Eskolen bateratze prozesuetan Jaurlaritza «gardentasunik» gabe ari dela salatu dute Steilasek eta ELAk

Bi sindikatuek agerraldiak egin dituzte Hezkuntza Sailaren jarrera kritikatzeko.

Steilas sindikatuko ordezkariak, gaur Bilbon egin duten agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Steilas sindikatuko ordezkariak, gaur Bilbon egin duten agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urtarrilaren 28a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aldebakarreko jarrera» da Steilasen arabera. «Gardentasunik eta adostasunik» gabeko jokabidea ELArentzat. Sindikatu biek antzeko hitzak erabili dituzte gaur, deskribatzeko Eusko Jaurlaritzak nolako jarrera duen eskoletako bateratze prozesuetan. Lehenago ere egin izan dituzte eskolen bateratzeak, espero izatekoa da ikasle kopurua apaldu ahala halakoak ugaritzea, eta lehengo astean jakin zen, hain justu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bateratzeak egingo dituela Bizkaiko beste hamabi ikastetxe publikotan. Bada, bai Steilas eta bai ELA kalera atera dira gaur Bilbon, salatu nahian prozesuok bideratzeko urratsetan jokabide okerrak ikusi dituztela. Hain zuzen, Steilasek agerraldi bat egin du, eta ELAk protesta bat, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ordezkaritza parean.

«Ezkutuan gauzatutako prozesuak dira», salatu du ELAk. Jaurlaritzaren arabera, eskola segregazioa apaltzea eta matrikula kopuru txikiari aurre egitea da bateratzeen helburua. ELAko kideek uste dute, ordea, «murrizketa prozesuaren» ondorio direla bat egiteak. Nabarmendu dute hezkuntza kalitatea hobetzeko politikak martxan jartzeko baliatu beharko litzatekeela ikasleen gutxitzea. «Ikasle gutxiagoko ikasgelak izanda, irakasleen lan baldintzak eta ikasleen ikas baldintzak hobetuko lirateke». Presazko bilera bat eskatu diote Jaurlaritzari kontuoz aritzeko. 

Jaiotza tasaren jaitsiera «aitzakia bat» da Steilasko kideen ustez ere. «Urteotan Hezkuntza Sailak izan duen utzikeriaren adierazle dira bat egite hauek». Gogoratu dute planifikazio bilerak izaten direla halako gaien inguruan mintzatzeko foroa, baina administrazioak ez dituela baliatu nahi izan langileen ordezkariei argibideak emateko. «Informazio falta nabarmena izan da, eta hurbileko irakasleen bidez jaso ditugu berriak», azaldu dute. Uste dute, gainera, neurri horien bidez eskola publikoa «ahultzea» duela helburu Jaurlaritzak: «Azken hamarkadetako hezkuntza politika pribatizatzaileei jarraipena emateko hautua egin du». 

(ID_15726204) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2026-01-28, Bilbo. ELA sindikatuak eskola publikoaren aldeko elkarretaratzea eg...
ELA sindikatuaren protesta, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Lehengo astean Hezkuntza Sailak aurkeztu zituen bateratze planak Bilbon, Basaurin, Getxon eta Leioan gauzatuko dira. Hamabi eskolatan egingo dira, eta denera sei ikastetxe bihurtuko dituzte.

Hezi+ programa

ELAren gaurko agerraldian Hezi+ deituriko proiektua ere salatu dute. Hain zuzen, esan dute haren bidez irakasleak «zuzeneko ordu gehiago» egitera behartuko dituztela. «Ebazpen hori maiatzean Eusko Jaurlaritzak berak gainerako sindikatuekin sinatutako akordioaren kontra doa». 

Segregazioaren aurkako mahaiaren bosgarren bilera

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abian du eskola segregazioaren kontrako neurriak zehaztuz joateko mahai bat, eta gaur, hain justu ere, bosgarren bilera egin dute prozesuan parte hartzen ari diren eragileek. Jaurlaritzak gogoratu du sistema «ekitatiboago, inklusiboago eta kalitatezkoago bat» lortzeko lan ildoak lantzen ari direla, eta prozesua «aurrera» doala. Gaur, zehazki, zaurgarritasun handiko testuinguruetan eskolak ematen ari diren bi ikastetxetako profesionalen lekukotasunak izan dira saioaren ardatzetako bat. Hezkuntza Sailak prozesu «plurala eta adierazgarria» dela nabarmendu du gaur ere, baina eragileak elkarrizketarako mahaitik alde egiten ari dira, pixkanaka. Asteon, esaterako, LAB sindikatuak esan du ez dela gehiago joango. Ez da erabaki hori hartu duen bakarra: Steilas eta ELA ez dira bilera bakar batera joan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.