Eskuin muturreko bi militante epaitu zituen atzo Baionako Auzitegiak, Baionako balkoi batetik arma batekin tiro egiteagatik, eta etxean armak edukitzeagatik. Iragan astean atxilotu zituzten biak, Hiriburun, eta atzo pasatu ziren epailearen aitzinetik. Bietako bati zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, gibelapenarekin, armak edukitzeagatik eta airean tiro egitean jendea arriskuan ezartzeagatik. Bigarrenari isun bat ezarri diote kalamua edukitzeagatik, armen kategoriari dagokion akats bat zegoelako prozeduran; horrenbestez, ezin izan dute armak edukitzeagatik kondenatu.
Bigarrenak indarkeria aurrekariak ditu: 2022an, Besançonen (Okzitania), NPA ezkerreko alderdiko militante bat zafratu zuen, eta horregatik kondenatua izan zen. Eskuin muturreko Vandal Besak talde bortitzeko kide izandakoa da, eta baita Frantziako armadako soldadu izandakoa ere. Besançonen inguruan jarduten duen talde neonazia da Vandal Besak: hainbat kide kondenatuak izan dira eraso arrazistak eta antifeministak egiteagatik. Hiriburuko haren etxebizitzan, Vandal Besak taldearen ikurrak eta ikur naziak atzeman zituzten, baita armak ere. Haren arabera, D kategoriakoak dira denak, bildumakoak, eta legalki erosiak. C kategoriako armak legez kanpo edukitzea leporatzen zioten; baina ikerketan ez dute zehazki jaso zer kategoriatako armak aurkitu zituzten haren etxean; haren abokatuak delitu horregatik zuri dezatela galdetu zuen, beraz. Prozedura akats horrengatik, ez dute armak legez kanpo edukitzeagatik kondenatu ahal izan.Â
Zortzi hilabeteko kartzelaldia ezarri zioten gizonaren etxean ere arma anitz atzeman zituzten, Sud Ouest egunkariak jaso duenez: hainbat eskopeta, 31 labana, granada bat, matxete bat eta altzairuzko ukabil bat atzeman zituzten. Hark esplikatu du bildumako armak direla, baina, ikerketaren arabera, B kategoriako armak ere bazeuden: halakoak edukitzeko, baimen bereziak behar dira, eta, beraz, horregatik kondenatu dute, baita eskopetarekin tiro egiteagatik ere.Â
Bildumako armen arazoa
Azkenaldian zer esana eman du bildumako armak eskuratzeko erraztasunak: eskuin muturreko militanteek bildumako armen inguruko lege hutsunea baliatzen dute armatzeko. Funtsean, horri aurre egiteko lege proposamen bat aurkeztu zuen iragan astean Peio Dufau Ipar Euskal Herriko diputatuak. Izan ere, D kategorian sailkatuak dira bildumako armak, eta, horrenbestez, libreki eros daitezke Frantziako Estatuan. 18 urtetik gora izatea da halakoak erosteko baldintza bakarra. Federico Martin Aramburu Miarritzeko errugbilari ohiari tiro egin zioten eskuin muturreko bi militantek 2022ko martxoan, bildumako arma historikoekin. «Lau urte eta erdi zain egon ondoren, epaiketak agerian utzi ditu suzko armak eskuratzeko eta edukitzeko araudiaren eskasiak», argudiatu zuen Dufauk lege proposamenean. Â
 Funtzionalak diren bildumako armak gutxienez C kategorian sartzeko eskatu du diputatuak, eta, beraz, horiek eskuratzeko baldintzak zorrotzagoak izan daitezela.