Eskola «erresilienteko» arrakalak: nerabeen %42k hastapeneko maila dute euskaran

Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleei egindako azken ebaluazioetako konpetentzia gehienetan bilakaera «positiboa» ikusten dela nabarmendu du Jaurlaritzak, baina hezkuntza sistemaren arrakalak agerikoak dira.

2024-2025eko ikasturtea hasteko Jaurlaritzak egindako ekitaldia Zarauzko Orokieta ikastetxe publikoan. JON URBE / FOKU
2024-2025eko ikasturtea hasteko Jaurlaritzak egindako ekitaldia Zarauzko Orokieta ikastetxe publikoan. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Erresilientzia». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren ezaugarri hori nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak orain hiru aste, Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa 2025 dokumentuaren ildo nagusiak aurkezteko Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin zuen agerraldian. Bi urtean behin aurkezten da azterlan hori, eta, besteak beste, LH Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleei egiten zaizkien ebaluazioen berri ematen da hor, matematikan, euskaran eta gaztelanian zer konpetentzia maila duten aztertuta. Iaz egindako ebaluazioak dira: Lehen Hezkuntzako 513 ikastetxetan, eta DBHko 323tan. Itunpekoetan eta publikoetan. Ebaluazio horren emaitzetan ikusi duten bilakaera «positiboa» nabarmendu zuen Pedrosak, batez ere. Behin eta berriz gogoratu zuen «tentsionamendua» handia dela hezkuntza sisteman —erronka asko batera ari dira pilatzen—, eta, hala ere, goraipagarria dela aldagai askotan gorako joera ikusi ahal izatea bi urteotan. Horregatik nabarmendu nahi izan zuen ideia: erresilientziarena. Ahultasunei ere tentuz erreparatu behar zaie, ordea. Hizkuntzen konpetentzian, esaterako, horra egoera: Lehen Hezkuntzako ikasleen %36k hasierako maila dute euskaran, apalena; DBHn, %42,2k. 

Ikerketan bertan jasota dago zer gaitasun mugatua duten hasierako maila horretan dauden ikasleek, zenbat zailtasun dituzten euskaraz aritzeko: «Proposatutako zereginak eta arazoak konpontzeko oinarrizko ezagutzak edo ezagutza osatugabeak erakusten ditu, eta, gainera, ez oso modu autonomoan egin ohi du hori». Hitza erkindua duten ikasleak dira. Gaztelanian konpetentzia maila hastapenekoa duten ikasleen ehunekoa ere aintzat hartu beharrekoa da. LHn %14 dira; DBHn, %18. Aldagai gehienetan, oro har, orain bi urteko datuekin alderatuta hobekuntza egon dela nabarmendu nahi izan du Pedrosak. Datuak aztertuta, Lehen Hezkuntzan hobekuntza hori ez da oso nabarmena. Euskarazko konpetentzian, zehazki, 2023an baino gehiago dira orain hastapeneko maila hori gainditu ezinik dabiltzanak: %33,7 ziren, eta %36 dira orain. Gaztelanian bai, hobekuntza bat egon da: orain bi urte, %20 ziren; orain, %14. Matematikan bi urtean ez da ehunekoa mugitu: %16n dago. DBHn, ordea, hobekuntza argia da; 2023an, nerabeen %52,4k ez zuten gainditzen euskarazko hastapeneko maila, eta %42,2 dira orain. Matematikan eta gaztelanian ere hobekuntza egon da.

Datu horiek ikusita, ikasle askok denbora behar dutela gogoratu du Pedrosak. «Hizkuntzak ikasteko prozesuek denbora behar dute, eta kontsolidazioa». Horiek horrela, esan du «urteekin eta eskolaratzeak aurrera egin ahala» bihurtzen direla agerikoak zentroetan egiten ari diren ahaleginen emaitzak. «Ikasleek sisteman jarraitzen badute, aldeak gutxitu egiten dira konpetentzia guztietan, oro har». Alde horretatik, nabarmendu du derrigorrezko eskolaratzea bete aurretik eskola uzten duten ikasleen ehunekoa behera eta behera aritzea aldagai oso ona dela: 2014an %9,4 ziren, eta azken txostenean, %5. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren indarguneetako bat da hori. 

Zer ikusten da ebaluazio diagnostikoko datuak zenbait aldagairen arabera aztertuta? Itunpeko sarean eta publikoan, oro har, bietan ikusi dira hobekuntzak. Hala ere, euskarazko konpetentzian ez ezik, gainerakoetan ere batezbestekoaren «gainetik» daude itunpeko zentroetako ikasleak; Lehen Hezkuntzan eta DBHn, bietan gertatzen da hori. Sareen arteko bilakaeran, hala ere, ez dago alde handirik: «ia egonkor» mantendu dira urteotan. DBHn matematikako konpetentzia da salbuespena: bi sareen arteko aldea ia hamar puntu apaldu da hamar urteotan. 

Hizkuntza ereduaren arabera ere aztertu dute gaia. A, B eta D eredu ezagunak AB, D1 eta D2 bihurtzen dira ikerketa horretan. A eta B ereduak batera aztertzen dira, eta horregatik erabiltzen dute AB izendapena. D ereduko ikasleak, berriz, bereizi egiten dira ikastetxeen hizkuntza eremuaren arabera; D1ean biztanleen erdiak baino gutxiago dira euskaldunak; D2an, berriz, euskaldunek populazioaren erdia gainditzen dute. Datuak horrela aztertuta ere, bi urteotan hobekuntza izan dela ikusten da. D2 eredukoek lortzen dituzte emaitza onenak euskarazko konpetentzian. ABkoak dira apalenak, bai itunpekoan eta bai publikoan. Hemen ere itunpekoa garaile; itunpeko D2 geruzako zentroak gailendu zaizkio publikokoari. DBHn eta Lehen Hezkuntzan, bietan, antzekoak dira joerak. 

ISEK indizea

Eta ISEK indize sozioekonomiko eta kulturalari erreparatuta? Txostenak berak egiten du baieztapena: «PISAren nazioarteko ebaluazioekin batera, 2009tik egindako ebaluazio diagnostikoek berresten dute indize sozioekonomikoa eta kulturala dela ikasleen konpetentzia errendimenduan dauden aldeekin lotura handiena duen aldagaia». Eskola segregazioari aurre egitea horregatik da ezinbestekoa. Hizkuntza ereduekin lotuta dago, hein batean. Argi jaso dute ikerlanean: «Bi etapetan, AB publiko geruzak du ISEK maila apala duten ikasleen ehunekorik handiena». Hizkuntza eredu horretan ari diren ikasleen %70 ISEK maila apal horretakoak dira. Eta sareen arteko desoreka agerikoa da berriro: «Geruza publikoetan ISEK apaleko ikasleen ehunekoa handiagoa da itunpekoetan baino. Itunpeko D1 geruzan dago ISEK handia duten ikasleen ehunekorik handiena». Eta konpetentzietan eragina du horrek: «ISEK maila handienak dituzten ikasleek emaitza hobeak lortu ohi dituzte». 

Ikasleen familia hizkuntzak ere eragina du emaitzetan. Euskara familia hizkuntza duten ikasleak LHn gaztelanian moldatzen dira okerrago, baina euskaran eta matematiketan emaitza hobeak lortzen dituzte. DBHn, berriz, denean gailentzen dira. Eta jatorriari ere erreparatu behar zaio. Euskaraz bertakoek 33 puntuko aldea ateratzen diete atzerrian jatorria dutenei LHn, orain dela bi urtekoaren parekoa. DBHn ere 33 puntukoa da aldea, eta handitu egin da orain bi urtetik. Gainerako konpetentzietan ere argia da aldea, bertako familiak dituzten ikasleen aldekoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA