eta Xilema Fundazioak kudeatzen du. Sindikatuak salatu du foru erakundeak «adierazpen faltsuak eta manipulatuak» egin dituela azkenaldian. Hain justu, aldundiak iragarri du biktimen arretarako baliabideak zabalduko dituela. ESK-k, berriz, adierazpen horren aurka egin du, «iragartzen dituen leku guztiak martxan baitaude duela zenbait hilabetetatik». Are gehiago, jakinarazi dute duela bi urtetik gaur arte murriztu egin dutela arreta jaso dezaketenen kopurua; ondorioz, zazpi familia unitate artatzetik sei artatzera igaro dira.

Bestalde, ESK-k azaldu du aurrekontua ere murriztuko dutela. Arabako Batzar Nagusiak adostutakoa baino %30 gutxiago jarriko dute biktimak artatzeko zerbitzurako. Hain justu, lizitazioaren prezioa aurrekontuetan onartutakoa baino «askoz ere baxuagoa» da, sindikatuaren hitzetan. «Arazoa, beraz, ez da aurrekontua nahikoa ez izatea, baizik eta indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta eta langileak murrizteko borondatea», kritikatu dute.

Aurrekontu murrizketak zazpi lanpostu kentzea eragingo du, ESKren arabera. Lantaldearen %38 da hori. «Zerbitzua erabat prekarizatuta» geratuko da, «kalitatezko laguntza emateko gaitasunik gabe».

Alea komunikabideak zehaztu duenez, enpresak eta aldundiak langileei esan diete beste zerbitzu batean jarriko dituztela, berehalako arreta emateko zentroan, hain zuzen. Sindikatuak, baina, esan du langileak birkokatzea ez dagoela aldundiaren esku. Gainera, Alea-k zehaztu duenez, sindikatuak ohartarazi du zentro horretara zazpi langileak eramateko bertako zazpi langile kaleratu beharko lituzketela. Langile murrizketa berregituraketa batekin «mozorrotu» nahi izatea egotzi dio ESK-k aldundiari: «Gezurrei eta informazioaren manipulazioari egiten ari diren mugimendu bitxiak gehitzen zaizkie; langileak birkokatu egingo dituztela iragarri dute, baina hori ez dago aldundiaren esku».

Erantzunik ez

Azalpenak eskatzeko asmoz, sindikatuak bilera bat eskatu zion ekainaren 5ean Gorka Urtaran Gizarte Politiketarako diputatuari. Gaur-gaurkoz, ez dute erantzunik jaso. «Hori da arreta ematen duten eta zentroetan arreta jasotzen duten pertsonekin duen konpromisoa», leporatu diote. Kontratazio agiria bertan behera uzteko, kontratazio errekurtso berezi bat aurkeztu du ESK-k. Haren iritziz, agiri horrek ez du bermatzen enpleguari eta lantaldearen baldintzei eustea.

Sindikatuak iragarri duenez, Urtaranek jendaurrean emango ditu azalpenak datorren asteko asteazkenean, eta egun hori erabiliko dute murrizketak salatzeko. Mobilizazioa egingo dute azken asteotan babesa eskaini dieten sindikatu eta gizarte eragileekin. Arreta pertsona gehiagori eman ahal izatea exijituko dute, baita kalitatezko baliabide gehiago ere, «indarkeria matxistaren biktima guztiei merezi duten arreta emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.