Afariak banatzeko baimena eman diezaietela erregutzen ari dira KAS Kaleko Afari Solidarioak ekinaldiko boluntarioak, baina, aldi berean, taldea desagerraraztea nahi dute, seinale izanen litzatekeelako herritar guztien eskubideak bermatuta egongo liratekeela: gizarte zerbitzuek «dagokien» lana egingo lukete, eta inor ez litzateke kale gorrian biziko. Baina hori ez da Donostiako egoera.
Taldeko kideek agerraldi bat egin dute gaur Donostian, udaletxeko atarian, erantzun bat emateko udalari: «Zuen alternatibak, integrala bada, ezin ditu kanpoan utzi pertsona batzuk». Gibelagotik dator kontua, Jon Insausti Donostiako alkateak hitzeman baitzuen alternatiba bat bilatuko zuela kaleko afari solidarioak debekatu ondotik; alegia, «zerbait» egingo zuela otordurik gabe geratuko zirenentzat. «Baina oraindik ez dakigu ezer: ez noiz etorriko den alternatiba, ezta inoiz etorriko den ere», esplikatu dute KASekoek.
«Egun hauetan asko hitz egin da kopuruez, baliabideez eta ustezko alternatiba integral batez», gogorarazi dute. Eta galdera bat bota: «Udalaren alternatiba horrek zer baliabide bermatzen die orain arte egunero afari bero baten bila KASera joaten zirenei?». Bertze modu batera erranda: afariak debekatzeak ez duela erran nahi afaldu beharra desagertu denik.
Sei urte daramatza KASek «urteko 365 egunetan» afariak banatzen, udaleko zenbait baliabidek egiten dutenaz gainera. Gaueko Aterpea harrera zerbitzua udalarena da, eta 22 toki ditu gosarietarako eta afarietarako, eta txandaka antolatzen dituzte toki horiek. Harrera Sozialerako Udal Zentroak, berriz, 30 toki ditu, eta gosaria, bazkaria eta afaria ematen ditu, baina erabiltzaileak hiru hilean behin egon daitezke bakarrik, eta gehienez ere bortz egunez. Bertze adibide batzuk ere eman dituzte: «Aukerak programak hirurogei gosari eta afari hartzen ditu, Villa Saliak astean berrogei poltsa ematen ditu elikagai hotzak bilduta, eta Otorduak programak bazkaltzeko 65 toki ditu egunean».

Hemen doa kontua: «Baliabide horiek ez dira elkarren baliokideak, eta ez diete elikadura osoa eta egonkorra bermatzen kalean bizi direnei». Hau da, orain arte KASera joaten zirenek ez daukatela afaririk bermatuta. «Udalak gure afarietara etortzen zirenei arreta emateko baliabide nahikoak, irisgarriak eta egokiak sortuko balitu, ez lukete afarien beharrik izango, eta KAS desagertu egingo litzateke». KAS desagertu ahal izateko, baina, ez da aski izanen afariak debekatzea. Existitzea beharrezko egin zuten arrazoiak desagerrarazteko exijitu dute, eta modu bakarra ikusten dute hori lortzeko: «Eskubideak bermatzea».
Alternatiba, eskasa
Udalak, arazo hori ikusirik, alternatiba bat proposatu du: Otorduak 2.0 programa. Horrek ehun toki gehiago lituzke, baina badago tranpa txiki bat: Otorduak programaren itxaron-zerrendan ehun pertsona inguru daude, eta urtebete darama zerrendak itxita. Beraz, Otorduak 2.0 programak ehun toki gehiago eskainita ere, KASen afaltzen zutenek afaririk gabe jarraituko lukete.
«Eredu berri horrek, gainera, ostalaritza establezimenduetan janaria banatzea dakar», kontatu dute, eta salatu hori ez dela «eredu integral bat» aurkeztea. «Muturreko zaurgarritasunean dagoen pertsona batek ez du janaria soilik behar. Entzuna izan nahi du, konfiantzazko harremanak sortu, eta orientazioa eta dagozkion baliabide eta eskubideak jaso behar ditu».
Bidenabar, KASek salatu du udalak «behin eta berriz» jarri diela zalantzan beren lan eredua, eta ibilbide pertsonalizaturik ez egitea aurpegiratu diela. «Gure lanari buruz zer daki udalak baieztapen hori egiteko?», galdetu dute kideek. Eta alkatearen erranak gezurtatu: «Sei urte hauetan, pertsonei laguntzen aritu gara, tramiteetan lagunduz, entzunez, orientatuz, eta gure lana erakunde eta zerbitzu sozialekin koordinatuz». Erran dute, gainera, KASen asmoa «sekula» ez dela izan gizarte zerbitzuak ordezkatzea. Izan ere, hain ustez, lagun egiteko lan komunitarioak ez du ordezkatzen zerbitzu publikoen esku hartze profesionala; aitzitik, «osatu egiten du».
Udalaren «hutsuneak»
Bada alkateak berak boluntario taldeari aurpegiratzen dion bertze kontu bat: elkartasuna «desegoki» kudeatzea. Horri bidegabekeria deritzo KASek, sei urtez «ehunka» boluntario janaria prestatzen, antolatzen, garraiatzen eta laguntzen aritu direlako, eta, gainera, haien asmoa ez delako izan «udalaren lana egitea». «Udala asetzen ari ez zen behar bati erantzun diogu».
Uztailaren 30ean Insausti alkatearekin bildu ziren KASeko kideak, eta elkarlana proposatu zioten, «elkarrekin lan egiteko eta irtenbideak bilatzeko». Alkateak ez zuen horretarako borondaterik erakutsi, eta ezezkoa eman zien: «Ez zen elkarrizketa prozesurik izan gure eredua hobetzeko. Afariak debekatzeko aldebakarreko erabakia egon zen, eta gero polizia etorri zen».
Azkenik, salatu dute «bereziki larria» iruditzen zaiela afariak delinkuentziarekin lotzea, udalak erran ondotik bi gai horien artean «lotura zuzena» dagoela. «Udalak esan nahi du KASen borondatez parte hartu dugunak delitugileak garela jarduera hori egiteagatik?». Hirian bizikidetza arazoak daudela erran zuen Insaustik, horregatik debekatuko zituela afariak, eta orain KASeko kideek erran diote hel diezaiela arazo horiei «politika publiko egokien bidez», eta ez leporatzeko errurik «bazterturik dauden pertsonei».