Ikasle jakin batzuk, eskola batzuetara, eta gainerako ikasleak, beste ikastetxe batzuetara. Finean, horixe da eskola segregazioa. Hots: ikaslerik zaurgarrienak, dela haien maila sozioekonomikoa apala delako, dela atzerritar jatorria dutelako, eskola batzuetan pilatzea, eta beste eskola batzuek apenas jasotzea horrelako umerik.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berak aitortua du egoerari buelta emateko bidea urratu beharra dagoela, eta, horretarako, joan zen astean elkartu zen lehenengoz eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaia; Eskola bikaina denontzat deitu diote prozesuari, eta maiatzerako itun bat lortzea dute xede. Lehen bilkuran, Jaurlaritzak txosten bat aurkeztu zuen; diagnostiko bat da, eta zenbait neurri ere proposatu zituzten. BERRIAk dokumentua eskuratu du; orain, hezkuntza eragileek haren gainean eztabaidatuko dute, behin betiko akordioa erdieste aldera.
Hau ez da eskola segregazioaren aurkako lehen ekinaldia. 2023-2024ko ikasturtetik ari da Jaurlaritza eskola segregazioa murrizteko neurriak hartzen. Zera izan zen entzutetsuena: eskolek leku batzuk gorde beharko zituzten ikasle zaurgarrientzat —hezkuntza premia bereziak dituztenentzat, gizarte eta hezkuntza arrazoiengatik zaurgarriak direnentzat...—. Eskola batean lehenengo aldiz matrikulatu nahi duten 2, 3 eta 4 urteko umeen zaurgarritasun indizea kalkulatzen dute, eta galdetegi bat pasatuta ebazten dute zein ikasle den zaurgarria eta zein ez. Horren arabera kalkulatzen dute eremu bateko zaurgarritasun indizea eta ikastetxe bakoitzarena, eta eskola orok egin behar ditu ahaleginak dagokion eremuko indizera gerturatzeko.
Horixe baita helburua: banaketa orekatua. Aparteko harrabotsa eragin du ildo horretan hartutako neurri batek: ikasle batzuei ez diete beren lehen aukera esleitzen, eta beste ikastetxe batzuetara bideratzen dituzte. 2025-2026ko ikasturtean, HH2n, ikasleen %94,8ri esleitu diete aukeratutako lehen ikastetxea; hautatutako beste ikastetxe batean —ez lehenengo aukeratutakoan— sartu dira %3,3; eta hautatu ez duten ikastetxe bat esleitu diete %1,7ri. Gisa horretako doikuntzen ondorioz, eskolen %43 dagokien eragin eremuko zaurgarritasun indizera gerturatu dira; alegia, eskolen arteko desberdintasunak murriztu egin dira. Eskolen %31n, berriz, egoera ez da aldatu; eta %5 zaurgarritasun indizetik urrundu dira.
%94,8Aukeratutako lehen eskolan sartu diren haurrak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako HH2ko haurren %94,8 aukeratutako lehen ikastetxean sartu dira; %3,3, hautatutako beste ikastetxeren batean; eta aukeratu ez duten ikastetxe batera joan beharko dute %1,7k.
Beraz, Hezkuntza Sailaren arabera, lana ari da fruitua ematen: «Ikastetxeetan segregazioa murriztu egin da, oro har». Alegia, neurriek funtzionatzen dute. Horren erakusgarri, desberdintasun indizea. Zera adierazten du: zenbat ikaslek aldatu beharko luketen ikastetxez eskola guztiek ikasle zaurgarrien eta ez zaurgarrien proportzio berbera izateko. 2025-2026ko ikasturtean 2 urteko ume guztiei aukeratutako lehen ikastetxera esleituz gero, desberdintasun indizea 0,47koa zatekeen; hots, ikasleen %47 eskolaz aldatu beharko ziratekeen; Hezkuntza Sailak doikuntzak egin ostean —ikasle batzuei ez diete lehen aukera esleitu, eta beste eskola batzuetara joan behar izaten dute— desberdintasun indizea 0,42ra jaitsi da. Hiru lurraldeetan egon da jaitsiera: Araban, 0,49tik 0,45era; Bizkaian, 0,47tik 0,42ra; eta Gipuzkoan, 0,43tik 0,39ra. Indizea 0,3 baino txikiagoa bada, segregazioa txikia da; 0,3tik 0,6ra, ertaina; eta 0,6tik gora, handia.
Urteetan eragina are nabarmenagoa da. Segregazioa hainbat motatakoa da; horietako bat da atzerritar jatorriko ikasleena. «Hobekuntza txiki bat» izan dela dio Jaurlaritzak. Hain zuzen, desberdintasun indizea 2022-2023ko ikasturtetik 0,44tik 0,41era pasatu da Haur Hezkuntzan, eta 0,43tik 0,42ra Lehen Hezkuntzan; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, 0,36an mantendu da. Beraz, jatorriari lotutako segregazioa «ertaina» da oraindik ere.
ISEK Indize Sozioekonomiko eta Kultural baxua edukitzea da segregaziorako beste aldagai bat. Horri lotutako segregazioa ere «ertaina» da, baina ez dago bilakaera ikusterik, «oraindik ez dagoelako informazio nahikorik». Halaber, ebatzi dute ez dagoela hezkuntza laguntzarako berariazko premiak dituzten ikasleei lotutako segregaziorik.
Proposamen gehiago
«Bidea hasia dago, eta konpromisoa hartua». Egoerak hobera egin du; haatik, txostenaren arabera, oraindik badago zereginik: «Lehen urratsak korapilatsuak izaten dira, eta, zenbaitetan, ulertzen zailak inplikatutako pertsona guztientzat. Hala ere, inklusioaren aldeko apustua irmoa da».
Horregatik, Hezkuntza Sailak beste zenbait neurri hartzea proposatu du. Eskola eskaintzari dagokionean, uste dute zenbait neurriri eutsi egin behar zaiela: eskola postuen gehiegizko eskaintza doitzeko egungo prozedurari eta postuak erreserbatzeko ereduari, besteak beste. Gainera, uste dute beste zenbait neurri martxan jartzea aztertu beharko litzatekeela, tartean, hauek: ikasle zaurgarriak identifikatzeko beste modu bat zehaztea —egun, inkesta bidez egiten dute—, eta horiek atzemateko errentaren irizpidea ezartzea; etxetik urrun segregaziorik ez duten ikastetxeetan eskolatzen diren ikasle zaurgarrientzako garraiorako eta jantokirako laguntzak bermatzea aztertzea; eta «justifikatu gabeko kuotak eta ikasleengan desberdintasuna sortzen duten kuotak kobratzea kontrolatzea».
Familiei zuzendutako esku hartzeei dagokienean, zera nahi dute, besteak beste: udal bulegoak abian jartzea, «ikasle guztiek hezkuntza testuinguruari buruzko informazio osatua eta fidagarria izan dezaten», eta baliabide gutxien dituzten familiei garraiorako eta jangelarako laguntzak ematea eta horiek badaudela jakinaraztea.
Eskolei ere begiratu asmo dute. Txostenaren esanetan, segregazioa duten eskolak «ahalduntzea» izango dute xede. Horretarako, zenbait neurri martxan jarri ote daitezkeen aztertzea nahi dute: irakasleak hautatzeko ereduak diseinatzea, «egokienak, eskarmentudunenak eta konprometituenak zaurgarritasun egoerarik handieneko ikastetxeetan sartzeko lehentasuna dutenak izan daitezen»; ikastetxe horietan eskola jangelak, eguerdiko zaintza eta eskolaz kanpoko jarduerak bermatzea, bereziki, bigarren hezkuntzako ikastetxeetan; eta zaurgarritasun handia duten ikastetxeetan «gizarte balio eta ospe handiko ekitaldiak» antolatzea.
Horretaz gainera, administrazioek «batera jardutea» sustatu nahi dute. Horretarako: eskola segregazioaren aurkako tokiko itunak sustatuko dituzte eta eragin eremu bakoitzeko ikastetxeen «elkarrekintza ereduak» zehaztuko eta gidatuko dituzte, ikasle zaurgarrien eskolatzea modu orekatuagoan egiteko.
mahaiaren prozesua
- Urriaren 15a. Lehen txostenari egindako zuzenketak aurkeztu ostean, azken diagnostikoaren dokumentua aurkeztuko dute.
- Urriaren 29a. Itunaren «ikuspegia, misioa, balioak eta printzipioak» jasoko dituen lehen dokumentua onduko dute.
- Azaroaren 12a. Akordioaren «ikuspegiari, misioari, balioei eta printzipioei» egindako ekarpenak aurkeztuko dituzte, eta behin betiko dokumentua erdietsiko dute.
- Abendutik apirilera. Saio bat egingo dute, «lan eremuak aurkezteko eta lantaldeak eratzeko, eta, horrez gain, helburu espezifikoak eta esku hartzeko metodologia definitzeko». Gero, lantaldeen barne bilerak izango dituzte.
- Apirilaren 15a. Lehenengo proposamenak azaldu eta proposamen horiek hobetzeko ekarpenak jasoko dituzte, eta dokumentu bat prestatuko dute.
- Maiatzaren amaiera. Eskola segregazioari aurre egiteko behin betiko neurriak onartuko dituzte, «arduradunak esleituta eta gauzatzeko epeak ezarrita».