'Parot doktrina'. Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena

Eskubideen bideari lotzeko eskatu dio Herrira-k Espainiako Gobernuari

Mugimenduaren ustez, «eskubideak errespetatuz bakera hurbiltzeko aukera itzela» eman dio Estrasburgok MadriliPresoen eta senideen bizitzarekin «jolasean aritzeko aroa» bukatu dela dio Etxerat-ek

Esnal eta Ugartemendia Herrira-ko kideak, Igarataundi preso ohia alboan dutela. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar-Jon Rejado
Bilbo-Gasteiz
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
«Garrantzi handikoa» da, Herrira mugimenduaren ustez, Estrasburgoko Auzitegiak 197/2006 doktrinaren inguruan emandako epaia. Ines del Rio preso edukitzea legearen kontrakoa dela esateaz gain, doktrina bera ez dela legezkoa ebatzi duela ulertu du Herrira-k. «Estatu demokratiko batek» orain egin behar lukeen «urrats logiko bakarra», beraz, Del Rio askatzeaz gain doktrina bertan behera uztea litzatekeela deritzo. «Espainiako Gobernuak, doktrina ezarri zaien 80 presoren baino gehiagoren egoera konpondu behar luke, eta doktrina aplikatzeari utzi; zigorra bete duten preso guztiak aske utzi», adierazi dute Amaia Esnalek eta Manu Ugartemendiak Herrira-ren izenean. Ez hori bakarrik. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Gobernuari konponbiderako bidea hartzeko aukera «itzela» eman diola ere uste dute, eta hori baliatzeko eskatu diote.

«Gobernuak ez luke aukera hau pasatzen utzi behar, eskubide guztiak errespetatuz bakera hurbildu eta soluzioetarako bide demokratikoekin konprometitzeko», adierazi dute. Bide horretan, «bizi guztiko zigorra» bertan behera uztearekin batera, sakabanaketa politika eta bakartzea ere amaitu behar lituzkeela uste dute, eta gaixo dauden presoak zein zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak askatu behar lituzkeela, besteak beste. «Gatazka konpontzeko bidean alde guztiak eskubideen printzipioei lotzea funtsezkoa dela uste dugu», adierazi dute Herrira-ko kideek. Hori Espainiako Gobernuak «egiteke duen urratsa» dela diote, eta Estrasburgoko epaiak «horretarako deia egiten» duela.

Beste 30 kasu aztertzeke

Herrira-k jakinarazi duenez, 80 bat euskal presori eragin die doktrinak, eta horietako batzuk espetxealdi luzamendua ere beteta kalean dira. 67 dira doktrina ezarrita egun kartzelan daudenak. Estrasburgoko Auzitegiak, doktrina ezarri zaien beste 30 bat euskal presoren egoerak aztertuko ditu aurrerantzean.

Hainbat preso ohirekin eta euskal gizarteko pertsonarekin egin du agerraldia Herrira-k. Horien artean izan da Paco Letamendia EHUko irakaslea. Azken urteetan demokraziak izan duen gainbeheraren ondoren, «giza eskubideetan sakondu eta demokrazia bere onera ekartzeko unea» dela aldarrikatu du.

«Aitzakiarik gabe»

Etxerat-ek ere Parot doktrina aplikatuta duten preso guztiak «berehala» askatzeko«exijitu» dio Espainiako Gobernuari. «Euren bizitzarekin eta gurearekin jolasean aritzeko garaia amaitu da», nabarmendu du Mattin Troitiño euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteko kideak Gasteizen emandako prentsaurrekoan. «Jada bete dugun zigorra luzatzen jarraitzeko aitzakiarik gabe gelditu dira».

Ebazpena Ines del Rioren kasura mugatzen dela gogorarazi du Troitiñok, baina, aldi berean, 197/2006 doktrina bera «guztiz» baztertzen duela nabarmendu du. «Senide eta lagunok hainbestetan salatu dugun bizi osorako espetxe zigorraren aurka egiten du». Etxerat-ek «mendeku gosea» bukatzeko eskatu du, eta doktrina horren ondorioz espetxeratuta jarraitzen duten presoen giza eskubideak urratzen ari direla gogora ekarri du.

Era berean, Troitiñok gaineratu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena «euskal herritarrok lortutako garaipen bat» izan dela. «Guztiok urteetan egindako lanaren erakusle eta horren guztiaren ondorio zuzena da». Horrenbestez, «euskal gizarteari» eskerrak eman dizkie presoei eta horien senide eta lagunei emandako babesagatik.

Ordea, Parot Doktrina Espainiako Gobernuaren «espetxe politika ankerraren baliabide nagusia» dela azpimarratu arren, beste «salbuespeneko» neurriak ere amaitu beharra dagoela gaineratu du. Hori dela eta, Etxerat-ek berretsi du gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoek etxean egon behar dutela, eta sakabanaketa politika amaitu behar dela. Alde horretatik, Herrira mugimenduak biharko gauean antolatu duen kandela gaueko ekimenetan parte hartuko duela jakinarazi du.

Halaber, «salbuespenezko» neurri horien ondorioz euskal presoek jasan dituzten erasoak gogorarazi ditu Etxerat-ek: Aitor Liguerzana euskal presoak Foncalenteko espetxean (Alacant, Herrialde Katalanak), eta Ibon Goieaskoetxea, Ruben Ribero eta Julen Mujikak Villefranche-sur-Saonen (Frantzia) jasotakoak.

«Osagai bat, bertan behera»

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak «sekulako garrantzia» aitortu dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiari. «ETAko presoen aurkako mendeku politikaren funtsezko osagai bat bertan behera utzi du». Horrenbestez, Parot Doktrina indargabetu, eta bakeari lagunduko dion espetxe politika egiteko eskatu du. Espainiako Barne ministroak epaia jakin ondoren izandako jarrerari «kutsu totalitarioa» antzeman diola azaldu du Agirrezabalak. EAk auzi horren inguruko proposamen bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.