Esku hartze sozialeko langileen baldintzak administrazio publikokoekin parekatzea galdegin dute Iruñean

LAB sindikatuak deituta, protesta egin dute Nafarroako Lan Epaitegiaren parean. Helburu nagusia sektorea publifikatzea bada ere, hurrengo hitzarmen kolektiboan «soldata arrakala murriztea eta lan osasuna hobetzea» galdegin dute.

LABek deituta, esku hartze sozialeko langileek protesta egin dute Iruñean. BERRIA
LABek deituta, esku hartze sozialeko langileek protesta egin dute Iruñean. BERRIA
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko urriaren 21a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esku hartze sozialeko langileak «langile publikoak» direla aldarrikatu dute Iruñean. LAB sindikatuak deituta, 30 bat langilek protesta egin dute Nafarroako Lan Epaitegiaren parean, patronalari eskatzeko urratsak egin ditzala «soldata arrakala murrizteko eta lan osasuna hobetzeko». Hirugarren lan hitzarmen kolektiboa adosteko negoziazioen harira egin dute protesta.

Esku hartze sozialaren sektoreko lan gatazkak ez die Nafarroako profesionalei soilik eragiten. LABek, esaterako, Langile publikoak gara dinamika abian jarria du Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. «Ekinbide horren bidez, diru publikoarekin finantzatutako lanpostuak publifikatzeko eskatzen da, baita horien kudeaketa administrazio publikoak zuzenean bere gain hartzeko ere», adierazi du sindikatuak gaurko agerraldian. Nafarroari dagokionez, LABek aukera gisa ikusten du hitzarmen kolektiboaren negoziazioa abiatu izana, eskaera horiek betetzeko bidean «aurrera egiteko».

Iaz sinatu zuten sektoreko bigarren hitzarmen kolektiboa, eta orduko hartan, zenbait aurrerabide jaso zituzten zurian beltz; besteak beste, lanaldia pixkanaka murriztea, 2028an urteko 1.592 ordura iritsi arte. «Beste lan baldintza batzuk, ordea, bermatu gabe geratu ziren orduko hartan», esplikatu du LABeko ordezkari Maitane Errok. Oraingoan, soldatetan eta lan osasunean egin dute azpimarra: «Aspalditik ari gara lanean publifikaziorako bidean, eta, negoziazioa zabalik denez, tresnatzat erabili nahi dugu parekatzea lortzeko bidean aurrerapausoak eman ahal izateko. Helburu nagusia da soldata arrakala murriztea eta lan osasunaren alorrean ere neurri batzuk onartzea, langileok egunero jasaten ditugun erasoei aurre egin ahal izateko».

Erasoak lantokietan

Izan ere, sindikatuak salatu duenez, esku hartze sozialeko langileek «ohikoak» dituzte erasoak lantokietan. Halakorik gerta ez dadin zenbait tresna ezartzea proposatu du LABek, «erakunde bakoitzaren egoera errealaren berri izateko». Bestalde, protokoloak diseinatzeko eta martxan jartzeko eskaera ere egin du negoziazioan: «Protokolo horiek prebentzioa izan beharko dute ardatz, laneko segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeko».

Azkenik, sindikatuak iragarri du borrokan segituko duela lan baldintzak parekatzearen alde, eta mobilizazio gehiago antolatuko dituztela datozen asteetan, «hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrerapausoak izan daitezela eskatzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA